Amaia EREÑAGA
BILBO

Ataramiñe, hogei urte «eroriaren euforiaren» berri ematen

20. urteurrena iragartzea albiste ona litzateke edozein argitaletxearentzat; Ataramiñeren kasuan, ospakizunak bere alde gazi-gozoak ditu. Urteurrenerako antologia oparo bat prestatu dute, eta beste bi nobedade: Sagarduiren lehen liburua eta komiki bat.

Oier Gonzalez, Jokin Urain eta Xabier Izaga.
Oier Gonzalez, Jokin Urain eta Xabier Izaga. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

«Nik esango nuke espetxeko literaturak baduela pixka bat ‘eroriaren euforiatik’ idatzitako testugintzatik: ondoa jo duenak badu horrelako euforia puntu bat; beherago ezin da erori. Orduan, gora egiteko saiakera horretan, superbibentzia eta espetxeari aurrera egiteko jaikitzen den presoaren testigantza bihurtzen da». Jokin Urain “Kixkur” idazleak horrela definitu zuen atzo kartzelako literatura, agian genero edo literatura korronte berezitzat kontsidera daitekeena.

Euskal Herrian bai, bederen, azken hamarkadetan asko idatzi baita kartzela zulotik. Bakardadea eta dispertsioa uxatzeko erabili izan den giltza sorkuntza izan da. Horren adierazle “Urrun da zeru urdina. Ataramiñe 2002-2017” antologia, Jokin Urainek berak atondu duena.

Kartzelaren gaiak sustrai sendoak ditu euskal literaturan. «Kartzelan idatzi zen lehenbiziko testua Bernat Etxepareren ‘Linguae Vasconum Primitiae’ da, Biarnon eduki zutenean preso idatzi zuena, 1516 inguruan», aipatu zuen idazleak.

Xanti Iparragirreren (1934-2022) bertso baten lehen esaldia -«Urrun da zeru urdina/ urruntasunaren mina (...)»- aukeratu dute Urainek prestatu duen bildumaren izenbururako. «Zaila da hamazazpi urtetako horretatik guztitik aukeraketa bat egitea, eta behar izan ditut irizpide batzuk. Bat izan da euskarazko testuei lehentasuna ematea, eta beste irizpide bat, espetxearen inguruko bizitzari erreferentzia egiten zioten edo horri begira idatzita zeuden testuak eta argazkiak, irudiak, dena delakoak biltzea, kartzelan bizi dugun herri minak eragindakoak».

Hau da Ataramiñek Azokara eramango dituen hiru liburuetako bat. Besteak dira: Jose Maria Sagarduiren “Zaldi berdea” eta Gartxoten komikia.

«Gatzaren» ihesaldia

Sagardui kartzelan denbora gehien eman duen euskalduna izan da luzaroan. 30 urteko zigorra bete zuenean erabaki zuen ihes saio baten kronika idatziko zuela. Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea -Xabier Izagak egin dizkio edizio lanak- eta Unai Iturriagaren azal ederra daramatza liburuak: kartzelaren dorrea ikusten da, eta Gatzaren alabaren erretratua jostailuzko zaldi berde baten gainean. Zaldia bisitetan alabarentzat zeukaten manta berdea zen.

Gartxotek sinatzen duen “Barruan” komikian, bestalde, 2000ko hamarkadan kartzelan bizitako istorioak islatzen dira. Egilea ez zen aurkezpenera agertu, eta ez du liburua bere izenarekin sinatu: «Zoritxarrez, preso ohiek oztopo ugari aurkitzen ditugu lan munduan euskal preso politiko izanagatik. Nire kasu pertsonalean, lana galtzeko arriskuan egongo nintzateke», esan zuen mezu batean.