Amalur ARTOLA
DONOSTIA

«Loti (h)errena», Zart! Kolektiboaren «paperezko diskoa»

Ideia eta hausnarketarako espazio bat eta, aldi berean, elkarlanean proiektuak sortzeko egitasmoa da Zart! Kolektiboa. Harkaitz Cano, Maite Larburu, Mikel Urdangarin edo Lou Topet dira, besteak beste, pandemia betean sortutako kolektibo honetako kideak eta, «Loti (h)errena», euren lehen lan komuna.

Zart! kolektiboko kideetako batzuk, grabaketan.
Zart! kolektiboko kideetako batzuk, grabaketan. (ZART! KOLEKTIBOA | LEKTIBOA)

Elkarlanean proiektuak plazaratzeko eta, aldi berean, hausnarketa eta laguntzarako espazio izateko sortu zen Zart! kolektiboa. «Hasteko, elkarrekin egoteko gune bat da, ze askotan aipatzen dugu antzeko egoeran gaudela, prekarioa askotan, eta badagoela halako gabezia edo behar bat inposatzen zaiguna sortzaile izateaz gain komunikatzaile, saltzaile… ere izatekoa. Hori modu partekatuan egiteko bildu ginen», azaldu digu Harkaitz Canok. Berak eta Maite Larburu, Alain Urrutia, Mikel Urdangarin, Iker Lauroba, Rafa Rueda, Elizabeth Macklin, Lou Topet eta Naiara Egimendiak osatzen dute kolektiboa.

“Loti (h)errena” da kolektiboaren lehen lan komuna, disko liburu izateko pentsatu eta «paperezko disko» izaten amaitu duen proiektua. «Entzun litekeen liburu bat da edo ikusi litekeen musika; paperezko disko bat», deskribatu du Maite Larburuk. Bere iritziz, diziplina ezberdinetako jendea batu izanak izaera berezia eman dio proiektuari, eta emaitza ere halakoxea da: ezberdina. Euskarri fisikoa liburu bat da, non kolektiboko kide ezberdinen idatziak (poemak, kantuak, esaldi solteak, hausnarketak, zirriborroak…) eta ilustrazioak (marrazkiak, argazkiak, collageak…) biltzen diren. «Liburu baten itxura dauka eta esango nuke garai batean diskoetan agertzen ziren libreto horien mutazio bat dela. Joan gara hor biltzen loarekin, insomnioarekin, esna mantentzearekin, kafearekin… lotura duten kontuak», azaldu du Canok, eta zehaztu du liburua bera ez dela hasi eta buka, ordena zehatz batean irakurtzekoa: «Bi aldeetatik irakurtzen den liburu bat da; bi azal ditu, ez du kontrazalik. Testuetako batzuk zentzu batean irakurtzen dira eta besteak bestean, alegia, liburuari buelta eman behar diozu».

Eta, orriz orri, denetik topa daiteke: poema itxurako aleak, “kafe ahula” prestatzeko errezeta, gauez lorik egin ezin denean har daitezkeen estrategiei buruzko oharrak… Baita Virginia Woolf, Bukowski eta beste hainbat autorek loaren inguruan egin dituzten hausnarketak ere. «Batzuk dira loaren aldekoak eta beste batzuei denbora galera iruditzen zaie. Beti dago galdera hori, ea artista on guztiak insomneak ote diren», esan du Canok. Hortik izenburua, “Loti (h)errena”, loa erren lukeen sortzailearen kontzeptua.

Kantuak QR kode bidez

Audioetarako zubia QR kode batek egiten du. «Zalantza egin genuen, Durangon urtero entzuten dugun esaldietako bat baita ‘nik ez daukat CD erreproduktorerik’», onartu du Canok, baina «hemen esperimentatzeko gaudenez», hala egitea erabaki dute. 17 pista dira guztira: 12 abesti formatuan emanak, gainerakoak bereziagoak. Tartean badaude Rafa Ruedak Donostian aurkeztu zuen Rafael Berrioren kantu baten euskarazko bertsioa, Raymond Carver-en “Lotan” poema edo “Mitxitxi marriau” sehaska kanta (Larburuk “Hondamendia” antzezlanerako egina). Gainerakoak proiektu honetarako espresuki sortutako lanak dira, ‘‘Ardiak kontatzen’’ seriea edo Canoren testu batetik Larburuk sortu duen abestia kasu: «Insomnioaren gaineko testua luze-luzea da. Nik esan nion ‘Maite, hau ezin da kantatu’, eta berak kantatu egin du, halako rapeo baten bidez», jarri du balioan.

Elkarlan honen ondotik gehiago etorriko diren galdetuta, hau abiapuntua besterik ez dela izan dio Larburuk. «’Loti (h)errena’ zuzenekoa izatea zen haserako ideia eta ederrena hori litzateke», azaldu du, eta bestelako proiektuak ere etorriko direla dio: «Kolektiboak zure konfort gunetik ateratzeko pasaportea dira, eta horrela, espero ez dituzun gauza asko sortzen dira. Espero dezagun hemendik korapilatzen joatea gure arteko kolaborazioak».