A. ZURUTUZA - A. RODRIGUEZ
Elkarrizketa
JAIME TAPIA
Lakuako Gobernuaren espetxe politikarako aholkularia

«Auzitegi Nazionalak hirugarren garaduarekin jarrera kontrajarria du»

Lakuako Gobernuak emandako hirugarren graduak defendatu ditu Jaime Tapia aholkulariak, baieztatuz «kasu oso antzekoetan» Auzitegi Nazional espainolak erabaki ezberdinak hartu izan dituela. Azaldu du, bere ustez, Lakuak «era eraikitzaile batean» lan egin behar duela «merezi duenak hirugarren gradua lor dezan».

(Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Lakuako Gobernuak espetxeen eskumena bereganatu zuenetik urtea pasatu denean, balorazio «gazi-gozoa» egin zuen espetxe gaietarako Lakuaren aholkulari den Jaime Tapiak NAIZ Irratian, atzo. Iñigo Urkullu buru duen Gobernuak “Euskadin espetxe-eredua ezartzeko oinarriak” dokumentuan finkatu zituen bultzatu nahi duen ereduaren xehetasunak, «erdi-askatasuneko erregimenaren» aldeko apustu nabarmenez.

Jaime Tapiaren esanetan, urtebetean aurrera urratsak egin dira finkaturiko eredua garatzerako orduan. Gizonezko presoen artean erdi-askatasun maila %30 ingurukoa da; eta emakumeen kasuan, helburua betez, %40 ingurukoa, baina oztopoak ere sortu direla aitortu zuen.

Egiteko modu batzuk aldatu egin dira lehengo eta oraingo espetxe politikari dagokionez; legediak, ordea, berbera izaten segitzen du. Gauzak beste modu batera egitea zerk egin duen posible galdetuta, Tapiak adierazi zuen «batzuetan legeak eta araudiak aplikatzeko orduan sentsibilitate eta jarrera» ezberdinak izaten direla, eta horren ondorioz, «era batera edo bestera» aplika daitekeela legea.

Lakuako Gobernuak legea aplikatzerako garaian «sentsibilitate soziala, emakumeekiko berdintasuna, presoen umeekiko begirunea edo osasun mentalari buruzko hausnarketa sakona» aintzat hartzen dituela baieztatu zuen, eta irtenbideak eskaintzen saiatzen dela erantsi. «Gizarteratze aukeretan sinesten baduzu, horren alde lan egiten duzu», adierazi zuen.

Gradu progresioen gaineko kezka

Gradu progresioak kezkarako motiboa izaten ari dira azken boladan. Lakuak onarturiko hirugarren graduen aurka ari da Estatu espainiarreko Fiskaltza, Auzitegi Nazionalak ukatu egin ditu zenbait gradu aldaketa, eta preso batzuk kartzelara itzularazi ditu. Tapiak berretsi zuen Lakuak «legea betez» onartzen dituela hirugarren graduak, badakien arren Auzitegi Nazionalarena dela azken hitza.

Aholkulariari iruditzen zaio ez duela zentzurik Exekutiboa salbuespenezko auzitegiaren aurka aritzeak: «Ezin dugu beraien kontra jo, ez dauka zentzurik, ez garamatza inora». Halatan, Urkulluren Gobernuaren apustua Auzitegi Nazionalaren epaiak aztertzea eta betetzen saiatzea dela adierazi zuen: «Batzuetan zenbait zantzu agertzen dira ikusteko nora joan behar dugun pertsona horrek berriro erdi-askatasuna berreskuratu dezan».

Gradu progresiorako baldintzak zehaztuta daude, eta prozesu horretan garrantzitsuenak, Tapiaren esanetan, espetxeetako Tratamendu Batzordeak dira. Eurek zehazten baitute preso batek baldintzak betetzen dituen edo ez dituen, gradu progresiorako.

Euskal preso politikoen kasuan, Tapiak azaldu zuen: «Batzorde horrek aztertu behar du presoa ea benetan delituaren aurrean damutzen den eta nolakoa den biktimekiko jarrera». Eta gaineratu zuen, «batzuetan barkamena ere eskatzen da, baina guk uste dugu ez dela beharrezkoa esamolde hori erabiltzea». Tratamendu Batzordekoak «teknikariak» direla adierazi zuen, eta gradu progresiorako baldintzak «zehatz-mehatz» ezagutzen dituztela nabarmendu zuen. Ondoren Lakua da hirugarren gradua ematea erabakitzen duena. Baina azken hitza Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiarena da, eta bidean Fiskaltzak helegitea aurkezteko aukera du. Zaintza Epaitegiak zenbait kasutan Lakuak emandako hirugarren graduari balekoa eman diola gogoratu zuen, ebatziz «juridikoki bidezkoa» dela.

Barkamen eskea zalantzan

Barkamen eskearen baldintzan tematu izan da Fiskaltza. Tapiak adierazi zuen legeak barkamen eskea jasotzea «kritikagarria» izan daitekeela, baina horren aipamena «legean agertzen» dela, «artikulu edo arau» oso kritikatua den arren. Gaineratu zuen legeak ere jasotzen duela presoaren jarreraren inguruko aipamena: «Legeak jasotzen du frogatu daitekeela presoak justiziarekin kolaboratzen duela zenbait adituren txostenen bitartez». «Guk legea aplikatu behar dugu», errepikatu zuen, baina zehaztuz legea aldatzea aukera bat dela: «Alda daitekeela argi dago, orain adibidez sedizio delitua kolokan dago».

Baina une honetan indarrean dagoen legedia eskuan, Tapiak azaldu zuen Lakua bere usteen arabera eta «era arrazoitu batean» ari dela legea interpretatzen, «uste dugu ez dela guztiz beharrezkoa barkamena eskatzea, badaudelako doluminak, barkamena, damua adierazteko beste era batzuk». Adituen lana funtsezkoa dela gogoratu zuen, eta horien txostenetan jasotakoa ekarri zuen gogora: «Bertan agertzen da pertsona horrek muzin egin diola bere delituari eta biktimekiko errespetua agertzen duela».

Tapiaren esanetan, Lakuak, administrazio publiko gisa, ezin dio legea aplikatzeari uko egin eta presoarentzat, gainera, ez luke «zentzurik». Legea interpretatzen dutenen jarrerak nolakoa behar lukeen esan zuen: «Guk modu eraikitzaile batean lan egin behar dugu, benetan merezi badute hirugarren gradua lor dezaten».

Jarrera «kontrajarriak»

Lakuako Gobernuak 32 euskal preso politikori onartu die hirugarren gradua. Fiskaltzak 21en aurka helegitea aurkeztu du, eta sei espetxera itzularazi ditu Auzitegi Nazionalak. Helegite gehienak ebazteke daude oraindik, eta Tapiak aitortu zuen ez dakitela zein norabide hartuko duten. Izan ere, Fiskaltzaren lau helegite atzera bota ditu Auzitegi Nazionaleko Zaintza Epaitegiak, eta deigarriena da Lakuak ez dakiela zergatik esan dien kasu batzuei ezetz eta beste batzuei baietz. Aholkulariak berak aitortu zuen ez dakitela Fiskaltzak zergatik helegitea aurkeztu duen zenbait kasutan eta beste kasu batzuetan ez.

Tapiak azaldu zuenez, lehenengo zazpi edo zortzi kasuetan Fiskaltzak ez zituen Lakuak emandako hirugarren graduak errekurritu; «gure iritziz betebehar guztiak betetzen ziren». Baina aipatu zuen apiriletik aurrera kasu «oso berdintsuetan» hirugarren graduen aurkako helegiteak aurkezten hasi zela Fiskaltza, eta hori dela «arazoa» .

Ez daukate garbi zergatik: «Aztertu ditugu kasuak eta oso antzekoak dira. Bat errekurritu da eta bestea ez. Gero epaileak honi baietz eta honi ezetz erantzun dio, ia kasu berberak direnean. Jarrera kontrajarriak dira». Lakuaren helburua kasuak aztertu eta kasu berrietan «Fiskaltzak errekurtsorik ez jartzea edo jartzen badu auzitegiak atzera botatzea» dela azaldu zuen.