GARA
DONOSTIA

Hegaluzearen kanpaina kuotaren %53,5era iritsi da

Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Elkarteak jakinarazi duenez, 18.100 tona hegaluze kontsumitu dira dagoeneko, 2022rako esleitutako kuotaren %53,5.

Hondarribiko saregile bat, portuan lanean.
Hondarribiko saregile bat, portuan lanean. (Jon URBE FOKU)

Baxurako hegaluzearen kanpaina aurtengo kuotaren erdira iritsi da; %53,5era hain zuzen; guztira 18.100 tona kontsumitu dira, Kofradiak, Gipuzkoako Baxurako Arrantzako Ekoizleen Elkarteak, jakitera eman duenez. Ohar baten bidez Kofradiak jakinarazi duenez, astelehen eta astearte honetan Hondarribiko, Pasaiako, Getariako, Ondarroako eta Bermeoko lonjetan egindako salmentekin, «2022rako esleitutako kuotaren %53,50 kontsumitu da dagoeneko», eta, azken bi urtetako kanpainekin alderatuta, «aurtengoa pausatuagoa izaten ari da, harrapaketa ez hain bortitzekin eta banatuago».

Datuekin berretsi dute. «Kuotaren %50 gainditu den aste hau, iaz arrantzaldia ixtea erabaki zen aste bera da», gogorarazi du Kofradiak. Ildo horretan, irailean ere baxurako hegaluzea izango dela aurreikusi du Kofradiak. Adierazi dutenez, baxurako euskal arrantzaleek azpimarratu dutenez, aurtengo kanpaina «hegaluzearen arrantzaldiaren normaltasunera gehiago hurbildu da, azken bi kanpainak benetan biziak eta laburregiak izan baitziren (abuztuaren erdialdean itxi ziren)».

Hegaluzearen kuota banatzeak sektoreari «asko lagunduko liokeela» adierazi dute arrantzaleek, «baina hegaluzearen sarrera geldoagoak azken kanpainetan baino batezbesteko prezio altuagoak lortzea» ahalbidetzen duela ere onartu dute. Halaber, 2022rako kuota «historikoa» dela azpimarratu dute, «inoiz ez baita hain kuota handia izan, eta, gainera, jasangarritasunaren MSC zigilua du, eta horrek erakusten du hegaluzearen stockaren osasuna ona dela».

Gainera, aditzera eman dutenez, baxurako arrantzaleak «hegaluzea arrantzatzen ari dira Kantauri itsasoko hainbat eremutan, eta ontzidiaren zatirik handiena kostaldetik oso urrun ez dagoenez, marea motzagoak egin eta aparteko kalitateko arraina ekar dezakete». Kofradiak gogorarazi duenez, «baxurako hegaluzea erraz identifika daiteke arrandegietan ‘Eusko Label’ etiketari esker». Etiketa horrek «produktuaren kalitatea bermatzen du, bai eta produktuaren trazabilitatea eta arrantzategien eta itsas baliabideen iraunkortasuna ere», nabarmendu dute euskal arrantzaleek.

Bestetik, espainiar Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioaren datuen arabera, EAE da pertsonako arrantza produktuen kontsumo handiena duen espainiar Estatuko autonomia erkidegoa. 28,8 kilo urtean kontsumitzen dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrek. Nafarrak ere Estatuko batezbestekoaren (22,72) gainetik daude eta urtean 25,59 kilo kontsumitzen dituzte. Etxeko arrantza produktuen kontsumoa nabarmen jaitsi zen 2021ean 2020arekin alderatuz. Kontuan izan behar da konfinamenduak eragin handia izan zuela horretan.