Josebe BLANCO
Artzaina
GAURKOA

Landa-eremuaren eta mendiaren industrializazioa

Azken egunotan hainbat menditan aerosorgailuak jartzeko asmoek duten oinarrizko adostasunak galderak, kezkak eta beldurrak sortu dizkit. Denak batera, eta agian nahasian. Lehenik, galdera xume bezain oinarrizko bat, mendian bizi den honentzat: zer funtzio betetzen du landa-eremuak gaur egungo erabaki estrategikoetan? Nik esango nuke, politikagintzan dihardutenen begiradan, lau funtzio dituela, nagusiki, hurrenez hurren:

- Ingurune urbanoan nahi ez diren azpiegiturak kokatzeko espazioa: zabortegiak, erraustegiak, industrialdeak...

- Ingurune urbanoak bere funtzionamendua ziurtatzeko behar dituenak eraikitzeko lekua: errepide/autobideak, AHT, goi-tentsioko lineak...

- Ingurune urbanoan bizi direnentzako aisialdirako lekua: turismoa, kirola, bigarren etxebizitzak...

- Pertsonentzako elikadura sortzea.

Lehendabiziko bi funtzioak, gehienetan, batera joaten dira, eta kapitalismoa asetzeko beharra dago horien atzean. Aisialdirako funtzioaren oinarria guztiz ulergarria da: denok behar dugu natur espazioarekiko harremana, behar dugu sentitu lurra bere espresio guztietan. Oinarrizkoa izan arren, zenbaitetan, batzuek etekina atera nahi diete herritarrari eta landa-eremuari edozein modutan eta ondorioak kaltegarriak izanagatik. Elikaduraren funtzioa apenas ez da aintzat hartzen, nahiz eta denok jan behar dugun. Zoritxarrez, askotan, landa-eremuaren berezko eginkizunari erreparatzen zaionean ere ustiatzeko joera hori ez da desagertzen, eta lurra, animaliak eta pertsonak zukutu egiten dira, inongo erreparorik gabe.

Hain zuzen ere, ikuspegi estraktibista horrek dakar, ezinbestean, landa-eremuan bizi garenon ikusezintasuna. Gure bizilekua ustiatzeko lekua da, beti hiriari begira eta ekonomia jakin bat elikatzeko. Hirian eta hiritik hartzen dira erabakiak: boterea han dago. Dena handik eta harako antolatzen da, eta sailak eta departamenduak izendatu arren, hemengo biztanleok jarraitzen dugu zerbitzu gutxiago izaten eta oinarrizkoak direnetara heltzeko ere, zailtasunak; are gehiago erregaien prezioak kontuan hartuta. Zer esan baserri isolatuetan bizi garenon egoeraz... Ikusezinak gara askorentzat; espazio guztiz despertsonalizatua da landa-eremua hiriarentzat. Hasi kirol-probak antolatzen direnean eta buka goi-tentsioko linean edota aerosorgailuak jarri direnean.

Hori horrela izan arren, herri txikietako eta mendietako biztanleok geure espazioaren jabe egin behar dugu, landako eta mendiko begiradatik, eta politikarien eta instituzioen aurrean ozen esan hemen bizi garela -bizi bere zentzu zabalenean- eta industrializatu nahi dituzten mendi horiek gure herri, baserri eta bizitzen parte direla. Badugu espazio hau babesteko ardura, interes ekonomiko partikularren gainetik. Publikoa dena herriarena dela entzun behar dute: ezin da poltsiko pribatuetara bideratu. Jaso genituen lurra eta mendia ez dira orube eta ez gureak soilik: gure ondoren izango direnena ere badira, eta zortea badute, aukera izango dute bertatik jateko haiek eta haien komunitateak.

Landa-eremua eta mendia industrializatzeko gogo horri muga jarri beharko diogu, elkarrekin, herritarrek eta mendikook, denon hobe beharrez. Mendiaren industrializazio hori zuritzeko erabiltzen diren «berriztagarri» eta «jasangarri» hitzen benetako esanahia mahai gainean jarri beharko dugu berriro ere. Energiaz ari garela, hiztegiak ondorengoa dio.

Berriztagarri: «Ia agorrezina den natur-baliabide batetik datorrena».

Jasangarri: «Ekologian eta ekonomian bereziki, denbora luzez mantendu ahal dena, baliabideak agortu gabe edo ingurunean kalte larria sortu gabe».

Izan ere, mendiak aerosorgailuz jostea ez da ez berriztagarria ez jasangarria. Planteatzen ari den eran ez, inondik ere. Izan enpresa pribatua ala publikoa. Esan dezaten bestela, zer egingo duten, hemendik 25 urtera, gailu horien bizitza agortzen denean, mendiak lehengoratzeko. Zer egingo duten eraikiko dituzten pistekin. Zer egingo duten lur azpiko kable-sarearekin. Zer egingo duten elektrizitate hori jasoko duen azpiestazioarekin. Gakoa ereduan dagoela esango nuke.

Eredu aldaketa ezin da geratu gailuak ordezkatze huts batean. Ekologikoan lan egitea zereala eta bazka ekologikoa ematera mugatzen ez den bezala. Baserri baten sistema osoak aldatu behar du: hasi tamainatik -animalia kopurua...- eta segi lurraren eta animalien maneiuarekin, salmenta ereduarekin... Hau da, buruan egin behar dugu aldaketa, eta hori hedatu etxalde osora, jakin baitakigu azaleko aldaketek eraginkortasunik ez dutela eta maiz arazo iturri direla.

Gaira itzulita, balio dezala gaur egungo egoerak sistema osoa birpentsatu eta aldatzeko, errotik. Abia gaitezen hemendik: mendiari eta landa-eremuari metro bat gehiago kendu ez. Ezer industrializatu baino lehen, has daitezen aztertzen, zintzoki, jada eraikita dagoen horretan zer egin daitekeen pertsonen bizitza kontuan hartuta. Neur dezagun zenbat kilowatt behar diren, baserriz baserri, atariz atari, enpresaz enpresa, eta muga dezagun kontsumoa dagoen egoerara. Har dezaten aintzat desazkundea, beldurrik gabe, horrek ez baitu esan nahi gaizki bizitzea, baizik eta zentzuz bizitzea eta ez mugez gaindi. Ezin dugu, finean, erokeria honekin jarraitu eta geratzen zaigun eremu natural apurra industrializatu.

Aldi berean, komunitatean landa-eremuak duen funtzioa birpentsatu egin behar da. Espazio hau ezin da izan inork nahi ez duenaren edukiontzia. Hemen bizitza dago, baita pertsonena ere. Jada ekarpena egiten diogu gure komunitateari: funtsezkoa, gainera. Janaria sortzen dugu eta horren bitartez zaintzen dugu mendia. Bestelako ekarpenik egin behar badiogu komunitateari, zentzuzkoa izan dadila eta ondorengoengan pentsatuta. Hitz egin dezagun berdinetik berdinera, agintekeriarik gabe eta errespetuz.