Manu ODRIOZOLA
LABeko afiliatua eta Ezker Iraultzaileko kidea
KOLABORAZIOA

Lau greba egun Gipuzkoako grafikagintzan

Irailaren 27 eta 29 eta urriaren 4 eta 6an Gipuzkoako grafikagintzako langileak grebara joango gara, Adegi patronalak hitzarmenaren negoziazioan egiten duen eskaintza miserablea dela-eta.

Inflazioaren gorakada itzela gure soldatak jaten ari da eta datozen urteetarako aurreikuspenek igoera handiagoak iragarri dituzte. Enpresaburuentzat, ordea, hori negozio iturri bilakatu da: irabaziak loditzen jarraitzen dute eta langileon produktibitatea igo da. Testuinguru horretan, soldata igoera lotsagarri hau proposatzen ari da Adegi: %3ko igoera 2022rako; %2, 2023rako eta %1, 2024 eta 2025erako. Burla hutsa da langileontzat! Eta beste edukietan -hala nola, lanaldiaren murrizketan, errelebo kontratuaren aplikazioan edo genero berdintasunean- inolako aurrerapenik eskaini gabe jarraitzen dute.

Bost bilera egin dira, baina horrek ez du balio izan patronala haren tokitik mugitzeko, Gipuzkoan 1.000 langile inguru biltzen dituen sektorean. Hitzarmen eta lan baldintza duinak nahi baditugu, argi dugu grebaren eta borrokaren bidez izan beharko duela.

Patronalak oso estrategia argia du. Fabrika handienetako jabeak enpresa itunen negoziazioak irekitzen ari dira arreta desbideratzeko, gu zatitzeko eta sektore mailako borroka ahultzeko. Horri aurre egitea da lehen urratsa. Ezinbestekoa dugu lantegi guztietara joatea, handietara zein txikietara, planteamendu borrokalari batekin, informatuz eta azalduz, langileen batzarrak antolatuz, mobilizazio plan sendo eta bateratua demokratikoki onartzeko. Ekintzara jo behar dugu, jabe gaitezen langileok geure burua antolatzen dugunean eta elkarrekin mobilizatzen garenean indar izugarria dugula.

Auzi berbera gertatzen ari da maila orokorrean ere. Patronalak, zatika-zatika eta banaka-banaka, gure soldaten balioa hondoratu nahi du. Prezio guztiak gora doaz, gure lan indarrarena, ordea, behera. Pagotxa ederra enpresari handi eta bankarientzat! Gogoan hartu behar dugu langileak garela, fabriketako ekoizpenarekin, aberastasuna benetan sortzen dugunak.

KPIaren azpitik sinatzen diren hitzarmen eta akordio guztiekin apurtu behar dugu, horiek beste guztien aurka erabiltzen diren erreferentzia bihurtzen baitira. Gure aurkako erasoaldian oinarritzen den bake sozial artifizial hau amaitu behar dugu!

Hori egiteko modu bakarra borroka sindikalak eta mobilizazio soziala ahalik eta maila handienean elkartzea da. Eta, horretarako, greba orokorra da tresna nagusia. Arrazoiak sobera daude. Indar eta gogo izugarri dago, eta horrela erakutsi da Arabako eta Bizkaiko metalean eta Mercedesko eta beste hainbat lantegi eta sektoretako grebetan.

Langileok argi izan behar dugu ezin dela negoziazio mahai batean lortu lehen kaleetan eta borrokan lortu gabeko ezer. Halaxe da; historian zehar benetan lorpenak eta garaipenak ahalbidetu dituen tresna bakarrenera jo behar dugu: greba, borroka eta mobilizazioa.

Patronalak ez gaitu ez beldurtuko, ez engainatuko, ezta zatituko ere. Indarra dugu eta mobilizazioan langileok elkartuta, hitzarmen duina lortu ahal izango dugu. Hortaz, irailaren 27 eta 29 eta urriaren 4 eta 6an denok mobilizazioetara eta grebara!