Iker IBARLUZEA
Meteorologoa
AZKEN PUNTUA

Fidagarritasun gutxiago ote?

Askok meteorologo garenoi eguraldi iragarpenak egitearekin lotzen gaituzue. Baina meteorologo batek ondoren baditu beste bi lan: batetik, eguraldia momentu errealean segitzea eta, bestetik, iragarpenean izan diren akatsak nondik etorri diren aztertzea. Gaur bigarren gaiari heldu nahi diot.

Guk iragarpenak egitean eredu meteorologiko batzuk erabiltzen ditugu. Eredu europarra, amerikarra, frantsesa, eta abar. Nire kasu pertsonalean, ordea, bi eredu nagusi dira gehien erabiltzen ditudanak: ECMWF eredu europarra eta AROME eredu frantsesa. AROME oso txukun ari da azkenaldian, baina eredu europarra azken hilabete luzeetan hanka sartze batzuk egiten dabil. Zergatik?

Eredu meteorologikoak sortzeko, hainbat datu hartzen dira denbora errealean, airetik, itsasotik eta hainbat estaziotatik. Datu horiek biltzean, ordenagailu batek milaka formula aplikatu eta mapak irteten dira. Baina pandemia garaian aireko datuak asko gutxitu ziren, hegazkinen presentzia gutxitu zelako eta horrek kalteak eragin dizkio ereduari.

Badirudi pixkanaka datuak berreskuratze bidean daudela eta hilabete gutxian berriz eredu fidagarria izatera hel daitekeela, baina azkenaldian eredu europarrak bere nagusitasuna, hein handi batean, galdu duela dirudi. Ea berreskuratzen duen.