Basolangile bat hil da Zeanurin zuhaitz mozketa lanetan ari zela izandako istripuaren ondorioz

Basolangile bat hil zen atzo Zeanurin zuhaitz mozketa lanetan ari zela izandako istripu baten ondorioz. Lakuako Segurtasun Departamenduak jakitera eman zuenez, istripua arratsaldeko lau eta erdiak aldera gertatu zen. Sindikatuek emandako datuen arabera, dagoeneko 51 langilek galdu dute bizia aurten lanean. Zeanuriko istripua baino ordu gutxi batzuk lehenago, LAB, ELA, ESK, Steilas, EHNE eta Hiru Oiartzungo Lanbarren industrialdean elkartu ziren astelehenean bertan gertatutako 52 urteko garraiolari baten lan heriotza salatzeko. Elkarretaratzea eguerdian egin zuten “Lan istripu gehiagorik ez! Prekaritatea hiltzailea” lelopean. Jon URBE | FOKU