GARA
IRUÑEA

Pirinioetako familiek ikasleentzako garraio hobekuntzak eskatu dituzte

Garralda, Erronkari, Zaraitzu, Luzaide, Erro eta Auritz bailaretako hainbat familiak salatu dutenez, Nafarroako Gobernuak ez du bermatzen gazteek hezkuntza sisteman jarraitzeko berdintasun eraginkorra, «ez baitu garraiorako eskubidea bermatzen».

Pirinioetako familien kontzentrazioa Iruñean, 2021ean.
Pirinioetako familien kontzentrazioa Iruñean, 2021ean. (Pirinioetako Familien Elkartea)

Beste behin ere, Pirinio inguruko 17 familiak, bertako udalen babesarekin, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatu diote batxilergo edo Lanbide Heziketako ikasleentzat dauden garraio arazoak konpon ditzala.

Leire Remiro, egoerak erasandako ametako bat, arduratu zen atzo Iruñean Hezkuntza Sailean erregistratu zuten dokumentua aurkezteaz. Bertan, egoerari buruzko informazioa eta familiek arazo horren aurrean proposatzen duten konponbidea jasotzen dira. Adierazi zuenez, Garralda, Erronkari, Zaraitzu, Luzaide, Erro, Auritz eta Aurizperri bailaretako hainbat familiak urteak daramatzate irtenbide bat eskatzen: «Nafarroako Gobernuak ez du bermatzen gure gazteek hezkuntza sisteman jarraitzeko berdintasun eraginkorra, ez baitu garraiorako eskubidea bermatzen», adierazi zuen.

Azaldu zuenez, familia bakoitzak bere baldintzak ditu, bizi diren eremuaren arabera. Batzuek eskola-garraioa dute, baina ibilbide «ez oso praktikoekin» eta transbordo askorekin; beste batzuek, berriz, «nahikoa ez den» dirulaguntza dute. «Laguntza horrek ez du eragozten gurasoek garraiatu behar izatea seme-alabak, askotan lan-ordutegietara egokitu behar izanez».

Pisua alokatzera edo ikasle-egoitza ordaintzera behartuak

Katixa Agorreta auzotar gazteetako bat da. Datorren urtean Barañainen ikasiko du batxilergoa, eta garraiobiderik ez duenez, «oso garestia den ikasle-egoitza batean plaza hartu» behar izan duela azaldu zien komunikabideei.

Izan ere, Pirinioetako familiek urteetan bilatu behar izan dituzten irtenbideetako batzuk egoitzak edo pisuak dira, Remirok azaldu zuenez. Urtean 6.000 euro arteko kostua izan dezakete.

«Egoitzan tokirik izan ez banu, ez dakit zer egingo nukeen, ez baitut familiarik Iruñean, ezta non geratu ere. Uretatik Barañaineraino joan beharko nuke egunero, seguruenik autoz, baina ez dakit nork eramango ninduen», gaineratu du Agorretak.

«25 minutu eta ordubete arteko lekualdaketez ari gara, eta askok ezin dugu bidaia hori egunero egin», gaineratu zuen Remirok.

Epe luzerako irtenbidea

Horregatik, berretsi zuen ez dutela «ikasturte honetarako ‘apaño’ bat bilatzen, baizik eta epe luzerako benetako irtenbide bat, arazo horrek urtez urte hor jarraituko baitu».

Nabarmendu zuen eskubidez dagokiela garraio hori, eta, gainera, azken urteetan familiak berak aritu direla irtenbide bat bilatzen. Zehazki, dokumentuan aipatu dute arazoa bederatzi plazako bi ibilgailurekin konpon daitekeela. Bakoitzak ibilbide bat egingo luke ordutegi desberdinean.

Horren harira, Remirok argitu zuen proposatu duten konponbideak 59.500 euroko kostua duela, gutxi gorabehera. «Ez zaigu iruditzen Administrazioak bere gain hartu ezin duen kostua denik», gaineratu zuen.

Hezkuntza Departamentura joan ondoren, Parlamentura jo zuten; bilera bat eskatu diote Hezkuntza Batzordeari, eskola-garraioaren antolaketa eta funtzionamendua eta banakako laguntzak arautzen dituen 35/2022 Foru Agindua aplikatu ondoren sortutako egoeraren berri emateko.

«Arazoari konponbide bat bilatzeko gure lan egiteko prestasuna aurkeztu diogu hainbatetan Hezkuntza Sailari. Badakigu zaila dela gure inguruko garraioa kudeatzea, baina lor daiteke», adierazi zuen Remirok. Hala ere, salatu zuenez, Gobernuak oraindik ez die haien eskakizunei erantzun. «Ea oraingoan lortzen dugun», esan zuen Agorretak.