Marcel PENA
Bilbo

«Adore, Kemena, Kuraia»,Zea Maysen itzulera lasaia

Pandemia garaian sortutako «Adore, Kemena, Kuraia» aurkeztu zuen atzo Zea Mays taldeak. Disko berria osatzen duten hamar kantak oso prozesu «maitekorraren» emaitza dira, bost ekoizlek produzituta. Biarritzen aukeztuko du Zea Maysek azken lan hau eta, ondoren, Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango da.

Taldekideek disko berriaren bira ere aurkeztu zuten.
Taldekideek disko berriaren bira ere aurkeztu zuten. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zea Mays taldeak “Adore, Kemena, Kuraia” (Garden Records, 2022) disko berria aurkeztu zuen atzo. Nahiz eta «bakarrik» hamar kanta izan, diskoaren ibilbidea luzea izan da, pandemiak eragindakoa. Dena den, horrek taldeari kantak ondo lantzen lagundu dio eta bereziki beste musikari eta produktore batzuekin lan egiten, 25. urteurrenean.

2019ko azaroan Zea Maysek “Atera” diskoa argitaratu zuen. Dozena erdi kontzertu eman ostean, covid-19aren agerpenak euren plan guztiak aldatu zituen: «Kontzertu guztiak bertan behera gelditu ziren eta denok etxera joan behar izan ginen. Urte hori aurrera joan zen, kontzerturik gabe eta, egian esan, ez genekien zer etorriko zen. Ez genuen ikusten disko bat ateratzea ezin bagenuen kontzerturik egin. Azkenean erabaki genuen abestiak binaka grabatzea, eta digitalki ateratzea, ‘mini EP’ ezberdinetan», azaldu zuen Aiora Renteriak Bilboko Kafe Antzokian egindako aurkezpenean. «Guretzat formula hau berria izan da. Azkenean, abestiek binaka pentsatuta sekulako freskotasuna daukate, zeren sortu eta grabatu egin ditugu jarraian. Abesti pare bakoitzeko denbora luze egon gara; orduan, izan duten tratamendua oso maitekorra izan da», gehitu zuen abeslariak.

Kontzertuak emateko aukera iritsi denean, taldeak pandemia garaian sortutako hamar kanta horiek bildu eta disko formatuan kaleratu ditu, bira bat egiteko asmoarekin. “Adore, Kemena, Kuraia” diskoaren aurkezpenak taldea Euskal Herriko hainbat herri eta hiritara eramango du, baita Estatuko eta Europako beste puntu batzuetara ere. Biarritzeko Atabalen (2023ko otsailak 11), Iruñeko Zentralen (martxoak 24), Donostiako Dabadaban (apirilak 22), Bilboko Kafe Antzokian (apirilak 29) eta Gasteizko Jimmy Jazzen (maiatzak 13) emango dituzten kontzertuez gain, Madrilen, Oviedon, Boiron (Galizia), Massalion (Katalunia), Bartzelonan, Zurichen, Frankfurten eta Berlinen ere egingo du geldialdia Zea Maysek.

“Adore, Kemena, Kuraia” Zea Maysen 11. diskoa da, estudioko 10.a. Gainera, 2022. urte honetan taldeak bere 25. urteurrena ospatu du. Halako ibilbide luzea liskarrik gabe egitea nola lortu duten azaldu zuen Asier Basabek: «Musikako profesionalak gara, baina ez dihardugu horretan bakarrik. Rockaren profesionalak baino ez bagina, beste era batera baldintzatuko gintuzke, talde barruan tirabira gehiagorekin. Talde askok ez dute 25 urte irauten arrazoi askorengatik, baina batez ere taldearekiko menpekotasunagatik. Eta, are gehiago, Euskal Herria bezalako herri txiki batean, zuk nahi baino ekintza gehiago egitera behartzen baitu diru-sarrerak bermatzeko. Askeak izatea nahi duguna egiteko, nahi dugunean; hori oso positiboa izan da jarrai dezagun».

Hitz guztiak Aiora Renteriak idatzi ditu, “Corazon de tango” salbu, eta guztiak minbizia deskubritu baino lehenagokoak dira. «‘Adore, Kemena, kuraia’ izan ezik, denak lehenago eginda badaude ere, une desberdinetan hausnartzeko balio izan zidaten», azaldu du abeslariak.

Kolaborazioak

Diskoaren grabazioan, Zea Mayseko taldekideek musikari askorekin lan egin dute. Grabatutako lehenengo bi kantetan, “Adore” eta “Zuk borroka hasi”-n, Ricky Falknerrek sartu ditu sintetizadoreak, shakerrak eta pianoa; bigarren multzoan, Santi Garciak sintetizadorea ere bai; “Kuraia” eta “Corazón de tango” abestietan Marc Clos katalana izan dute bateria, perkusioa eta bibrafonoa sartzen; eta Rozalenek ahotsa eta letra ipini dizkio “Ez naiz ni” abestiari. Gainera, lehenengo aldiz, Zea Maysek gaztelerazko kanta baten bertsioa egin du disko honetan; hain zuzen ere, Doctor Deseoren “Corazon de tango” abestiarena. «Bideo tratamendua» eman diote eta bideoklipa estreinatu zuten urriaren amaieran, Carmen Machi eta Ramon Barea aktoreen parte-hartzearekin. Orain artean, Zea Maysek “Adore, Kemena, Kuraia” diskoaren sei aurrerapen atera ditu, eta ,beraz, lau geratzen dira argitara emateko: “Adore, kemena, kuraia” eta “Ez naiz ni”, Paco Locok ekoiztuta; eta “Ez zaitez sartu” eta “Bizia”, Aritz Aranbururekin.

Gaurtik aurrera plataforma digitalean entzungai dago. Disko fisikoa eskuragarri egongo da Durangoko Azokan, eta, behin azoka bukatuta, dendetan salduko dute, CD zein biniloan. Birarako sarrerak igandetik aurrera egongo dira salgai.