Martxelo DIAZ
IRUÑEA

Bonba batek eragin zuen Bardean urriaren 3ko sutea, Gobernu espainolak dioenez

Erorketa askeko bonba batek eragin zuen urriaren 3an Bardean, tiro eremuan, izan zen sutea. Hala onartu du Gobernu espainolak, Jon Iñarritu EH Bilduko diputatuari erantzunez.

Iazko uztailean Bardean izandako beste sute batean harturiko irudia.
Iazko uztailean Bardean izandako beste sute batean harturiko irudia. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Erorketa askeko bonba batek eragin zuen joan den urriaren 3an Bardean izan zen sutea. Hori erantzun dio Gobernu espainolak EH Bilduko diputatu Jon Iñarrituk Kongresuan egindako galdera bati.

Diputatu abertzaleari bidalitako erantzunean, Gobernu espainolak sute horretan lau hektarea sasi erre zirela berresten du. Erretako eremua «tiro poligonoaren barnean» dagoela gaineratzen du Gobernu espainolak.

Horrekin batera, Bardean Armadak dituen soldaduek sutea erabat itzali zutela gaineratzen du Gobernu espainolak. Horrez gain, tiro eremuan 112aren dei bat jaso zutela gaineratzen du, instalazio militarretik kanpo zegoen norbaitek sua zegoela abisatu ondoren. Bitxia da datu hori, urrian zabaldu zen informazioaren arabera, Nafarroako suhiltzaileak Bardeako sutea itzaltzeko lanetan aritu baitziren. Tutera, Tafalla eta Azkoiengo suhiltzaileak aritu ziren bertan, basozainekin batera. Bi helikopterok ere hartu zuten parte sua amatatzeko lanetan. Suhiltzaileek Armada espainolari erretako eremura sartzeko baimena eskatu ziotela zabaldu zen urrian.

Arratsaldeko hirurak aldera piztu zen sua Bardean, haizeak gogor jotzen zuen egun lehor batean. Horrek sua kontrolatzeko lana zaildu zuen. Urte sasoi horretan, uda osoan bezala, sute ugari izan ziren Nafarroan, lehorteak lagunduta. Urriaren 3an bertan, Bardeakoarekin batera, beste sute bat izan zen Murillo el Fruto herriaren inguruan, mendiko sastrakak erre zirelarik. Hor ere Tafallako suhiltzaileak eta basozainak izan ziren lanean, gero Bardeara joan zen helikoptero baten laguntzarekin.

Kongresuan egin zuen galderan Iñarrituk etorkizunean horrelakoak berriro ez gertatzeko zein neurri ezarriko diren ere galdetu zion Gobernu espainolari, baina honek ez dio horri erantzun.