Amaia U. LASAGABASTER
LIGA F

Bigarren itzuliko erronkari ekiteko eszenatoki aproposa

13. jardunaldiko atzeratutako partida jokatuko dute gaur Real Madrilek eta Realak (21.00). Natalia Arroyok erregulartasuna gehitu nahi dio bere taldeak orain arte erakutsitako lehiakortasunari.

Arroyo, Zubietan, jokalariekin hizketan.
Arroyo, Zubietan, jokalariekin hizketan. (Jon URBE | FOKU)

Madrildarren Txapeldunen Ligako neurketagatik atzeratutako 13. jardunaldiko partida jokatuko dute Real Madrilek eta Realak gaur Valdebebasen (21.00, DAZN). Bigarren postua eskuratzeko faboritoa bisitatuko dute donostiarrek baina, aurkari oso zaila dela onartuta ere, bigarren itzuliko erronkari ekiteko eszenatoki aproposa izan daitekeela uste dute; erronkei, erronkari baino, denek bat egiten badute ere.

Horiek aurrera atera ahal izateko, taldeak alde batera utzi beharko du sailkapenaren egungo argazkia eta, batez ere, iaz lortutakoaren oroitzapena. Errepikatzea ezinezkoa delako -partida guztiak irabazi beharko lituzke Realak 66 puntu haiekin amaitzeko- eta sentsazio horrek «larritasuna» sor diezaiokeelako, Natalia Arroyoren esanetan. «Baina Real Madrilekin bitan jokatu behar dugu oraindik eta aurretik dauzkagun gainerakoekin, partida bana. Bosgarren postua eskura daukagu eta baliteke laugarrenera ere heltzea, Realaren bigarren sailkapen historikoa errepikatuz. Talde horiek estutu behar ditugu eta gure bidea egiten joan; agian inurrien antzera eta Championsaren distira barik, baina ahal den urterik onena egiteko asmoz. Eta hori da helburua, ziur bainago taldeak gehiago nahi duela eta bigarren itzuli ona egingo duela», esan du.

Horretarako, orain arte erakutsitako lehiakortasunari eutsi beharko dio -«partida guztietan borroka egin dugu eta, galdu ditugun guztietan; Madrilenean izan ezik, partida barruan mantendu gara azken unera arte», azpimarratu du Arroyok- eta erregulartasuna gehitu, «garaipenak kateatzeko, orain arte egin ez dugun bezala».

Batez ere, aurkari indartsuenen kontra. Izan ere, Realak ez du garaipenik lortu taulan aurretik dituen taldeen aurka. Bere entrenatzaileak dinamika horri buelta eman nahi dio, gaurtik hasita. «Talde lehiakorra izatea nahi dut. Eta aurkariak gauza asko ondo egin behar izatea gu menderatzeko. Badakit Real Madrilek egin ditzakeela, denetatik daukalako, baina demostratu egin beharko du, Reala bihar talde anbiziotsua izan behar delako, irabaz dezakeela sinetsita dagoen taldea».

Arroyok, bestetik, bigarren buelta «ikasten jarraitzeko» aprobetxatu nahi du edota etxeko jokalariek beren ibilbidean aurrerapausoak ematen jarraitzeko, besteak beste.

> Laburrean

Derbia. 1. RFEFko 18. jardunaldia jokatuko da gaur. Unbek Eibarren eta Osasunaren arteko derbia hartuko du (17.00) eta Athletic Bk armaginekin sailkapenaren buruan berdinduta dagoen Deportivo bisitatuko du.

Jardunaldia. Atheticek eta Granadillak larunbatean Lezaman jokatuko duten partidak (12.00) emango dio hasiera 18. jardunaldiari. Alavesek Levanteren bisita hartuko du larunbatean ere (16.00) eta Reala Madrilera itzuliko da igandean, oraingoan Madril bisitatzeko (12.00).

Rankinga. IFFHS-k 2022ko munduko klub onenen zerrenda zabaldu du eta Reala 31. postuan agertu da. Bartzelonak, Chelseak eta Olympiquek osatzen dute podiuma. Lehen aldiz, txapelketa onena aukeratu dute eta Liga F dago lehen postuan, WSLren eta Division 1en aurretik. Kontinenteka egin duten jokalari onenen zerrendei dagokienez, «ezagun» bakarra dago, Alaveseko Osi Ohale, Afrikako hamaikakoan.

Deialdia. Realeko Alazne Estensoro deitu dute, Espainiako 17 urtez azpiko selekzioak datorren astean Estoniaren kontra jokatuko duen lagunartekoan parte hartzeko.

Errekorra. Australiak eta Irlandak jokatuko duten Munduko Txapelketako lehen partida eszenatokiz aldatu du antolakuntzak, sarreren eskari handia ikusita. 100.000 zale bildu ditzakeen Sydneyko Stadium Australian jokatuko da; hala, 1999an Pasadenan Estatu Batuek Txinaren kontra irabazi zuen Munduko Txapelketaren finalak ezarritako ikusle marka (90.195) hautsi nahi du FIFAk uztailaren 20an.

Ingalaterra. FA Cup-en final-zortzirenen zozketak puntako kanporaketa eman du, Chelsea egungo txapelduna eta Arsenal izango baitira aurrez aurre. Wembley-k maiatzean hartuko duen finalerako 30.000 sarreratik gora saldu dira dagoeneko eta, itxura guztien arabera, iaz bildutako 49.000 ikusleak gaindituko dira aurten.