Izena ABIZENA
ZORROZTARRIA

Argibizi, dendaprest

Hertzainak bere azken biran dagoela irakurri dut nonon. Poztu egin naiz, Bizkaiko metalgintzako goizaldeko grebalariek pozik egoteko motiboa dutela pentsatuta. Baina hau kolpea! Gero, batzoki batean Arabako mahastietako urteko ardoa eskuan nuela, barrako jelkide heavymetal-zale bati entzun diot rock banda zela hura! Esaten nuen ba, beste horien borra-kolpeen soinua ezin zela musikatzat hartu! Hortaz, beti pentsatu izan dut belarriek neure gorputzean betetzen duten funtzio bakarra aerodinamikoa dela, haize ufadak kontra ditudanean egonkortzaile…

Tira, harira! COP27 amaitu berritan denetariko gogoetak entzun ditut han-hemen. Batzuen ustez botila erdi beteta dago, erdi hutsik beste batzuentzat. Bada botilarik ikusten ez duenik ere. Argi dagoena da botila izatekotan ez zela birziklatua izan, ez birziklagarria ere. Hori bai, berrerabilia izateko diseinatua da… COP28ko amaiera ekitaldian.

Beste orri batean Nazio Batuen Erakundeak Palestinan Estatu bi sortzearen alde egin zuela leitu dut… orain 75 urte egin ere. Eta oraindik iragana etorkizun Palestina odolustu hartan, Estatu bakarra eta Palestina ez den hartan. Ene, ene! Zer Nazio mota dira Estatuak ezin gauzatuta dabiltzan horiek? Eta Batuak? Erakunde da geratzen zaion bakarra, baina ez dakit zer eratzeko, Estatuak sikiera ez! Gauzak horrela, aitor dut, ez dut uste NBE horrek lagundu gaitzakeenik hemengo Hezkuntza Sistematik hemengo Hezkuntza Legera eman beharreko trantsizio horretan, ez behintzat Palestinarena ondo bideratuta utzi arte!

Eta kolpea hau ere! Negu garaiko arratsalde berez ilunenetan zer eta argi gehienezko arrastiak hiri erdiko etor-bide eta joan-bideetan; periferian kaleak baino ez dira. Gabonak, diote, aitzakiaz. Eta zuhaitzak pizgarri! Botilaren erdi betean ala hutsean? Auskalo!