Abel CAMACHO ROMERO
IkastarONline egitasmoaren arduraduna eta UEUkidea
KOLABORAZIOA

Hezkuntza eta teknologia: kezkak, erronkak eta ekimen bat

Ikasturte berria ate joka dugu, eta, boladan ohiko bihurtu denez, arazoz eta kezkaz beterik datorkigu hau ere. Hor dugu, esaterako, LOMLOE izeneko hezkuntza lege berria. Ikasturtea hasteaz bat izango da indarrean, baina horretara egokitzen diren curriculum diseinuak oraindik ez dira behin betikoak, EAEn behintzat.

Teknologiak hezkuntzan duen rolaz eta egitekoaz ari garela ere, egoera kezkagarriak bat baino gehiago dira. Pandemiari esker, adibidez, testuinguru hibridoak ugaritu egin dira, birtualitatearen eta presentzialitatearen arteko mugak lausotuz; oraindik ere hezkuntza sistemak eskura duen azpiegitura teknologikoa ez da behar bezain aberatsa, ezta ugaria ere. Era berean, instrumentalismo teknologikoan erortzea errazegia da, teknologia jakin baten aldeko hautu egokiak hezkuntza praktika hobetu dezakeelakoan. Ildo horretatik, eredu teknopedagogiko kritikoen gabeziak testuinguru aniztasun horretako funtsezko alderdiak (ikastaroen diseinu didaktikoa, interakzioaren kudeaketa, e-jardueren ezaugarriak edo ebaluaziorako prozedurak, adibidez) aztertzea eta interpretatzea oztopatzen du.

Horiek gutxi ez, eta kezka handiz ikusten dugu eskoletan software jabeduna erabiltzeko indartzen ari den joera. Diru publikoa gure burujabetza teknologikoaren kontra erabiltzeaz gain, ikasleen nahiz irakasleen pribatutasuna erraldoi teknologikoen esku uzten ari gara. Horregatik, ezinbestekoa da botere publikoetako teknologiarako politika gidalerroak berrikustea eta kode irekiko aplikazioen alde egitea.

Bestalde ere, 2022ko maiatzean irakasteko konpetentzia digitalaren erreferentzia-markoa eman zen argitara BOEn. Horrek zehaztu ditu irakasle orok eskuratu behar dituen konpetentzia digitalak, hezkuntza premiei erantzuteko eta irakasle funtzioak bete ahal izateko. Denera, 6 arlotan banatutako 23 konpetentzia deskribatu dira, eta akreditazioari begira, 6 maila ezarri ere, (A1 eta A2 mailak irakasle berriei begirakoak; B1 eta B2 ikasgelan esperientzia duten irakasleei begirakoa, eta C1 eta C2 berrikuntza sustatzen dutenei zuzendutakoa). Halaber, 2022ko uztailaren 1eko ebazpenaren bidez ezarri zen akreditazio-prozesu hori nola egingo den. Zehaztutako egutegiaren arabera, autonomia erkidego bakoitzak urtebeteko epea izango du akreditazio araudia prestatzeko. Hartara, 2023ko urritik 2024ko ekainera bitartean, irakasle guztien %80k izan beharko dute akreditazioa.

Egoera horren aurrean, Udako Euskal Unibertsitateak (UEU) ekimen garrantzitsu bat jarri du martxan, 50 urte betetzen dituen honetan: ikastarONline. Horren bitartez, software libreko Moodle ikasgela birtuala euskarri hartuta, online ikastaroak sortzen trebatzeko ikas-ibilbide estandar bat diseinatu du, denera 120 orduko lan-karga duena eta lau modulutan egin daitekeena, ikasleen premiei egokitzeko asmoz.

IkastarONlinek etengabeko garapen teknologikoak hezkuntzari egiten dizkion ekarpenak eta sorrarazten dituen arazoak ulertzeko eta interpretatzeko ikuspegi kritikoa eskaini nahi du, norberaren irakasteko konpetentzia digitalaren garapenari eraginez eta kode irekiko tresna teknologikoen erabilera didaktikoak norberaren testuingurura egokitzen lagunduz.