Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Mayak urte amaiera arte luzatu nahi du hauteskundetara aurkezteko erabakia

Urtea amaitu arte Enrique Mayak ez du erabakiko Iruñeko alkate izateko UPNren hautagaia izango den ala ez. Edo ez du esango. «Diario de Navarra»-ren informazioa ez dela zuzena esan zuen atzo.

Enrique Maya, atzean Ana Elizalde duela.
Enrique Maya, atzean Ana Elizalde duela. (Iñigo URIZ | FOKU)

Urte amaiera arte Enrique Mayak ez du erabakiko Iruñeko alkatetzari eusteko maiatzeko hauteskundeetan aurkeztuko den edo ez. Kazetarien aurrean adierazpenak egin zituen Mayak, atzo “Diario de Navarra” egunkariak argitaratutakoa ez zela zuzena aldarrikatzeko.

Izan ere, Maya ez zela hauteskundeetara aurkeztuko argitaratu zuen egunkari horrek. «Ez dut oraindik inolako erabakirik hartu. Horretarako behar dudan epea errespetatzea nahi dut», nabarmendu zuen udaletxeko korridorean egindako agerraldian.

«Lasaitasuna behar da horrelako erabaki bat hartzeko», eskatu zuen Enrique Mayak atzo. Zer egingo duen galdetu ziotenean, buruan nahiko argi duela baina oraindik erabakia gauzatu eta modu egoki batean komunikatu behar duela erantzun zuen UPNren agintariak.

UPNko presidente Javier Esparzak ere, argitaratutakoaren aurrean, Mayari sostengua adierazi zion goizean goiz. «Bere erabakiaren zain gaude. Iruñerako kartel itzela da Enrique. Hiriarekin konpromisoa du», adierazi zuen.

Jubilatzeko asmorik ez duela ere nabarmendu zuen Mayak. «63 urte ditut eta indartsu nago. Mando baten moduan nabil, Gilak esango lukeen bezala», bota zuen.

Egoera nahasia

Gilarenak albo batera utzita, argi dago Nafarroako eskuina nahasmenduan bizi dela. Alde batetik, ez da ohikoa UPNren eta “Diario de Navarra” egunkariaren arteko tirabirak hain agerian azaltzea.

Bestalde, eskuinak ez du oraindik erabaki nor izango den Iruñeko Udalerako hautagaia. Bitartean, EH Bilduk Joseba Asiron izango dela erabaki du, PSNk Elma Saizen hautua egin du, eta Zurekin Nafarroak Txema Mauleonena. Parlamenturako zerrendan bezala, Geroa Baik ez du Iruñerako zerrendaburua hautatu.

Demagun egia dela Mayak oraindik ez duela hautagaitzari buruz erabaki. Azkenean ezezkoaren alde egiten badu, UPNk hautagai berri bat aukeratu beharko luke azken hamabi urte hauetakoa ordezkatzeko. Zinegotziengana jotzen badu, perfil baxukoak direla esan daiteke. Ana Elizaldek, Maria Caballerok edo Maria Echavarrik ez dute Mayaren proiekzio mediatikoa.

Beste aukera bat Parlamentutik norbait pasatzea izan daiteke. Angel Ansa aipatu izan da zenbait lekutan.

Oraindik eskuinak erabaki ez duen beste gauza bat da UPN eta PP zerrenda berean joango diren edo ez, Navarra Sumaren formula erabat agortuta baitago.