Jon GARMENDIA
Idazlea

Kantatu

Hamar urte gartzelan daramatzazu, hamar urte gartzelan, denetatik pasatu duzu, hamar urte gartzelan, bakardadea ezagutu duzu, hamar urte gartzelan, herria bihotzean daukazu, hamar urte gartzelan, noiz bizi behar duzu?» kantatzen zuen EH Sukarrak. 1994. urtea zen, eta garai hartan asko zirudien kartzela urte kopuru hark, gehiegi. Bere gau eta egun, hamar urte luze, presoarentzat, senideentzat, lagunentzat, eternitate bat. 28 urte joan dira kantatik, eta 15 pasatu dituzte anitzek; batzuek, 20; 25 urte, beste batzuek, eta 32, Ion Parot eta Jakes Esnalek, ai ama. Gelditu da beren kontagailua; kartzelatik aterako dira, eta bazen garaia! Berri bikaina baita hurbilekoentzat, amaitu dira bidaiak, zalantzak eta kezkak, baina bizitza bat joan da denbora horretan. Ordain latza izan du erresistentziaren ausardiak, eta sufrimendua ere estali egin da borrokaren bidean. Eragindakoa entzun dugu, eta ulertu, oihartzunak ez du bukaerarik. Baina badira isilik utzitakoak: Gurutze Iantzi, adibidez. 29 urte bete dira, biktima dela onartu ez duten arren, gertatua argitu ez duten arren. «Jo naute hil arte» eskaini zion Anje Duhaldek. Eta anaia Eukenekin izan dut gogoa; sarekada hartan atxilotua, hatzeko azken azazkaleraino torturatua, nola erran zuen: «Ez duzu oroitu nahi, baina ezin duzu ahantzi». Kantatu bai.