Ion SALGADO
ADUNA
Elkarrizketa
Imanol REGO
Irizar Taldeko zuzendari orokorra

«Elektrikoaz gain, geroan hidrogenoa eta erregai sintetikoak izan daitezke»

Irailean izendatu zuten Imano Rego Irizar Taldeko zuzendari orokorra. Adierazi duenez, gaur egungo «erronkak izugarriak» dira mugikortasunean. «Etorkizuna izan daiteke elektrikoa», esan du; «baina zenbait erabileretan ezin dugu ahaztu gasa dugula, eta hibridoak ere baditugula. Hidrogenoa izango dugu, eta agian erregai sintetikoak ere bai».

(Gorka RUBIO | FOKU)

Irailean izendatu zintuzten Irizar taldeko zuzendaria.

Bi hilabete igaro ditut zuzendari nagusi bezala Irizar taldean, baina e-mobiliyko zuzendari bezala egon nintzen beste bi urtez. Taldea ezagutzen dut, ez naiz berria.

Hala ere, nolakoak izan dira bi hilabete hauek?

Erronka izugarriak ditugu mugikortasunean. Jasangarritasuna gizarteko agendan lehentasunezko elementu bat da, eta bertan oinarritzen da Irizarren estrategia. Marka, teknologia eta jasangarritasuna dira gure muina, eta horretan gaude.

Nola egiten diozue aurre jasangarritasunaren xedeari?

Gaitasun teknologiko inportanteak garatu ditugu, Euskal Herriko zentro teknologiko desberdinekin lan egiten. Eta hor ditugu bus elektrikoak. Horregatik egiten ari gara elkarrizketa Adunako fabrika honetan, elektro-mugikortasuna garatzeko aitzindaria izan den fabrika batean. Ireki genuen 2018. urtean, baina Irizarrek elektro-mugikortasunaren aldeko apustua egin zuen duela 11-12 urte; eta horren inguruan garatu dugu teknologia.

Nolako bilakaera izan du elektro-mugikortasunak?

Aktibitate hau hasi zen Salbatoreko garaje batean, lehenengo prototipoak eta hausnarketak egiten. Cidetec-ekin eta beste zentro teknologiko batzuekin garatu zen powertrain elektrikoa. Bus edo auto baten muina da powertrain, trakzioa eramaten duelako. Teknologia hori garatu zen hiri erabilerako bus batentzat.

Halako proiektuak eramaten dituzue aurrera Adunan, non 400 langile dauden.

Irizar taldea 3.000 pertsona baino gehiagok osatzen dute munduan. Gipuzkoan 1.350 pertsona ditugu. Ormaiztegiko fabrika izan zen Irizar taldeko lehena; 1889. urtean sortu zen, zalgurdiak konpontzen eta ekoizten. Ordutik hona aktibitate ezberdinak garatu dira, bidaiarien garraioa, elektromugikortasun, elektronika, energiaren kudeaketa, motor elektrikoak eta konektibitatea… Etorkizuneko garraio publikoari zuzendutako soluzioak garatu nahi ditugu, eraginkorrak eta digitalak, gure ustea delako eraginkortasunak hiru atal dituela: eraginkortasun ekologikoa, soziala eta ekonomikoa.

Zein da gaur egun bus eta auto elektrikoen pisua Irizar Taldean?

Gaur egun guretzako handitzen joan den aktibitate bat da, eta esan genezake aktibitate elektrikoa gure aktibitatearen %15 dela. Baina zerotik gatoz, eta gero eta azkarrago hazten ari den aktibitate bat da.

Etorkizunera begira, elektro-mugikortasuna garatzea da Irizar taldearen erronka?

Mugikortasunaren etorkizuna teknologia ezberdinetan oinarritzen da, deskarbonizazioa ez baita aurreratuko teknologia bakar batekin. Hirietan, garraio publikoan, elektrifikazoan sinesten dugu, baina badakigu distantzia luzeetan elektrikoak zenbait muga dituela, eta badaude beste aukera batzuk; hidrogenoa, esaterako. Bere eskalabilitatea mugatuta dago momentuz, baina gure apustua da, eta prozesu pilotuan gaude momentu honetan, distantzia luzeetan zero emisioko soluzioak lortzeko. Eta beste teknologia batzuk ere badira, bidean direnak; adibidez, erregai sintetikoak.

Dataren bat dago aipatu duzun erregai sintetiko hori errealitatea bilakatzeko?

Petrolio enpresa inportanteak garatzen ari dira proiektua. Garatzen ari diren erregai sintetikoekin inpaktua murriztuko litzateke eta ziklo horretan karbonoa berreskuratuko litzateke ziklo osoan. Beraz, etorkizuna izan daiteke elektrikoa, baina zenbait erabileretan ezin dugu ahaztu gasa dugula, eta hibridoak ere baditugula. Hidrogenoa izango dugu, eta gertatu daiteke erregai sintetikoak ere izatea.

Kostuari dagokionez, alde handia dago elektrikoen eta errekuntzako motorra duten autobusen artean?

Autoaren bizitza osoa ikusi behar dugu, haren bizitzaren bukaeran eta bizitzan zehar izandako inpaktu ezberdinak aztertuz, bai ekologikoak eta bai ekonomikoak. Hartzen dugunean bizitza osoko ziklo hori, ikusten dugu garraio elektrikoa egokiagoa dela, inpaktu gutxiago duelako. Ekonomikoki ere errentagarritasun handiagoa du.

Erakunde publikoek erosi dituzte autobus elektrikoak, eta ikusi ahal dira Gasteizen eta Baionan. Bezero pribatuek ere interesa dute, edo ohiko autobusak nahiago dituzte?

Hirietan soluzio elektrikoek ahalbidea ematen dute kostu baxuagoekin operatzeko. Hirietan elektrikoen aldeko apustua hartuta dago eta berritzen ari diren flotak elektrikoak dira. Distantzia luzeetan denbora beharko da, inbertsio kostuarengatik eta, teknologikoki, soluzio onak eta ekonomikoak ez direlako garatu.

Zer eragin izan du Irizar Taldean bizi dugun krisiak?

Pertsonengan oinarritutako proiektua da Irizar. Eta harro gaude esateaz enplegua mantendu dugula, nahiz eta gure fakturazioa %40 jaitsi den pandemiaren eraginez. Nahiz eta situazio ekonomiko gordin batean egon, eta taldeak azken hiru urteetan galera gogorrak izan, apustua egin dugu enplegua garatzeko. Eta enplegua garatu dugu, nahiz eta galeretan egon, nahiz eta diru inportantea galdu azken hiru urteetan.

Izugarrizko erronka eta poza da kooperatibarentzat, azkenean 800 bazkide baino gehiagok azpimarratu dutelako proiektu honetan duten konpromisoa. Pandemian egoera gogorrak izan dira, jendeak etenak izan ditu lanean, eta soldata jaitsierak izan dira; baina inbertsioren aldeko konpromisoa mantendu du Irizar Taldeak.

Udaberrian 22 eguneko greba egin zuten Irizar e-mobility-ko langileek, akordio batekin amaitu zena. Egoera baretu al da ordutik hona?

Egon zen momentu inportante bat, inflazio altuko momentu batean ginelako, eta akordio horretan inportantea da azpimarratzea %12,9ko soldata igoerak jasotzen zirela, beste plus ezberdinak kontuan hartu gabe. Gogoratu behar dut gaur egun daukagun urte arteko inflazio-tasa jaisten ari dela, %7,4ra. Horrek esan nahi du Irizarrek hartutako erabaki hori konpromiso inportantea izan dela, eta inork ez ditu egin halako soldata igoerak. Eta zergatik egin dugu? Gure proiektua pertsonengan oinarritzen delako. Eta inportantea da azpimarratzea egindako ahalegina. 120 milioiko inbertsioa egin dugu, eta oraindik ez dugu etekinik atera. Baina 400 pertsona kontratatu ditugu gizarterekin dugun konpromiso horrekin jarraitzen dugulako Adunako proiektuan. Jasangarritasuna ekologikoa da, baina baita soziala ere, eta jasangarritasunak ekonomikoa ere izan behar du etorkizuna izatekotan..

Oraindik etekin ekonomikoa ez duzuela lortu diozu. Noiz espero duzu mozkinak izatea?

Krisia baino lehen gure aurreikuspena zen aurten edo hurrengo urtean mozkinak izatea. Izan dugun egoerarekin, gure kostuak igo dira eta inflazioa nabaritzen ari da, eta egia da momentu honetan errentagarritasun hori atzeratu egin dela. Gure apustua da elektromugikortasun proiektua aurrera eramatea eta gure teknologiaren bidez gaitasunak lortzea.

Champions League batean gaude, eta lehiakide ditugu enpresa alemaniarrak, frantziarrak, txinatarrak… baina, Real Sociedad bezala, gure apustua da gure harrobiko jokalariekin ekonomikoki errentagarriak izatea, eta ziur gaude herrialde honetan enplegua eta aberastasuna sortzen jarraituko dugula.

Duela hamalau urte Irizarrek utzi egin zuen Mondragon Taldea. Zer iruditzen zaizu Oronak eta Ulmak beren bazkideei proposatutako aukera?

Kooperatiben proiektua pertsonengan oinarritutako proiektua da eta pertsonek, kasu honetan kooperatibistek, ahalmena daukate gaurko eta etorkizuneko bidea idazteko. Kooperatiba batean egin behar diren inbertsioak edo enpresaren etorkizuna erabakitzeko gaitasuna dute. Iruditzen zait ahalmena izan behar dutela beti prozesu demokratikoak garatzeko, eta autodeterminatzeko. Zer izan nahi duten erabakitzeko eta erabakitzeko nolakoak izan behar duten barruko eta kanpoko harremanak.

Hori esanda, garrantzitsua da nabarmentzea niri pena ematen didala, ditugun zailtasun ekonomiko inportanteak ikusita, denbora asko igarotzeak barruko arazoei buruz hitz egiten. Azkenen batean, Euskal Herria mundu mailan gero eta txikiagoa da, mundua oso azkar hazten ari baita ekialderantz. Guk mundura begiratu behar dugu aberastasuna eta enplegua garatzeko, bai Euskal Herrian eta bai beste herrialdeetan.