Andoni ARABAOLAZA
BIAIZPE

Trilogia ederra sinatu dute Irurtzungo Haitz Txikian

Zenbait sokakidek lagunduta, Urko Garbizuk nortasuna duten hiru bide berri zabaldu ditu: “Axeri Dantza” (6b+/A2+, 140 m), “Mendiriz Mendi 75” (6a/A2, 145 m) eta “Dictadura sanitaria” (6a+/A2, 160 m).

Inork ez du zalantzan jartzen Irurtzungo Biaizpe arrokazko eszenatoki oso erakargarria dela. Kirol eskaladarako sektore bat badu, baina, oro har, hainbat luzetako bideak dira inguru horri benetako indarra ematen diotenak. Pena bakarra da autobiaren trafikoak sortzen duen zarata. Baina, nolabait esateko, parez pare dauden Haitz Handian eta Txikian jarduten dutenek, kontzentrazioari esker, egoera deseroso hori saihesten dute.

Haitz Txikia aipatu dugunez, esan behar dugu horma horrek trilogia ederra jaso duela. Nahiz eta lan horietan sokakide batzuek lagundu dioten, proiektu horren sortzaile nagusia Urko Garbizu izan da; hots, hiru proposamen berriak osatu dituen alma mater-a. Uzta horrek honako emaitza eman du: “”Axeri Dantza” (6b+/A2+, 140 m), “Mendiriz Mendi 75” (6a/A2, 145 m) eta “Dictadura sanitaria” (6a+/A2, 160 m).

Eskalatzaile astigartarrari onartu behar zaio egiten dituen behaketek asko motibatzen dutela lan berri bat aurrera eraman ahal izateko. Zirrikitua aztertu, estrategia eta behar duen tresneria antolatu… Eta pixkaka zein patxadaz, forma ematen dio gainditu behar duen xedeari.

Garbizu ez da gai hauetan hasiberria. Eskalatzen hasi zenetik, ibilbide interesgarria izaten ari da sortzaile lanetan. GARAri azaldu dionez, betidanik toki garaietara igo nahi izan du, handik zer ikuste zen sentitzeko: «Riglos, Haitz Txikiko “Txemi” bidea… nire lehen eskarmentuak izan ziren. Bide batez, Picu Urriellu begiratu eta ohartzen nintzen 6a/A2 mailarekin bide ikusgarrietatik igotzeko aukera nuela. Horma luzeen mundu horretan hasi nintzenean, argi ikusi nuen abentura zela gehien erakartzen ninduena. Bide berriak irekitzeak asko erakarri ninduen, eta lehena Aiako Harrian heldu zen. Gainera, bakarka egin nuen».

Ikastaldi hori sendotu behar zuen, eta, horretarako, sena ondo erabilita, murru luzeetan hainbat eskalada egin zituen. Horrez gain, eskarmentua duten beste eskalatzaile batzuekin igoera bat baino gehiago partekatu ditu: «Une jakin batean, jarduera berriak neure kabuz antolatzea eta egitea erabaki nuen. Eskalada artifiziala gustuko dut, eta onartu behar dut egun artifoa egiten dutenak ez direla asko. “Igeltserotza” kontu horiek ez dute eskalatzaile ugari erakartzen. Luze bat zabaltzeko hamar ordu igarotzea oso astuna da! Pentsa ezazu zenbat aspertu behar duen segurtatzaileak. Artifiziala gehiago menderatzeko, Kataluniara joan nintzen eta Santi Llopekin ikastaro batzuk egin nituen. Asko ikasi nuen, eta, gainera, nire jakingura bera zuten beste kide batzuekin elkartu nintzen han».

Aiako Harrian zabaldutako bidearekin batera beste batzuk iritsi ziren: Escarrilan, Burgin, Albanian… Batzuk bakarka egin zituen, eta beste batzuk, gehienak, sokakideekin: «Lagunak lan horietan ondoan edukitzea nahiago dut; gehiago motibatzen nau. Baina momentu zehatz batzuetan bakarkakoek gehiago betetzen naute. Autosufizientzian lan egiten duzu, eta horrek bere saria du».

Irurtzungo Haitz Txikian egin dituen lanetan buru belarri sartu aurretik, protagonista honi galdetu diogu marra bat zabaltzeko garaian zein den praktikan jartzen duen estiloa. Honakoa erantzun digu: «Eskalada tradizionala indarrean jartzen dut. Eta onartu behar dut ibilbide horretan, ziur aski adinarengatik, etikaren inguruan dauden forma batzuk pixka bat aldatu ditudala. Adibidez, Haitz Txikian ireki ditudan bideen helburu bat da errepikatzaileek mailurik eraman ez dezatela. Ez dut iltzerik uzten, paraboltak jartzen ditut… Eta, jakina, norberak bere burua ohiko tresneriarekin babestu behar du. Nire abentura da, eta sortzen dudan proposamena neure baitarako egiten dut. Ohartuko zara artifiziala atsegin dudala; jakina, gustatzen zait bide horiek errepika daitezela eta, ahal badute, era askean igo dezatela».

Trilogia Haitz Txikiari begiratzen badiogu konturatuko gara mendebaldeko hormak bide luze gehienak biltzen dituela. Ez dakigu sektore horretan zer edo zer berririk egiteko aukera dagoen. Garbizuk, bederen, ondoko argazkian ikusten den espoloi hori fitxatu zuen; hain zuzen ere, ukitu gabe zegoena. Berriro motorrak berotu eta bere lehen helburuarekin lanean jarri zen: “Axeri dantza”. Duela zortzi urte izan zen, eta Martin Palas ondoan izan zuen: «Zirrikitu hori ikusi eta erakarri ninduen. Oso nabarmena den kobazulotik zabaldu nahi nuen, baina arroka hautsita zegoenez, beste aukera baten alde egin nuen. Bigarren luzea (A2+, lau parabolt) bidearen giltza da, eta ez du momentuz errepikapen integralik izan. 6c+ mailako luzeak (oso ona da) txapa bat du eta goi aldea (ertza) erabat garbi dago. Diedroa eta eroria duen sekzioa dira marra horren zatirik zailenak. A2+ hori ez da era askean igo. Zistok eta Ibontxok ere parte hartu dute lan horietan».

Hurrengo urtean, “Mendiriz Mendi 75” proiektuarekin hasi zen. Lehen luzea bakarka zabaldu zuen, baina, lesio batzuk tarteko, xede hori atzeratu behar izan zuen. Osatu bezain pronto, zintzilik utzitako lanekin hasi zen: «Maider Semper batu zitzaidan; beti oso motibatuta egoten da! Albaniara eginiko bidaia batetik gentozen, eta, Eginon jarduera bat egin eta gero, Maiderrek lagundu zidan marra hori biribiltzea. Egundoko ezustekoa hartu nuen azken luzearekin (6c): hamar izarretakoa da! Jende gutxik errepikatu du eroria duen artesi hori, baina guztiek ala guztiek baieztatu dute Biaizpeko luze onena dela. Txapa bakarra du, baina oso ondo babesten da».

Garbizuren trilogiaren hirugarren eta azken bideak “Dictadura sanitaria” du izena. “Lantegitik” atera berria da; hots amaitu berria. Aipatu behar dugu, hegaztien habiengatik, horma horretan irailetik martxora arte eskalatu daitekeela. Proposamen honen inguruan eskalatzaile honek zera aurreratu digu: «Nire uste apalean oso polita da. Hasieran A2 mailako luze bat du, eta oraindik ez da librean eskalatu. 7c inguruko zailtasuna izan dezake. Txapa asko ditu, baina, beste bi bideek bezala, azken honek ere nortasuna du. Lehen luzea, adibidez, garbi dago, eta goi aldean katxarreatu behar da. Duela guxti bukatu dut Iñaki Eizmendiren laguntzarekin. Aukera dago ere “Zezenen plaza” izeneko erlaitzetik bide honekin bat egiteko; hain zuen ere, hirugarren bilerara. Hurrengoa (6b) polita da eta hiru txapa ditu. Eta azkena (6c+) eroria duen plaka bat da. Hiru parabolt ditu bakarrik, eta ziurta dezaket oso ona dela. Azkenik, aipatu nahiko nuke “Dictadura sanitaria” eta “Mendiriz Mendi 75” bideen lehen errepikapenak nire lagun eta sokakide Rafa Zuzak egin dituela».