GARA
BRUSELA

NATOk esku hartzeko prest dagoela gogorarazi die Serbia eta Kosovori

Jens Stoltenberg NATOko idazkari nagusiak Serbiari eta Kosovori bren arteko tentsioak baretzeko eskatu zien eta gogorarazi zuen KFOR misioa esku hartzeko prest dagoela.

Serbiako presidente Aleksander Vucicekin hitz egin ondoren, NATOko buruak erantzukizuna eta neurritasuna eskatu zien bi aldeei, eta ohartarazi, ezegonkortasuna arriskuan jartzen bada NATO prest dagoela «ingurunea segurtatzeko eta Kosovoko komunitate guztien mugimendua bermatzeko edozein neurri hartzeko».

Stoltenbergek NATO «aktore neutrala» dela ziurtatu zuen eta KFORen helburua komunitate guztien segurtasuna bermatzea dela, «baita serbiarrena ere». «Ez dugu gatazkan sartuko gaituen ezer egingo», gaineratu zuen. «Beharrezkoa balitz, indarra mugituko dugu, gure presentzia areagotuko dugu. Iparraldean presentzia handitu dugu, eta behar izanez gero jardungo dugu, betiere proportzioz», adierazi zuen.

Duela aste batzuk tentsioak izan ziren Serbiako komunitateak muga-pasabideak blokeatu zituelako; Kosovon sartzean Serbiatik zetozen pertsonek beren nortasun-agiria entregatzeko agintzen duen lege baten aplikazioa salatu nahi zuten -agiri horien ordez Pristinan emandako beste batzuk jasoko zituzten-.

Stoltenberg Kosovoko lehen ministro Albin Kurtirekin ere elkartu zen eta gaur Serbiako eta Kosovoko buruzagiek Europar Batasuneko buruekin ere hitz egingo dute, betiere eszeptizismo giroan.

Vucicek ostegunean Kosovoko agintariei leporatu zien Kosovo iparraldeko serbiarrak hiltzeko prestatzen ari direla; Kurtik, berriz, Serbiak, Errusiak bultzatuta, Kosovoren aurkako gerra has lezakeela aipatu du berriki.