GARA
EUSKAL PENTATLOIA

Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena, Azpeitiko txapeldunak

Urnietarra eta Aiakoa azkarrenak izan ziren larunbat gauean jokatutako finalean. Arrutirentzat lehen txapela da; Izeta VI.ak iazkoa errepikatu du.

Arruti eta Iruretagoiena txapeldunak, goi-goian.
Arruti eta Iruretagoiena txapeldunak, goi-goian. (I. ZABALETA | FOKU)

2022ko Euskal Pentatloiak baditu dagoeneko txapeldunak. Larunbat gauean Azpeitiko Zezen Plazan gertatutakoaren ostean, Nerea Arruti eta Andoni Iruretagoiena “Izeta VI.a” dira txapeldunak. Urnietarrarentzat lehen txapela da, iazko lehen edizioko txapeldun Karmele Gisasolari gailenduta; Aiako kirolariak iazko txapela errepikatu du, denbora hobeak ere lortuta.

Nerea Arrutik 21:09ko denbora egin zuen lan guztietarako eta 2:13ko tartearekin irabazi zion Karmele Gisasolari (28 urte, Mallabia). Lucia Orbe (33 urte, Bilbo) hirugarren izan zen, atzerago helmugaratuz.

Korrika saioa amaitu bezain laster, crossfit mundutik datorren Nerea Arrutik Amalur Arbelaitzekin ospatu zuen garaipena. Biek bikotea osatu zuten Binakako Txapelketan.

Finala aizkoran erabakitzen hasi zen, nahiz eta Urnietako kirolariak aitortu zuenez, «nerbioak bat-batean atera zaizkit hasi baino lehen, baina buelta eman diot!».

Korrika egitearenak ere beldur pixka bat ematen ziola aitortu zuen, baina «lehenengo metroak lasai egin ditut, zertxobait errekuperatzeko, eta gero segitu dut. Banekien hiru bueltako tartea nuela eta gero gozatu egin dut».

Orain, Gipuzkoako aizkora txapelketan eta Euskadikoan garaipenak eskuratzen jarraitu nahi du. Larunbateko txapela «familiari, etorri diren guztiei eta etorri ezin izan dutenei, lagunei eta, noski, entrenatzaileari» eskaini zien.

IZETA VI.AK, ORDU ERDI AZPIKO DENBORA HELBURU

Andoni Iruretagoienak nagusitasuna erakutsi zuen, iazko txapela errepikatuz. Oraingoan, gainera, denbora hobetu du: 31:36. Julen Gabirondo bigarren izan zen. «Gustura. Lan polita atera da. Lehen kilometrotik arrastaka joan naiz, kosta egin zait buelta ematea lanean sartzerakoan, baina gustura nago egindako lanarekin», aitortu zuen Izeta VI.ak lanak amaituta.

Bi txandatan burutu zen gizonezkoen proba, bakoitzean hiru lehiatuta, sei kirolari baitzeuden. Erritmo handiarekin hasi zuten proba, baina Aiako txapeldunak argi zuen hori: «Nire estrategia horixe zen: aurreneko bi lanetan topera ateratzea. Gestionatzen ondo ikasi dut eta ondo atera zait». Denbora aldetik, gutxi gorabehera egindako marka espero zuen, «eta agian gutxiago», baina izandako maila bikainaz ere mintzatu zen: «Ikusten zen aurten oso ondo prestatuta geundela. Gabirondok izugarrizko lana egin du eta zoriondu nahi dut». Hori bai, 30 minututik jaistea bere helburua zela ere nabarmendu zuen: «Entrenatzaileak beti esaten dit 30 minututik jaitsi arte ni entrenatzen jarraituko duela eta hori lortzen dudanean, ni neure burua entrenatzeko gai izango naizela. Hori izango da helburua».

Eskaintzen artean, hauek aipatu zituen: «Txapela lagunei, entrenatzaileari, bide luze honetan lagundu didaten guztiei eta Urko anaiari, bihotz-bihotzez asko maite dut eta».