EDITORIALA

Etxegabetzeak gelditzeko presio soziala behar da

Duela hamabost egun Kaleratzeak Stop elkarteak salatu zuen Azora putre funtsak Donostian zenbait familia etxetik botatzeko asmoa zuela alokairu-kontratua amaitu ondoren. Atzo Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak ohartarazi zuen bere herrian beste bi etxegabetze prestatzen ari direla, oraingoan Santander bankuaren eta negozio horietarako bazkide duen Cerberus putre funtsa, alde batetik, eta Kutxabank, bestetik. Borroka hori nonahi errepikatzen da: herritar xumeak etxebizitza bat erabiltzeko duten eskubidea defendatzen, eta enpresa boteretsuak horiek kalera botatzen saiatzen, beren etekin astronomikoak apur bat handiago egin nahian.

Istorio horiek guztiak honek batzen ditu: bankuen eta putre funtsen makineria gupidagabeak herritarren eskubideak zanpatzeko ahalegina etengabea da. Eta makineria hori ez da ezeren aurrean gelditzen. Kapitalari bost axola zaizkio etxegabetzeak saihesteko eta herritarrak kalean ez uzteko hartutako akordio politikoak; bost axola, legeak eta arauak, haien abokatuek beti aurkituko dute zirrikitu bat legearen espirituari iseka egiteko; bost axola, kalean uzten duten jendearen istorio eta egoera pertsonalak. Kapitalak ez du arimarik, kalkulu berekoia besterik ez da. Gainera, bankuek ez dute inolako eragozpenik izaten beren izaera antisoziala aldarrikatzeko. Espainiako banku nagusiek dagoeneko iragarri dute helegitea aurkeztuko dutela sektorearen diru-sarrerak zergapetuko dituen aldi baterako zerga berriaren aurka, are Parlamentuko tramitazioa amaitu aurretik ere. Argi utzi dute beste behin, mundua geldituta ere, bankuen mozkinak ukiezinak direla.

Arauak onartuta daude, akordio politikoak sinatuta eta berretsita daude, baina hori guztia ez da nahikoa kapitalaren interesen aurrean. Testuinguru horretan, etxebizitza duina izateko eskubidea gauzatzeko, ezinbestekoa da mobilizazio soziala antolatzea eta garatzea. Herritarren plataformek eta gizarte osoaren presioak soilik behartuko dituzte bankuak eta putre funtsak jendearen kontura beren irabaziak gizentzeko asmoan atzera egitera. Hori da erronka, beste inor kalean gera ez dadin.