GARA
BILBO

200dik gora adituk eskaera zehatzak egin dituzte Hezkuntza Legerako

«Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz» adierazpena aurkeztu zuten atzo, Euskararen Egunean, Bilbon. EAEko Hezkuntza Legeari zuzendutako hiru eskaera zehatz jasotzen ditu, eta hezkuntza, kultura eta euskararen munduko 211 aditu eta pertsona ezagunek eman diote atxikimendua. Kontseiluaren webgunean sina daiteke.

211 eragileren babesa du atzo Bilbon aurkeztu zuten adierazpenak. Bat egiteko aukera dago Kontseiluaren webgunean.
211 eragileren babesa du atzo Bilbon aurkeztu zuten adierazpenak. Bat egiteko aukera dago Kontseiluaren webgunean. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Euskararen Nazioarteko Egunean, EAEko hezkuntza lege berriak jaso beharreko hiru neurri azaltzen dituen “Euskara eta euskal kultura, etorkizunaren ardatz” adierazpena aurkeztu zuten Bilbon. Testuak 211 aditu, sortzaile eta profesionalen atxikimendua jaso du. Tartean daude ikastola eta eskoletako irakasle eta zuzendariak, hezkuntzan adituak, unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak, idazleak, aktoreak, musikariak, bertsolariak, hizkuntzalariak, hezitzaileak eta teknikariak.

Honakoak dira hiru eskaera zehatzak: «Euskara ikas- eta irakas- hizkuntza izango duen eredu orokortu inklusiboa; euskal kultura ardatz izango duen euskal curriculuma; eta hezkuntza ez-arautua osorik euskaraz garatzea».

Adierazpenari atxikimendua eman diotenen artean daude Iñaki Goirizelaia, Amelia Barquin, Nerea Mujika, Miren Agur Meabe, Yolanda Arrieta, Olatz Salvador, Mikel Urdangarin, Iñigo Etxezarreta, Aitziber Garmendia, Antton Telleria, Alaia Martin eta Aitor Mendiluze.

Ekimena aurkezteko agerraldian izan ziren, sinatzaileen izenean, Aitziber Martinez de Lagos, Ane Sarasketa, Asier Etxenike, Gaizka Arrizabalaga, Gotzon Barandiaran, Gurutze Ezkurdia, Idurre Alonso, Idurre Eskisabel, Jon Artatxo, Joxe Mari Sors eta Zuriñe Zorrozua. Iratxe Retolaza EHUko irakasleak eta Leire Vargas idazleak irakurri zuten testua.

Kontseiluaren ekimenez

Adierazpena sustatu duen Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Paul Bilbao ere izan zen ekitaldian, eta gogora ekarri zuen iragan urriaren 10ean, euskalgintzak, hezkuntza komunitatearen erakunde garrantzitsuenek eta gehiengo sindikalak ekarpen bateratua aurkeztu ziotela legeari. Oraingoan, aldiz, proposamen zehatza eta laburra aurkeztu dute, ez Kontseiluarena, baizik eta hainbat aditu eta sortzailerekin jorratutakoa.

Bi elementu erantsi zituen Kontseiluko eledunak. Batetik, gaurtik aurrera nahi duen orok aukera izango duela dokumentuari atxikitzeko Kontseilua.eus-en, eta bestetik, honakoa beste urrats bat izan dela. «Gure esku dagoen guztia egingo dugu legeak hiru neurri horiek jaso ditzan».

Adierazpenean jasotzen denez, euskarak behar du izan hezkuntza sistemako hizkuntza normalizatua. «Euskara ezagutu gabe sartzen diren ikasleei arreta berezia eskaini beharko zaie, eta hizkuntza proiektuak errealitate soziolinguistikora egokitzeko irizpide orokorrak ezarri beharko ditu legeak berak. Betiere euskara gutxiago duenari gehiago ematea izango da oinarria».

Nabarmendutako bertze puntu bat «euskarazko kulturgintzaren transmisioa bermatzeko» premia da. Ekimenaren bultzatzaileek ez dute ahazten euskal kulturgintza ekosistema bat dela, eta ekosistema hori osasuntsu egon dadin, eragile guztiek elkar elikatu behar dutela azpimarratzen dute testuan.