GARA
STOCKHOLM

Suediak asilo eskatzaile kurdu bat Turkiara deportatu du, NATOn sartzeko bidea egiteko

Tobias Billstrom, Atzerri ministro suediarra.
Tobias Billstrom, Atzerri ministro suediarra. (Andrei PUNGOVSCHI | AFP)

Suediak deportatutako asilo eskatzaile kurdu bat espetxeratu zuen atzo Turkiako auzitegi batek. Mahmut Tat ostiral gauean iritsi zen Istanbulera, eta poliziak atxilotu egin zuen. Tati 6 urte eta 10 hilabeteko kartzela zigorra ezarri zioten PKK-ko kide izatea egotzita. 2015ean Suediara ihes egin eta, asilo politikoa eskatu zuen, baina haren eskaera atzera bota zuten. Suedian eta Finlandian dauden erbesteratu kurduen zoria jokoan dago, bi herrialdeek Ankararekin negoziatu baitute NATOn sartzeko betoa kentzeko.

«Ikaragarria da. Ez da soilik arazo bat berarentzat, batez ere arazo bat da Suediako demokraziarentzat eta giza eskubideentzat», deitoratu zuen Taten Suediako abokatu Abdullah Devecik.

Maiatzaz geroztik, Turkiak Eskandinaviako herrialdeen sarrera blokeatzen du, hainbat iheslarien estradizioa exijituta. Maria Malmer Stenergard Suediako Migrazio ministroak esan zuen Taten estradizioa batzordeak eta migrazio auzitegiek hartutako erabakia izan zela, ez Gobernuak.

Baina Gobernuak aurretik bidea ireki zuen. Orain arte, lege suediarrak ez zuen onartzen erakunde baten kidetasuna leporatzea deportazio arrazoi bezala. Gobernu berriak legea aldatu egin zuen oztopo hori kentzeko eta Ankararen pozerako.