Jose Manuel BUJANDA
KOLABORAZIOA

Jon Paredes «Txiki»-ri

Onar eta utz iezadazu Txiki, arren Jon Paredes Manot, eustea oso zaila zaidan emozioz lerro hauek zuri idaztea, zeren aldi baterako distantzia eta hurbiltasun pertsonala nostalgia zail eta korapilatsuan nahasten zaizkidala eta nautela sumatzen dut. Dena galdu zenuen, Txiki, dena, izan izateko ahalmen guztia, zeren eta bizitza osoa tiroka kendu eta lapurtu zizueten. Ez zaitut ahazten, ez dut nahi, ezina zait lagun eta burkidea, karikaturazko epaiketa baten ostean frankismoaren hondarrean fusilatua izan zinena jada duela 47 urte, 1975eko irailaren 27ko egunsentian, hain zuzen. Eta ipar haizearekin, euri bustiarekin eta kresal zaharraren usain sarkorrarekin, inoiz baino gehiago nahi eta desio dut zazpi euskal lurretan gizaki izateko eskubidea eta egoera behin betiko gailentzea beste edozein konturen gainetik. Txiki, hiltzea, beste gizaki baten bizitza eta izatea lapurtzea ezberdin pentsatzeagatik, ez zen inoiz zuzena izan; aitzitik, beti gaizki egon da, dago eta egongo da. Beharbada, Txiki, hasieratik oker geunden.

Horixe da daukadan pertzepzioa, ia mende erdiren iragateak ematen duen talaiaren sentimendua eta konbentzimendua; hura akats tragiko izugarria izan zela ohartzea oso tristea zait; geure ahalegin hura akats hilgarri erradikal, etiko, politikoa izan zen, tragiko eta izugarria, erabateko hondamendi batean eratorri, deskonposatu eta gupidagabeki usteldu zena. Jakina baita nola hasten den bortizkeria borroka politikoan tresna gisa, baina ez nola garatzen den eta are gutxiago nola eta noiz bukatzen den. Urte luze hauetan, Txiki, gauza asko aldatu dira eta sakon Euskal Herrian. Donostiako Kontxako tamarindoak, batez ere zaharrenak, bihurrituak eta erdi eroriak, ezinbestean ordezkatu dituzte paisaia bizirik eta iraunkor mantentzeko, baina bai, egia da, beste batzuek historia errespetatzen jarraitzen dute eta, beraz, ipar haizeak bere ohiko kresal usainarekin horiek astintzen eta okertzen jarraitzen du, batzuetan guztiz hautsi arte. Gaur eta hemen, etorkizuna erronka bilakatzen zaigu, ez dago aitzakiarik, eta uste dut denon egitekoa dela eskua elkarri ematea, eta gure Euskadi honetan bakea, adiskidetzea eta bizikidetza behin betiko konkistatzeko betebeharra den erronkarekin hain zuzen ados izango zinetelakoan nago.

Eta oraindik garaia da, bakeak, adiskidetzeak, normalizazioak eta bizikidetzak ere posible izan behar dutelako baita geure Euskadin ere. Lortzen ari gara, nahiz eta oraindik urratsak egin behar diren. Lortuko dugu. Horretan gaude. Jakinaraziko dizut. Egunsentian tiroz tiro jo zintuzten haiek, krimenaren eta frankismoaren sikario eta morroiek. “Eusko Gudariak” abestu zenuen azken hatsa eman arte. Faxismoaren bengantza antzua, kolpista hiltzaile haren azken makurkeria. Ez zinen bakarra; argiaren eta itxaropenaren borreroek, gau ilun sekulakoek, harresiaren aurrean ere, beste lau bizitza akabatu zituzten; horietako bat beste euskaldun batena, Angel Otaegirena. Hildakoen dantza madarikatua. Berandu gosez etortzen zirenek horrela nahi zuten, eta sinestera heldu ziren, lurraren sustraiak erauzi eta biharko haizea izoztuko zutela. Gogoan zaitut, ezin ahaztu, Txiki. Euskal Herrian zenbat euri egin duen! Eta egunsentian desio dut, jadanik lorerik gabeko hirugarren milurteko honen udazken berri honetan, etzanda zauden euskal lurra arina, leuna eta geldia izan dakizula. Betirako atseden.

Gaur, Txiki, ia mende erdi geroago, egunsentian, eta indarkeria politikoaren ukazio etiko erradikalean, zutaz gogoratzen naiz, beti bihotzean. Agur Txiki, beti arte Jon Paredes. Ez zaitut inoiz ahaztuko. Eternitatean elkar ikusiko dugu ostera. Ez adiorik, ‘egun handi hori arte’ baizik. Zure lagun, adiskide eta burkide izan naizen eta naizen Bixar.