Amaia EREÑAGA
DURANGO

Pandemiaren aurreko dimentsioetara itzultzeko asmoz dator Azoka

«Tunel ilun baten bukaeran ikusten den argi handia»; horrela irudikatzen du Beñat Gaztelurrutiak, Gerediagako koordinatzaileak, abenduaren 7tik 11ra egingo den euskal kulturaren hitzordu nagusiaren 57. edizioa. Pandemiaren aurreko Azokaren itxurarekin, aurtengoak 930 nobedade, 248 erakusmahai eta 250 kultur ekitaldi izango ditu, baita «Irati» filmaren aurkezpen berezia ere.

Azokako guneetako arduradunak eta Beñat Gaztelurrutia.
Azokako guneetako arduradunak eta Beñat Gaztelurrutia. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Aurki izango den Durangoko Azokaren aurtengo ediziorako “eztanDA!” leloa hautatu dute, asmo argiarekin, Beñat Gaztelurrutiak, Gerediagako koordinatzaileak, atzo aitortu zuenez: «Bi urte zailen ondoren, uste dugu hau izango dela pandemia aurreko Azoka berreskuratzeko urtea. Jai handi bat eta eztanda handi bat izatea nahi dugu, enkontru handi berri bat. Azoka berreskuratu nahi dugu, giroa berreskuratu nahi dugu eta jaia berreskuratu nahi dugu». Aurreko bi urteetako edizio neketsu, korapilatsu, trabaz eta egonezinez beterikoak gainditu ondoren, ohiko Azoka itzuliko dela iragarri zuten atzo, 57. edizioko egitarau eta nobedade nagusiak aurkezteko agerraldian. Gaur hasiko dira muntaketa lanak Landako gunean.

Jakin beharreko zenbait datu: Azoka abenduaren 7tik 11ra egingo da ohiko guneetan, 176 parte hartzaile izango ditu -argitaletxe, zigilu, elkarte... guztiei parte hartzaile deitzen diete- eta jarriko diren 248 erakusmahaietan 689 liburu, 141 musika-produktu, 46 aldizkari eta bestelako 54 produktu (ikus-entzunezkoak, papergintza eta abar) egongo dira salgai. 176 kultur eragile horietatik 34 lehenengo aldiz izango dira Durangon.

Erakusmahaietan salgai egoteaz aparte, nobedade horiek guztiak Azokako online dendan ere eskuragarri egongo dira (7tik 10era bitartean). «Kulturzale eta sortzaileei ahalik eta baliabide gehien eskaintzen saiatu gara, horregatik aurten Azoka presentziala eta digitala uztartu nahi izan ditugu», esan zuen Gaztelurrutiak. Sare sozialetan, beraz, presentzia berezia izango du Azokak; Tik Tok eta halako plataformetan ikusgarritasuna lortu nahi dute.

Kontuan izateko hitzorduak

Edizio hau zenbait nobedaderekin dator; esaterako, abenduaren 9rako antolatu den Gazte EztanDA!, gazteei begirako egun berezia: gazte-bazkari bat, ginkana eta elektrotxarangaren jai giroa herriko kaleetan. Beste hitzordu bat: Irudienean Paul Urkijoren “Irati” filmaren emanaldi berezia hurrengo egunean. Sitgeseko jaialdian eta Donostiako Beldurrezko Astean estreinatu ondoren, Durangon proiekzio berezi bat egingo da, Zugaza zinema areto nagusian, abenduaren 10ean. Estreinaldia da Bizkaian, otsailera arte ez baita areto komertzialetara iritsiko. Hainbat gonbidatu izango dira eta gonbidapenak egun berean jaso ahal izango dira 10.30etik aurrera.

Eta beste berritasun bat: musika eta liburuen erakusmahaiak beste modu batean antolatu dira, gune propioak sortuz. Musika sektorearen egoerarekin kezkaturik, «bultzada bat eman nahi izan diogu musikari, entitate propioa duen espazio bat sortuz. Musikaren plaza bat izango da», azaldu zuen Gaztelurrutiak. Erakusmahaietan, QR kodearekin, kanten lehen minutuak entzun ahal izango dira.

Bestalde, guneek, ohi denez, beren egitarau propioa prestatu dute. Adibidez, Plateruenako oholtzara 47 talde igoko dira -kontzertu-aurkezpenetan stand bat egongo da taldeen disko eta materialarekin-; besteak beste, Delirium Tremens, Merina Gris, Sua, Ines Osinaga, Kokein, Willis Drummond, Xsara... Skenatokian pieza laburren erakusketa egingo dute hamabi taldek eta Kabi@k abenduaren 9rako gamer gela bat antolatu du.

«Azokari atera zaizkion bi hanka»; hala definitu zituen, bestalde, Gaztelurrutiak “Da Pro” (abenduaren 5ean, sortzaileen topaketak) eta “Zu non, han Da!” egitarauok. Azokarekin ia modu paraleloan hedatzen ari dira. Abenduaren 12tik aurrera “Zu non, han DA!” proiektuari ekingo diote, eta horren bidez nobedadeak Euskal Herriko 132 saltokietan eskuratu ahal izango dira.