GARA
TAFALLA

Monumentu handi bat ezarri dute Tafallan, Pedro Mariskala omentzeko

Lagun asko bildu zen Tafallako ekitaldian.
Lagun asko bildu zen Tafallako ekitaldian. (Gotzon ARANBURU | FOKU)

Haren etxea izan zenaren ondoan ezarri duten monumentu batek Pedro Mariskala omenduko du Nafarroaren independentziaren defendatzailea izan zena, Simancas gazteluko ziega batean hil zela bostehun urte bete direnean.

Tafallako Udalak eta Altaffaylla Fundazioak ekitaldia egin zuten atzo Nafarroako mariskalaren omenez, Iñaki Villanueva artista nafarrak egindako lau metroko eskulturatzarra agerian jarriz. Ekitaldian dantzariek, bertsolariek, joteroek, txistulariek, gaiteroek, abesbatzek eta kantariek parte hartu zuten.

Finantzatzen lagundu

Oraindik posible da arte lan hau finantzatzen laguntzea, Laboral Kutxan jarritako kontuan dirua sartuz edo Tafallan salgai dauden zozketa bonuak erosiz.

Monumentua burdinazko estatua handi bat da, non mariskalaren irudia «hiru punturen gainean ezartzen den; defendatu zuen lurzorua, Nafarroako armarria eta bere ezpataren punta», sustatzaileek azaldu zutenez. Izan ere, monumentua «gure lurraren askatasuna maite dutenentzat alegoriaz betetako lekua izango da, eta haren alde bizia eman dutenei egindako omenaldia».

Tafallako hau da herrialdean inauguratzen den Nafarroako mariskalaren omenezko bigarren monumentua, joan den larunbatean, hilaren 19an, Pello Iraizoz eskultoreak Pedro Nafarroakoari eskainitako monolito bat ezarri baitzuten Uharten.