Ion GARATE
Elkarrizketa
Itziar Ariztimuño
Lointek Gernika Bizkaia taldeko jokalaria

«Gauzak nahiko ondo egiten ari gara, baina oraindik gehiago nahi dugu»

Lesioak direla-eta, Lointek Gernika Bizkaia denboraldi zail bati aurre egiten ari zaio, baina nahiko txukun dabil: bosgarren tokian eta Koparako sailkaturik. Baina «oraindik liga asko geratzen da», dio jokalari bilbotarrak. Hasteko, gaur iluntzeko 20.00etan, Gernikako Maloste kiroldegian IDK Euskotrenen aurka bizkaitarrek jokatuko duten euskal derbia.

(Monika DEL VALLE | FOKU)

Taldeari energia ezberdin bat eta beti zerbait ona eman nahi izaten diot, eta nik uste ari naizela lortzen», dio Itziar Ariztimuñok. Sandra Ygueravide sendatu zenetik, bere ohiko rolera itzuli da bilbotarra; baina aurtengoa da antolatzaile bilbotarraren urterik oparoena, eta, oraindik falta dena aintzat hartuta, ez dago geldirik egoteko.

Hala, gaur iluntzean, IDK Euskotrenen aurkako derbi polit batekin hasiko du Ariztimuñoren taldeak otsaila. Urtarril gogor bati amaiera bikaina eman eta gero, Ibaetako taldea atzean laga nahi dute, atsedenaldira ondo iritsi eta denboraldiko azken tartea behar bezala hasteko.

Larunbatean -gaur, 20.00etatik aurrera, Maloste kiroldegian- duzue IDK Euskotrenen aurkako derbia. Zer moduz dago taldea?

Tira, Teneriferen aurka irabazi eta gero -51-79-, sentsazioak bestelakoak dira orain. Hori oso garrantzitsua da derbiari begira.

Aipatu duzu Tenerifen irabaztetik zatoztela, azken sailkatuaren aurka, eta sentsazio onekin. Euskal derbia ere motibazio iturri izango litzateke aurrera begira, ezta?

Ba, bai. Urtarrila zaila izan da guretzat; azkenean partida asko jokatu ditugu eta horietatik asko galtzea tokatu zaigu. Horregatik uste dut azkenengo partida irabaztea garrantzitsua izan dela. Azken batean, gogor entrenatzen dugu. Nik uste dut gauzak ondo egiten ari garela. Orain, bestalde, partida garrantzitsu bat dugu aurrean, eta aukera hori baliatu behar dugu.

Aurrean IDK izango duzue; hamargarren postuan daude donostiarrak sailkapenean eta, galtzetik datozen arren, joaneko itzuliko derbian 69-61 nagusi izan ziren etxean. Orain kantxa faktorea zuen alde izango duzue... Nolako partida aurreikusten duzu?

Tira, derbiak izan ohi diren bezalakoak. Nire ustez, partida oso lehiatua izango da. IDK Euskotrenek kalitate handiko jokalariak dituzte: dela Coulibaly, dela Maria España... Hasteko eta bat, defentsako lanean oso kontzentratuta jokatu beharko dugu.

Joaneko partida hartatik oritzen duzunetik, zer aldatu edo zertan hobetu behar duzue, berriz ere berdina gerta ez dadin?

Uste dut Donostian partida txarra jokatu genuela. Hau da, une onak ere izan genituen, baina une txarrak oso nabarmenak izan ziren. Nire iritziz, momentu txar horiek kontrolatzen asmatu behar dugu, hasteko.

Bestalde, Emakumeen Ligako sailkapenean bosgarrenak zarete hamar garaipenekin, 10-9 balantzearekin, Bartzelonarekin berdinduta, eta aurreko lau taldeak zertxobait urruti. Ez dakit zein den denboraldirako helburua ligari dagokionez.

Urte osoan nola ari garen ikusita, nik uste dut gure helburuak betetzen ari garela. Agian egon zitekeen ligako laugarren postua gure helburuen artean; baina, batetik, oraindik liga asko geratzen da, eta, bestetik, oso berdinduta eta nahasita dago lehiaketa. Dena nahiko ondo egiten ari gara, baina pixka bat gehiago nahi dugu.

Emakumeen Eurocupean ezin izan zenuten Gorzow taldearen aurka kanporaketa gainditu. Min handia eman al du horrek taldean? Zein eragin izan du kanpoan geratzeak?

Eurocupa jokatzea denoi gustatzen zaigu, eta kanpoan geratzeko momentuan min hartu genuen. Kanporaketa benetan zaila izan zen, batez ere Polonian bertan jokatu beharrekoa. Baina uste dut egin behar genuen guztia egin genuela. Azkenean, baina, galtzea tokatu zitzaigun... Tira, saskibaloia horrelakoa da. Baina iruditzen zait kanporaketa hartatik ikasi dugula. Eta hori aprobetxatuz, hurrengo helburuetan pentsatu behar dugu.

Eurocupean dagoeneko ez, baina Kopan behintzat izango zarete. Zaragozan egongo zarete, martxoaren 30etik apirilaren 2ra. Oraindik aukera txiki bat geratzen da. Baina gogotsu al zaudete?

Bai, noski! Kopan jokatu ahal izatea beti da esperientzia oso ona. Beste zazpi taldeekin hotel berberean zaude, saskibaloiari lotutako jende asko batzen da bertan, eta abar. Esperientzia oso polita da Kopa jokatzea.

Ilusio edo esperantzarik jarri al duzue Kopan?

Bai. Uste dut Kopa hau edozeinek irabaz dezakeela. Lehendabiziko partida horri begira, ilusio oso handia daukagu. Baina, era berean, urduritasun handia izaten duzu. Nik uste dut urduritasun hori kontrolatzen kontzentratu behar dugula; izan ere, Girona -final-laurdenetako aurkaria- urduri egon daiteke ere, eta egoera horri etekina atera behar genioke.

Orokorrean, nola baloratzen duzu taldeak orain arte egin duen lana?

Lan oso ona egiten ari garela iruditzen zait. Azkenean, denboraldi zaila izaten ari da. Lesioak direla, fitxaketak direla... Horrek guztiak taldearen dinamika aldatzen du, eta zailtasun horiekin guztiekin ere aurrera ateratzen ari gara. Hori kontuan hartzeko modukoa dela uste dut.

Alor pertsonalean, zer moduz sentitzen zara?

Ba, ondo! Pixkanaka-pixkanaka, pauso gehiago ematen ari naizela uste dut. Kantxan ditudan minutuak aprobetxatzen ditut, beste energia bat ematen diot taldeari... Taldeari beti gauza onak eman nahi izaten dizkiot, eta ematen du hori lortzen ari naizela.