Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA - EUROLIGA

Zalgirisi irabazi ostean, Barçaren etxetik garaipena ekarri nahi du Baskoniak

Valentzia Basketi Euroligako aurreneko jardunaldian irabazi zionez geroztik, Gasteiztik urrundu ezinean dabiltza Joan Peñarroyaren jokalariak.

Baskoniak indarrez jokatu beharko du gaur.
Baskoniak indarrez jokatu beharko du gaur. (J.FONTANEDA | FOKU)

Saski Baskoniak etxeko berotasunean garaipenaren arrastoa berreskuratu zuen Zalgiris Kaunasen aurka, eta ez da gutxi. Are gehiago, atsedenaldian 42-44 galtzen izatetik azkenean 93-73 irabaztera igarotzea egundoko aurrerapausoa da. Hori aski ez eta Daulton Hommes eta Steven Enoch kantxetara itzuli ziren asteazkenean -Enochek ez jokatu arren- eta, hala, denboraldia hasi zenez geroztik aurrenekoz, Joan Peñarroyak lantalde osoa erabili ahal izan zuen.

Ondorioz, 5-4 balantzea dutela, Euroligako sailkapenean seigarren postuan dira gasteiztarrak, Maccabi eta Zalgirisekin berdinduta, eta bigarren lekuan berdinduta dauden Olympiacos, Real Madril, AS Monako eta Bartzelonarengandik garaipen bakarrera. Bada, gaur, 20.30ean hasita, Palau Blaugranan etxetik kanpo ere irabazteko kapaz dela erakusten saiatuko da Baskonia.

Valentzia Basketen aurka aurreneko jardunaldian irabazi zutenez geroztik, ez dute zorterik izan gasteiztarrek, nahiz eta porrot guztiak ez diren berdinak izan.

PARTIDA FISIKOA

Ez da, bestalde, Joan Peñarroyaren taldea Palau Blaugranatik pasatzen den aurreneko aldia. Urriaren 2an, ACB Ligako bigarren jardunaldian izan ziren gasteiztarrak eta 89-74 galdu zuten. Huraxe izan zen, hain justu, orkatilan min hartu aurretik Steven Enochek jokatu zuen azkenengo partida.

Partida hartako zenbakiei so eginez gero, azpimarragarria da Barçak 35 jaurtiketa libre izan zituela alde eta 13 baino ez Baskoniak. Batez ere aurreneko erdian, katalanak makina bat bider iritsi ziren 4,60 metroko marrara, eta, hein handian, jaurtiketa libre horiei esker izan zuten partidan bizirik jarraitzeko aukera.

Bigarren erdian, bestalde, gasteiztarren ezin fisikoa Joan Peñarroyak ordaindu zuen. Bartzelonaren maila fisikoak Baskonia aurretik eraman bazuen, Tarrasako entrenatzailea egotzi egin zuten epaileek, bi falta tekniko adierazi eta gero.

DUSKOREN AZKENEGO PARTIDA

Batez beste 88,3 puntu sartzen ditu Euroligan talde gasteiztarrak. Gogoan izan behar da iazko azaroan Baskoniak sekulako egurra jaso zuela Palau Blaugranan. «Nik ez dut sekula amore ematen, baina taldeak bai», adierazi zuen partida amaieran Dusko Ivanovicek. «Nik ezagutzen nuen Baskonia azkenera arte borrokatzen zen beti eta azkenean saskibaloiak zegokigun tokian jartzen gintuen, baina talde honek borroka egiteari uko egin dio», adierazi zuen Montenegroko entrenatzaileak neurketa 93-67 amaitu ostean.

Hura izan zen Dusko Ivanovicen azkena Saski Baskoniako entrenatzaile postuan. Egia da 48 orduren buruan Kanaria Handiaren aurka ere Bijelo Poljekoak jarraitu zuela gasteiztarren aulkian, baina irabazita ere kargutik botatzeko erabakia hartua zeukan klubak eta, hori gutxi ez eta, galdu egin zuen Baskoniak.

Kasualitatea edo ez, handik hilabete eskaera, abenduko aurreneko asteburuan, Neven Spahijaren aginduetara 78-91 nagusitu ziren gasteiztarrak Bartzelonara itzuli ziren hurrengo aldian.