Alaia SIERRA
GASTEIZ

Zaintza «iraultzeko» dinamika sortu du Mugimendu Feministak

Zaintza «negozio bat ez dela» defendatzeko mobilizazio dinamika bat abiatuko du Mugimendu Feministak, eredu «kapitalista eta patriarkala iraultzeko». Prekarizazioa, merkantilizazioa eta baldintza «negargarriak» salatzera dei egin zuten.

Gasteizen aurkeztu zuten dinamika.
Gasteizen aurkeztu zuten dinamika. (Endika PORTILLO | FOKU)

“Denon bizitzak erdigunean” lelopean, Euskal Herriko Mugimendu Feministak zaintza eredua «irauliko» duen mobilizazio dinamika bati ekingo dio, martxoaren 8an hasita. Diotenez, zaintzak «ezinbestekoak dira bizitzeko, eta ezin dira merkantilizatzen utzi».

Atzo Gasteizen eskainitako prentsaurreko batean iragarri zuten mugimendu feminista «berriro aktibatu» dela, zaintza ereduaren krisia dela eta.

Pandemiak ekarri zuen adinekoen egoitza batzuetako «egoera jasangaitzaz» gain, sektorearen lan baldintza «negargarriek», langile migratuen egoera irregularrak, langabeziak, pentsio baxuek eta bizitzaren garestitzeak aterako ditu feministak kalera.

«Etxeetan, lantokietan eta harremanetan langile klaseko emakumeak izaten jarraitzen dugu zaintza sostengatzen dutenak. Denboren eta baliabideen pobrezia pilatzen segitzen dugu. Lanaldi bikoitzekin, zerbitzu publiko urri eta prekarioak ordeztuz, denera iritsi ezinik eta bidean gure bizitzak immolatuz», azaldu zuten sektoreko langileen egoera.

Horrela, «epe luzerako» prozesu bat proiektatu dute, datorren martxoaren 8an hasiko dena. Aurrera eramateko, herri mugimenduekin eta «zaintzaren sektorean lan baldintzak hobetzeko borrokan ari direnekin» lankidetza azpimarratu zuten, «indarrak batzeko».

«Aliantzak bultzatu nahi ditugu herri mugimenduekin eta dena aldatzeko zaintza sistema irauli nahi duten guztiekin», zehaztu zuten atzoko prentsaurrekoan.

Bide batez, «eskubide kolektibo baten alde» egingo dutela adierazi zuten, «pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak askatasun, duintasun, eta konpromiso baldintzetan emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde».

Funtsean, «zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun erabakitzeko gaitasuna» aldarrikatuko dute borroka dinamikan osoan.

Beraz, Euskal Herri guztiko herri eta auzoetan asanblada feministak osatzeko eta antolatzeko deia zabaldu zuten, borroka prozesuarekin bat egin dezaten.

Horretarako online eskuragarri egongo den «material-kutxa» bat sortu dute, dinamikara batzen diren feministei baliabideak eskainiz.

«Krisi hau ez da konponduko azaleko soluzioekin. Badakigu orain edonork hitz egiten duela zaintzaren garrantziaz, baina guk ez dugu isilaraziko gaituen promesa faltsurik nahi. Konponbidea ez da digitalizazio handiagoarekin etorriko, ezta ikuspegi komunitarioaz era abstraktuan hitz egitearekin ere, non zaintzen feminizazioa eta familiarizazioa erreproduzitzen diren. Gure diskurtsoaz jabetu dira edukiz husteko, eta guk proposamen eta neurri zehatzez bete nahi dugu», aldarrikatu zuen Euskal Herriko Mugimendu Feministak.