Arnaitz GORRITI
PILOTA

Elezkanok eta Tolosak zukua atera diote azkenera arte sufritzen jakiteari

Etxeberria eta Rezusta 1-7 aurretik izan dira, baina Elezkanok aurrelari urdina aurrean katramilatu duenean, buelta eman diote partidari. Hala ere, urdinak 19-20 aurretik jarri dira, bikote gorria erabat jota zegoelako. Partida 21na zela, Elezkanoren ezker sotamanoak erabaki du Beotibarko dema.

Danel Elezkanoren ezkerkada desesperatu batek erabaki zuen Tolosako partida.
Danel Elezkanoren ezkerkada desesperatu batek erabaki zuen Tolosako partida. (Jon URBE | FOKU)

Ez zen agian Binakako Txapelketako partidarik onena izan atzo Tolosako Beotibarren jokatu zena, baina bai gogorra gero! Azken pilotakada Danel Elezkanok sotamanoz egindako dejada bat izan zen, ez itxura batean tantoa izan beharrekoa, baina bai Elezkano II.ak eta Xabi Tolosak pilatuta zekarten nekearen adierazgarri. Kale edo bale, Zaratamoko aurrelariak nolabait amaitu nahi izan zuen tantoa, edo behintzat Peio Etxeberria beste behin aurreko koadroetan katramilatu.

Baina hara non Zenotzeko aurrelaria ez zen pilotara abiatu ere egin, oinak iltzatuta balitu bezala, eta orduan arnasa hartu ahal izan zuten gorriek, lehiaketako aurreneko puntua eskuan, 1-7ko bat irauli, 19-20koa irauli eta, leher eginda, kitarakoa eraman zutenean.

«Huts dexente egin ditugu, baina lan ere gogotik egin dugu. Azken tantoa loteria izan da. Defendatzea tokatu zaigu gehienean, baina azken jokaldia zorionez txapa gainean erori da», aipatu zuen Danel Elezkanok, nekatuta baina pozik, partida amaieran.

Hasieratik garbi geratu zen gorrien estrategia. Urdinek tantoak mendean hartu arren, errematerako aukera txikiena baliatzen saiatu zen Elezkano, nahi baino pilota gehiago galdu arren. Hasieran, alabaina, bizkaitarrari zuloak aurkitzea asko kosta zitzaion, neurri handi batean Beñat Rezustak kantxa betetzeko duen gaitasunagatik. Ordezko gisa arituta ere, ezin dakioke konpromiso faltarik leporatu Zaratamoko aurrelariari, baina zorterik ez zuen izan aurreneko zatian.

JOKOA EZ DA ERRENTA

Akordatzerako Peio Etxeberria eta Rezusta 1-7 aurreratu ziren beste munduko jokorik erakutsi ez arren. Aurreneko tanto horietan Binakako Txapelketako estreinakoan baino hobeto hartu zuten elkar, Bergarako atzelariak aginduz bikotearen nondik norakoetan. Baina Etxeberria arinegi okertu zen, neurri batean horretara bultzatu zuelako Elezkanok.

Hain zuzen, aurrelari nafarrak gorrien susperraldian zeresanik izan zuen, bata bestearen atzetik hiru pilota galdu zituelako. Estrategikoki, bestalde, Elezkano II.ak jokoa bere aldera ekartzea lortu zuen. Pilotak ere ez ziren biziegiak, jokoa aurrean nahasten saiatzeko eta Etxeberriaren ahulguneak bilatzeko. Baita lortu ere.

Urdinak 4-8 izatetik 8-8na berdintzera pasatu zen lehia, batez ere Etxeberriari alde egin zioten zenbait pilotaren erruz. 9-8koa sakez egin zuen Zaratamoko aurrelariak, eta Etxeberriak eta Rezustak 9na berdindu arren, hurrengo hiru tantoak Elezkano II.ak berak amaitu zituen: 12-9, gorriek 11-2ko partziala lortu eta gero.

Hasieran dirua garbi azaldu zen urdinen alde, eta are gehiago 1-7koarekin; 12-9koarekin gorrien alde hasi ziren kantatzen artekariak eta hasierako trabesak egin zituztenak, dardarka. «Jokoa ez da errenta», dio esaera zaharrak.

Partida ia amaitu arte gorriek eraman zuten iniziatiba, baina asko kostata. Lehiak aurrera egin ahala, bikote gorriak nekea asko nozitu zuen.

Alferrik aurreratu ziren 19-16 Elezkano eta Tolosa, tantoak gero eta zailago baitziren beraientzat. Hala, Rezustak zuloak ireki eta Etxeberriak tantoak amaituta, pilotaren ohiko kanonari jarraituz, 19-20 aurreratzea lortu zuten urdinek.

Handik aurrera tanto guztiak agonia hutsa izan ziren, 21na berdinduta zeudela sotamanoz Elezkanok botatako dejadak lehia erabaki zuen arte.