Ion GARATE-Zuriñe IGLESIAS
Elkarrizketa
OIHANA KORTAZAR
Mendi korrikalaria

«Neure buruan ez nuen inolako kalkulurik egin»

Teide mendiko igoeran eta jaitsieran marka berria ezarri du Kortazarrek: 6.41.18. Hori egiteko ez zuen erreferentziarik hartu, halakoetan ez baitu «errendimendu ona ematen» normalean. Hori ez ezik, lasterketa egiteko ere ez du entrenamendu berezirik egin. Datozen lasterketetan distantziak luzatzen joan nahi du, «aldaketa bat behar» duelako.

(C. BIEL RAFOLS | SALOMON)

Izugarrizko gaitasun fisikoa duela ukaezina da, baina sufritzeko gaitasuna ere baduela erakutsi zuen Oihana Kortazarrek (Elgeta, 1984) pasatu den astelehenean. Teide mendiko igoeran eta jaitsieran -54 kilometroko ibilbidea du, eta itsas mailatik 3.718 metrotara dago- birritan okertu baitzuen orkatila, eta beste hainbestetan altxatu zen. Alturan korritzearen inguruan, aitortu du ez zuela uste «hainbestekoa» izango zenik, eta igoeran askoz mantsoago joan zela gaineratu du.

Marka berria ezarri duzu Teiden. Espero zenuen denbora horren bueltan ibiltzea?

Egia esan, ez nuen inolako kalkulurik egin. Nire erreferentzia bakarra zen Ragna Debatsek aurretik ezarri zuen errekorra -7.01.49-. Gure taldekide batek pasabideetako denborak oso markatuta zituen, eta noizean behin ibilbidean galdetzen nion zelan gindoazen, baina nik neure buruan ez nuen inolako kalkulurik egin. Ez dut erreferentziarik hartzen sekula, ez baitut errendimendu ona ematen normalean. Nahiago izaten dut lehiaketako txiparekin irten, kontzentratuta, ahalik eta hoberen egitera.

Buruan zenuen proiektua ala sortu ahala joan zen?

Denbora bat neraman buruan nuela, eta 2021eko irailean proposamena irten zen. Asmoa zen erronkari 2022ko martxoan ekitea. Ez genuen hartu Teideko parke naturaleko tontorrera joateko baimena, baina data zehaztuta zegoen. Orduan lesionatu egin nintzen, eta ez genuen egin. Hala ere, jada hartuta nuen hegaldia otsailean entrenatzera joateko. Eta min hartuta eta korri egin ezinik egon arren, hara joan ginen, nire senarra, umeak, eta ni.

Hotelera iritsi orduko, egin nuen lehenengo gauza izan zen galdetu ea herrian ba ote zegoen fisiorik, egun horietan tratamendua jaso behar nuelako. Hoteletik oso gertu fisio bat zegoenez, han egon ginen lau-bost egunak. Nire oporrak hauexek izan ziren: hoteletik fisiora eta fisiotik hotelera, egunean hiru aldiz joaten nintzen makina bati lotzera. Gainera, herren nengoen eta ezin nuen pausorik eman.

Ondoren, denboraldia hasi eta lasterketekin hasi nintzenean, behin lesioa osatuta, Teidekoa ezin nuen alde batera utzi. Baina egitekotan, urte amaieran izan behar zuen, urtean zehar lasterketa pila bat egiten baititut. Beste data bat ipini genuen, eta hortik aurrera hatzak gurutzatu nituen ezer berezirik ez gertatzeko.

Espresuki prestatu zara erronka honetarako edo betiko martxan jarraitu duzu?

Betiko martxan jarraitu dut. Duela bi urte, otsailean Teiden egon nintzenean, ez nuen lur-eremuan entrenatu, eta oraingo honetan ere ez: etorri ginen igande eguerdian, astelehenean lasterketa korritu eta astearte goizean buelta egin genuen. Nire prestakuntza izan da 2022 denboraldi hasieran eduki ditudan lasterketak. Egia da batez ere uztail, abuztu eta irail bitartean hainbat lasterketa izan ditudala maratoiko distantziakoak, baina oso teknikoak izan dira, ez zirenak denboraz azkar egitekoak, eta horiek antzekotasunak zituzten Teideko distantziarekin eta denborarekin alderatuz gero.

Sokorro hondartzatik abiatu zinen, itsas mailatik Teidek dituen 3.718 metrotara. Mendian ibili denak badaki alturak eragin handia duela gorputzean. Sintomarik pairatu al zenuen ibilbidean?

Bai, dezente nabaritu nuen, eta ez nuen uste hainbestekoa izango zenik. Irudietan gainera antzematen da, askoz mantsoago joaten naizela azken igoerako metroetan; zorabiatuta sentitzen nintzen.

Atseden pixka bat hartu beharko duzu. Baina zer asmo duzu datozen asteetarako?

Hiru astez atseden hartu nuen Teideren ondoren, hala egokitzen zitzaidan, gainera. Eta esaten den moduan, ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Datorrenari dagokionez, denboraldi honetako lehen lasterketa entrenamendu gisara izan bazen ere, Leongo Transcandamian korritu nuen. Asteburu honetan Negu Trailen izango naiz, Berastegin. Otsailaren 26an traileko Espainiako Txapelketa dago Cadizen. Niretzat azkarregia izango da, 34-35 kilometroko lasterketa delako, eta oraindik ere ez dut izan astirik ganoranzko entrenamendu luzerik egiteko. Baina lasterketaren batekin hasi beharko dut probatzen.

Bestalde, FEDMEko (Espainiako Mendi Kirol eta Eskalada Federazioa) Espainiako Txapelketan egongo naiz apirilean, eta Golden Trail Seriesetan ere izango naiz. Aurten Domusa Teknik 60 kilometro inguruko lasterketa egiteko asmoa dut, distantzia horretan korritu nahi dudalako. Distantziak luzatu nahi ditut pixka bat, baina ez dut egingo zorakeriarik, eta derrepente Ultra Trail batean lehiatu. Aldaketa bat behar dut, ikusten baitut nire gorputzak hobeto erantzun dezakeela maratoia baino pixka bat luzeagoko distantzietan.

Eta Ultrarako asmorik baduzu luzera begira?

Ba, egia esan, ez dakit. Nire buruan gauza asko aldatu beharko dira, ze oraintxe bertan ez nau batere erakartzen Ultra bat egiteak. Beste gauza bat da era natural batean ni konturatzea edo esatea «jada nazkatu naiz distantzia hauekin, eta benetan motibazioa eta ilusioa sentitzen dut halako distantzia luze bat egiteko». Baina oraintxe bertan ez nau batere motibatzen.