GARA
BILBO

6.420 milioiko irabaziak lortu ditu 2022an BBVAk, inoizko handienak

BBVAk inoizko etekin handienak lortu zituen iaz; 6.420 milioi euro, erakundeak jakitera eman duenez. Igoera horren arrazoia kredituaren gorakadak eragindako «diru-sarreren igoera handia» omen da. Espainiar Gobernuak irabazi horiek kritikatu ditu.

Aurreko urteko irabaziak baino %38 gehiago lortu zuen 2022an BBVAk.        FOKU
Aurreko urteko irabaziak baino %38 gehiago lortu zuen 2022an BBVAk. FOKU

BBVAk 6.420 milioi euroko irabazi garbiak izan zituen 2022an; hau da, aurreko urtean baino %38 handiagoak (%39 dibisen efekturik gabe), orain arteko handienak, erakundeak atzo jakitera eman zuenez.

Etekin horietatik 3.000 milioi euro baino gehiago (irabazien %47) akziodunei ordaintzeko erabiliko ditu BBVAk. Alde batetik, urteko eskudiruzko dibidendua akzioko 43 zentimo gordinera igotzea proposatu du.

Hala, iragan urrian akzioko 12 zentimo ordaindu ondoren, akzioko 31 zentimoko dibidendu osagarri hori aurkeztuko dio bankuak akziodunen batzarrari, onar dezan. Dibidendu hori apirilean ordainduko dela aurreikusten da. Horrez gain, bankuak 422 milioi euroko akzioak berrerosteko plan berri bat jarriko du martxan.

Ordainsari hori bat dator taldeko akziodunari ordaintzeko politikarekin. Politika horren arabera, urtero ekitaldiko etekinaren %40 eta 50 artean banatuko da, eta akziodunak eskudirutan eta akzioak berrerosiz, biak konbinatuta, jasotzeko aukera dauka.

Erreakzioa

Bankuak «diru-sarreren handitze handiari» egotzi dio 2022an lortutako emaitza, handitze hori kredituaren digitu bikoitzeko hazkundeak bultzatu duela zehaztuz.

Era berean, marjina garbiak ere errekorra hautsi zuen, 14.130 milioi eurorekin, 2021ean baino %29,2 handiagoa izanik.

«2022a hazkunde-urtea izan da BBVArentzat. Gure historiako irabazi handiena lortu dugu, kreditua asko hedatu da eta digitalizazio, berrikuntza eta iraunkortasunean oinarritutako gure estrategian aurrerapen handiak egin ditugu».

Etekin horien harira, Yolanda Diaz espainiar Gobernuko bigarren presidenteordeak adierazi zuen krisia ezin dela aitzakia izan bankuek gehiago irabazteko, eta hipotekak izozteko eta irabaziak murrizteko eskatu zien. «Euriborraren igoerak batez besteko hipoteka hilean 250 euroan garestituko duen bitartean, BBVAren mozkinak %38 hazi dira, 6.420 milioiraino, inoizko handienak izateraino», zioen Diazek txio batean. Ione Belarra Eskubide Sozialen ministroa ere bat zetorren bankuek ezin dutela «aparteko onurarik» izan jendeak «benetan gaizki pasatzen duenean».

Carlos Torres BBVAko presidenteak, aldiz, erantzun zuen bankuak aurkeztu dituen emaitza on horiek gaizki uler daitezkeela. Torresek, Gobernuko kideen hitzei erantzunez, «milioika euroak eta errentagarritasuna bereizi» behar direla esan zuen, Estatuan oraindik erakundea ez dela kapitalaren kostura iristen azpimarratuz. Mozkinen zati handi bat atzerritik datorrela ere aipatu zuen, 2010. urtetik ez baita horrelako emaitzarik erregistratu.

Torresek merkatu-ekonomia eta ekimen pribatua ere defendatu zituen: «Horrek sortzen du ongizatea eta horrek esleitzen ditu baliabideak modurik zuzenenean, akatsak eta jardueraren beharrezko erregulazioa gorabehera».