EDITORIALA

Inertzia ez da nahikoa euskaran jauzi bat egiteko

Pertzepzioak arriskutsuak dira, gertaera edo ekimen baten datu errealak gutxiets baititzakete. Jakina, kontrakoa ere gerta daiteke, gehiegizko optimismoa bultzatzea. Botere hori dutelako, hain zuzen ere, komeni da sentsazioak ez gutxiestea.

Oro har, Euskaraldiaren edizio hau aurrekoak baino apalagoa izan dela dirudi. Askoren ustez, kanpaina ez da hain presente egon bi aste hauetan. Lehen balorazio oso positiboa egin duten arren, azterketak uzten dituen datuak ikusi ondoren, arduradunek gizarte esperimentu honen bilakaerari buruzko diskurtsoak eta lehentasunak birpentsatu beharko dituzte, agian. Eraginkorragoak izateko, baliteke aldaketak egin behar izatea. Normala da.

Euskal jendarteak, oro har, eta euskararen erakunde eta militanteek, bereziki, gaitasun handia erakutsi dute euskarari eta euskal nazioari bultzada eman dieten ekimenak asmatzen. Nortasun berritzaile hori ezaguna da eta txalotu behar da.

Aurreko Euskaraldia pandemiarena izan zenez, pandemiaren ostekoa errazagoa izatea aurreikusten zen. Agian, ez dugu izurritearen ajea behar bezala neurtu. Jende askori kostatzen ari zaio aurrera egitea. Enpresa askok zaila dute. Oro har, jendea ez dago ahalegin askotarako.

Gainera, sarri esperimentu honek dakarren berrikuntzaren alde egitea baino errazagoa da euskararen inguruko eskema tradizionalak erreproduzitzea. Era berean, ez dirudi baliabide berberak inbertitu direnik. Lurralde batetik bestera alde handia dago. Ziur asko, arazo hauek ez dira soilik euskararen auzian izaten ari.

Kike Amonarrizek uneotan «hizkuntza politiketan jauzi handi bat egiteko hausnarketa kolektiboa» behar dela azaldu du. Lan hori aurrera ateratzeko guztion arteko zintzotasun, argitasun eta indar handiak beharko dira. Hau ez da iritzi edo pertzepzio bat; hau datu bat da.