EDITORIALA

Osasun publikoaren krisi gero eta sakonagoa

Gotzone Sagarduik zuzentzen duen Osasun Sailak kargutik kendu zuen atzo Donostialdeko ESIko gerente Itziar Perez, eta ordu batzuk geroago Donostiako Unibertsitate Ospitaleko zuzendari mediko Idoia Gurrutxaga. Departamenduak lehenaren kargugabetzea berretsi zuen baina ez zuen beste azalpenik eskaini. Albistea jakin bezain laster, hogeita hamar bat zerbitzuburuk elkarretaratzea egin zuten ospitalearen atarian, erabaki hori gaitzesteko. Mobilizazio horrek, ondoezaz gainera, Osakidetzako zuzendaritzaren eta profesionalen artean gatazka garrantzitsu bat dagoela erakusten du.

Gipuzkoako erakunde sanitario nagusia burugabetzea eta inolako azalpenik ez ematea ez da, noski, arduradun politiko baten jardunak gidatu behar duen jokabidea. Osakidetzako arduradunek gertatutakoaren azalpen zehatzak eman behar dituzte. Era berean, Perezek lankideei bideratutako mezuan aipatu zuen sailarekiko «lerrokadura falta» hori zertan datzan azaldu behar luke. Herritarrek eskubidea dute jakiteko zer motatako desadostasunek bultzatu duten Osasun Saila hain erabaki erradikala hartzera. Are gehiago, osasun publikoak eragin handia du jendearen bizitzan, gure ongizate estatuaren atal funtsezkoa baita, eta haren etorkizunari buruz hartzen diren erabakiek mundu guztiari eragiten diote. Zentzu horretan, haren inguruko eztabaida politiko informatua ezinbestekoa da. Nolanahi ere, kargugabetze horien arrazoi nagusietako bat Onkologikoa sare publikoan integratzeko prozesua dela pentsatzea ez da zentzugabea. Badirudi minbiziaren aurkako borrokan punta-puntako zentro hori integratu beharrean desegiten ari direla, profesionalek eta erabiltzaileek behin eta berriz salatu duten bezala. Salaketa hori mobilizazio garrantzitsua bihurtu zen joan den urrian.

Osakidetza gatazka batetik bestera dabil, dimisioak pilatzen dira, eta orain baita kargugabetzeak ere. Zerbait ondo ez doan seinale. Gero eta nabarmenagoa da Osasun Sailak bere etorkizunari buruz egiten duen diseinuarekin zerikusia duela. Huste bat bultzatzen ari da osasun pribatuen mesederako, eta lerro horren aurkako jarrera gero eta zabalagoa da.