GARA
BILBO

EH Bilduk eta Podemosek EAEko kontuak onartu ez izana kritikatu du EAJk

Andoni Ortuzar EAJko presidentearen esanetan, «lazgarria» da EH Bilduk eta Podemosek «hondamendira eramango» lukeen «aurrekontuen iraultza bat antolatu nahi izatea» EAEn, Madrilen, berriz, «dena onartzen duten» bitartean. Sabino Arana alderdi jeltzalearen fundatzailea hil zeneko 119. urteurrenean, Sukarrietan eginiko ekitaldian egin zituen adierazpenak, afiliatuen aurreko hitzaldian.

Ortuzarrek «izugarritzat» eta «bipolartzat» jo zuen koalizio subiranistak «Guardia Zibilaren edo Armadaren aurrekontuari baietz bozkatzea», eta «Osakidetzakoari edo DSBEari ezetz esatea».

Nabarmendu zuenez, EAJk EAE defendatzen du «euskal ekonomiarentzat eta haren garapenerako kaltegarriak diren kanpoko erakundeen erabakiei galga jartzen dien bakoitzean», eta «energia enpresei eta bankuei jarritako karga berrien kalteak mugatu izana aipatu zuen, diru sarreretan edo inbertsioetan izan dezakeen eraginagatik.