Jon Garmendia
Idazlea

«Suta»

Ziburuko Disko eta Liburu Azokan elkartu nintzen Su Ta Gar taldekoekin aspaldiko partez. Xabi Bastida lagun preziatua zorrotz, betiko modura, 1994an Etxarri Aranatzen egin zen lehen Gazte Topaguneari buruzko anekdotak aipatzen, laguntza handia eskaini baitzuten hura aurrera ateratzeko. Musika taldea baino zerbait gehiago zen orduan Eibarkoena, gazte problematika eta mugimenduarekin konprometituak, hitzez eta ekintzez, Euskal Herriak bere nortasuna aldarrikatu eta askatasunaren bidean harritxoa jartzeko prest. Ez nintzen «heavy»-aren maitale, baina Eibarkoen kantuek epika zoragarria lantzen zutela iruditzen zitzaidan, musika estilo batetik harago zihoan energia bizigarria. Xarma eta arima, elkarrekin ongi ezkontzen diren bi osagai.

Halako zerbait ikusiko zuen Alex Tellok, Su Ta Garren abestien bidez “Sua” komikiaren gidoia idatzi zuelako, eta Julen Ribas ilustratzailearekin generorik eta herririk ez duen Sua gaztearen fikzioa sortu. Hau aurkezten zebiltzan Ziburun, eta oparitu egin zidaten, zinez maitatu dudan artelan bat. Horra ene gomita berau eskura dezazuen. Atzo bete ziren 34 urte Ondarroako gaztetxean lehen kontzertua eskaini zutenetik. Aitor Gorosabel, Asier Osoro, Borxa Arrilaga eta Xabi Bastidaren argazki batekin adierazi zuten, hasierako laukotea, lau ileluze irribarretsu. Gerora ileak galtzen joan dira, baina zaleei eta maite ditugunoi ileak puntan jartzen dizkigu oraino euskal agertokiari eman dioten aberastasunari behako ttipi bat emate soilak.