Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Errebisionismoa

Errebisionismo guztiak ez dira berdinak. Faktore ezberdinek eragin dezakete iraganari buruz eraikitako narrazioa, hots, gertakari edo garai jakin bati buruzko historiografia aztertzeko desioa. Kasu batzuetan artxiboak isilarazitakoaren peskizak bultzatzen du iraganari buruz ustez jakindakoa berriro orientatzeko edo, Sara Ahmedek proposatzen duen bezala, desorientatzeko beharra bestelako ezagutza moduei bide egiteko. Horrelako errebisionismoei ez diete harrera berorik egiten botere guneetan. Aitzitik, iraganaren manipulazioa sustatu nahi izatea aurpegiratuko diete “narrazio handien” defendatzaileak direnek, baita gizartean gatazka bultzatzea ere. AEBetako Floridan, esaterako, Holokaustoaren, arrazaren zein LGTBQ+ komunitatearen gaineko irakasgaiak debekatu ditu DeSantis gobernadoreak derrigorrezko lehen eta bigarren hezkuntzan, bizikidetzaren kontra egiten dutelako. Nonbait afrikar-amerikarren jazarpenaren historia irakasteak arrazakeria sortzen du. Atera kontuak.

Bestelakoa izaten da botere guneen egitasmoak berrestera datorren errebisionismoarekiko jarrera. Errebisionismo mota horri ez zaizkio artxiboko isiluneak interesatzen, ez bada haiek justifikatzeko. Are gehiago, botere gehiegikeriak demokraziaren, bakearen, are zibilizazioaren izenean arrazoituko ditu eta, inoiz okerrik onartzekotan, garai jakin bateko ezjakintasuna egingo du jazotakoaren erantzule. Hori bai, okerrak oker, estatuaren kontrako indarkeria adierazpen oro gaitzetsiko du kaikuen alde.