Haritz LARRAÑAGA
SURFA

2023ko CT zirkuituko txapelketen zerrenda aurkeztu du WSL erakundeak

Aurtengoaren oso antzekoa izango da 2023ko CT zirkuitua, formatu eta txapelketa berberez. Aldaketa bakarra: Kelly Slaterren igerilekua itzuliko da.

El Salvadorren ere izango da CT itzulia. WORLDSURFLEAGUE.COM
El Salvadorren ere izango da CT itzulia. WORLDSURFLEAGUE.COM

WSL erakundeak 2023ko CT zirkuituko txapelketen zerrenda jakinarazi du. Iaz bezala, guztira, hamaika txapelketa izango dira; hau da, hamar txapelketa gehi Trestleseko Final Handia. Formatua ere berbera izango da. Hortaz, lehen bost txapelketen ostean, lehiakide kopurua erdira jaitsiko da eta kaleratuek Challenger Series mailan lehiatu beharko dute, denboraldi berriari begira lehen mailan zuten postua berreskuratzeko.

Hamar txapelketen ostean nesken zein mutilen rankingeko lehen bost lehiakideek Trestleseko Final Handian lehiatzeko pasea eskuratuko dute eta han erabakiko da 2023ko munduko txapeldunak nortzuk diren.

Lehen mailako zirkuitua Hawaiin hasiko da urtarrilaren 29an, Pipeline urautsi famatuan, eta bigarren txapelketa ere Hawaiin izango da, Sunset Beachen, otsailaren 12 eta 23 bitartean. Hirugarren geldialdia Portugalen izango da martxoaren 8tik 16ra, Supertuboseko hondartzan.

Apirilean Australiara bidaiatuko dute CT itzuliko lehiakideek eta lehen txapelketa Bells Beachen egingo dute apirilaren 4 eta 14 bitartean. Segidan, mendebaldera joko dute eta apirilaren 20an Margaret River urautsi mitikoan izango dira.

Lehen bost txapelketen ostean lehiakide kopurua erdira jaitsiko da. Horrela, nesken kategorian CT mailako 18 lehiakideetatik soilik lehen 12 sailkatuek jarraitu ahal izango dute lehian bosgarren txapelketa amaitu ostean eta mutilen kategorian, bestalde, 36 lehiakideetatik 24 lehiakidera jaitsiko da parte hartzaile kopurua.

Gauzak horrela, lehen mailako zirkuituko lehen zatia iazko bera izango da, baina bigarren zatian aldaketa nabarmen bat izango da. Izan ere, iaz Indonesian egindako G-Landeko txapelketa ezabatu eta, haren ordez, Kelly Slaterren igerilekuko txapelketa itzuliko baita CT zirkuitura.

Maiatzaren 27 eta 28 bitartean lehiatuko dira CTko surflariak Kaliforniako igerileku horretan. Ekainaren 9tik 18ra El Salvadorren izango dira eta ekainaren 23an, Brasilen. Jeffreys Bayko txapelketa uztailaren 13tik eta 22ra bitartean izango da, eta azkenik, abuztuaren 11tik 20ra Tahitiko Teahupoo urautsi arriskutsuan lehiatuko dira lehen mailako surflariak.

Azkenik, Final Handia, hirugarren aldiz jarraian, Kaliforniako Trestles urautsian egingo da, irailaren 7 eta 15 bitartean.