Nerea GOTI
BILBO

Krisi klimatikoak behar duen balioen iraultza defendatu du EH Bilduk

Larrialdi ekologiko, klimatiko eta energetikoari aurre egiteko beharra nabarmendu zuen atzo Arnaldo Otegik Bilbon. Aldaketa sakonak datoz, eta nork egiten dituen eta noren interesen alde dela gakoa azpimarratu zuen. Horren aurrean, EH Bilduk autosufizientzia eta eredu komunitarioa ardatz dituen euskal estrategia bat defendatuko du.

Trantsizio energetikorako estrategia aurkeztu zuen atzo EH Bilduk Bilbon.
Trantsizio energetikorako estrategia aurkeztu zuen atzo EH Bilduk Bilbon. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Larrialdi klimatikoak eraldaketa handi bat eskatuko du maila askotan, ekoizpen eta kontsumo ereduetan bereziki, baina «egin egin behar da, zain geratzea ez da aukera bat», adierazi zuen Arnaldo Otegik atzo Bilbon, EH Bilduren trantsizio energetikorako estrategiaren aurkezpenean. Nahitaezko trantsizio energetikoari ekiteko bide horretan, autosufizientzia, eredu komunitarioa eta balioen iraultza ardatz dituen estrategia bat planteatu zuen koalizioak Bizkaia Aretoan, militantziarekin streaming bidez partekatu zuena.

«Erronka kolosala da», eta horri aurre egiteko egungo ekoizpen eta kontsumo ereduak aldatzea nahitaezkoa da, nabarmendu zuen EH Bilduko koordinatzaile nagusiak. Testuinguru horretan, beharrezkoa den «balioen iraultza» baten beharra aipatu zuen.

«Ezin diogu krisi energetikoari eta klimatikoari aurre egin, mundua eta Euskal Herria beste era batean imajinatzen ez baditugu», esan zuen. Ondoren erantsi zuen eraldaketa hori herritarren interesei erantzuten dien sistema berri batean oinarritu behar dela, eta hor aukera bat dagoela «gauzak euskal erara» egiteko. «Aldaketa sakonak eta azkarrak datoz, eta eztabaida da nortzuk gidatuko dituzten eta noren interesen alde egongo diren», azaldu zuen.

Arnaldo Otegirekin batera Pello Otxandiano programa arduradunak eta Mikel Otero parlamentari eta trantsizio energetikorako idazkariak gidatu zuten saioa. Zehaztu zutenez, zenbait momentutan aditu ezberdinekin kontrastatutako hausnarketa luze eta sakon baten emaitza da atzo militantziaren artean zabaldu zen estrategia, «lan tresna» izan nahi duen «planteamendu irekia» da, «norabide politiko» bat markatzen duena.

Egoera zaurgarrian.

Abiapuntu gisa, gaur egungo egoera deskribatzen duten zenbait datu eskaini zituen Mikel Oterok, Euskal Herriak hainbat arlotan duen kalteberatasuna erakutsiz.

Planteatu zuenez, egungo ongizate eta produkzio ereduak energia fosilei lotuta daude, neurri handi batean; energiaren ekoizpenari dagokienez, kanpoko mendekotasun handia dago eta bertan ekoizten den energiaren %14 baino ez dago berriztagarriekin ekoitzita. Baliabideen ahitzeak, tentsio geopolitikek edo merkatuen prezioan gertatzen diren asaldurek jada ondorio larriak eragin dituztela gogoratu zuen.

Egoera konplexu horren aurrean, energia lurralderatzea, autosufizientzia areagotzea eta ekoizpen bitartekoak demokratizatzea ekarriko lukeen euskal eredu bat bultzatzea planteatu zuen koalizio subiranistak.

Azken hamarkadetan inportazioan oinarritutako ereduarekin bukatu eta energia iturri berriztagarrietan oinarrituz, irtenbide energetikoak gure lurraldean bilatu behar direla aipatu zuten koalizioko arduradunek.

Behin baino gehiagotan aipatu zuten, abian dagoen trantsizioa «eraldaketa ekosozialerako palanka» izan daitekeela.

Ziurgabetasun giroan, eta martxan egin beharreko eraldaketa izanik, EH Bilduk zenbait erronka finkatu zituen; horien artean, energia kontsumoa murriztea eta beharrezkoa den energia berriztagarrien bitartez ekoitzia izatea.