Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA

«Separatismoarekiko fobiak» 1983 arte luzatu zuen euskarazko lanen zentsura

Francisco Franco diktadorearen heriotzarekin zentsura aparatuek ez zioten funtzionatzeari utzi. Jarraitu zuten euskarazko testuak zorrotz irakurtzen eta zentsoreen aburuz Estatu espainiarraren batasuna zalantzan jartzen zuten lanak bahitzen. 1975etik 1983ra arteko zentsura aztertzen duen liburua argitaratu du EHUko MHLI taldeak.

MHLIko kide batzuk, atzo Donostian egindako aurkezpenean.
MHLIko kide batzuk, atzo Donostian egindako aurkezpenean. (Jon URBE | FOKU)

Joan Mari Torrealdaik urte luzez ikertu zuen frankismo garaiko euskal liburuen kontrako zentsuraren inguruan, eta haren lana luzatzea eta transmititzea helburu duten bi tresna aurkeztu zituen EHUko Memoria Historikoa Literatura Iberiarretan (MHLI) ikertaldeak atzo Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan egindako prentsaurrekoan. Batetik, “Euskal liburuaren frankismo osteko zentsura (1975-1983)” liburua eman zuen eta, bestetik, Editeus izeneko online baliabidea abian jarri zuen, Torrealdairen ingurukoak nahiz euskaraz argitaletxeei buruzkoak jasotzen dituena.

Alcala de Henaresko (Madril) AGAko artxiboko (Archivo General de la Administración) euskarazko lanen gaineko zentsura fitxak izan dira liburuaren abiapuntua. Ikertaldeak 1975-1983 urte arteko espedienteen «hustuketa sistematikoa» egin du lehen aldiz, orotara 545 espediente aztertuz. Horrekin batera, Oñatiko eta Tolosako foru artxibategiak ere arakatu dituzte. Hala, Ana Gandara MHLIko kideak editatu duen ikerlanak erakutsi du frankismoaren ostean ere, 1983 arte zehazki, euskarazko idazlanen kontrako zentsura aparatua erne eta aktibo mantendu zela.

Hamabost pertsonak osatzen dute MHLI, eta denak buru-belarri aritu dira frankismo osteko zentsura aztertzen. Bost ataletan banatu dute lana, Ana Gandara liburuaren editoreak azaldu duenez. Zentsuraren bueltako testuinguru legislatiboa ematen da hasteko eta, ondotik, hiru generotan zehaztu dute ikertzaileek begirada: itzulpengintzan, haur eta gazteen literaturan eta helduen literaturan. Azkenengo kapituluak grafikoen bidez zentsurari buruzko datuak ematen ditu.

Donostian egindako aurkezpenean, Mari Jose Olaziregi EHUko katedradunak eta MHLIko kideak zehaztu zuen zentsuraren alderik gogorrena uzten duen «etena» dela, «hutsunea». Zeren, bere ustez, literatura edo bestelako arterik gabe ez litzateke historia begi umelez irakurriko: «Arteak badu gaitasun bat beste ezein arlok ez duena: iraganeko sarraski eta gatazken mina inork baino hobeto erakusten du. Horregatik irauten dute artelanek hainbeste. Ez dugu ezagutu frankismo ostean Donostian emakumeek jasandako pairamena, baina Arantxa Urretabizkaiari esker hor egon gara. Ez dugu jakin iheslarien bikotekideek zer sentitzen duten zain daudenean, baina Eider Rodriguezen ipuinei esker jakin dugu».

Zentsoreen irizpideak

«Guztiz bidegabekotzat jotzen da, bereziki, Haur eta Gazteen Hezkuntzarako erabiltzen bada, eduki osoan joera alderdikoia duelako, bereziki Iparragirreren eta Mateo Muxikaren biografietan eta mapan, non hiru euskal-espainiar probintziak eta Nafarroa agertzen diren, hiru euskal-frantsesekin batasuna osatuz». Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak arrazoi hauek eman zituen 1975ean Jacinto Fernandez Setienen “Goiherri” lana zentsuratzeko.

«Salaketa 1976-03-10 Ordena Publikoko Auzitegiari, aurretiko bahiketa administratiborik gabe», dio Iñaki Olabeagaren “Maite dedana” poesia liburuari dagokion espedientearen ebazpenak. Irakurle zentsoreek antzeman zuten liburuko zenbait pasartetan «ideia separatistak, erregionalistak eta baskistak» agertu zituela idazleak eta, beraz, ebatzi zuten haren lana salagarria zela.

«Eragozpenekin» baimendu zuten irakurle zentsoreek Nikolas Ormaetxea “Orixe”ren “Euskaldunak-Los Vascos”. «Euskal poeta onenak», dio espedienteak, «Pirinioetako alde bietako odolezko batasunari, hizkuntzari, ohiturari eta fedeari kantatzen dio», esanez «muga politikoa», egiaz, hizkuntzak eta kulturak batzen dutela. «Zentsuraren ikuspuntutik» baieztapen «delikatua» zeritzen horri frankistek, poetak idazten zuen batasun hori «deklamazio politiko» edo «ekintza politikoko bandera» gisa uler baitzezakeen irakurleak. Alta, poema liburuko beste esaldi batek, frankisten ustetan, asmo separatisten inguruan zituzten susmoak uxatu zituen, eta hala libratu zen “Orixeren” lana zentsuraren atzaparretatik. Honela zioen donostiarrak olerki liburuan: «Frantziak eta Espainiak, orain eta lehen, Baskonia mutilatu gabe babestu nahi dute».

Alcala de Henaresko artxiboko fitxek argi adierazten dute zeintzuk ziren zentsoreen irizpideak lan bat atzera botatzeko: Gipuzkoako Probintzia Ordezkariak eta Herri Kulturako Zuzendari Nagusiak elkarbanatzen zituzten idatzietan gorriz ala beltzez markatzen zituzten haien ustez batasun espainiarraren kontrakoak ziren pasarteak. Desadostasunak agertzen zituzten batzuetan, baita eztabaida antzuak izaten ere: «eusko» hitzak eduki politiko «separatista» izan zezakeelakoan, idazleei «euskal» lehenetsi behar zutela agintzea, adibidez.

«Zentsoreek bazituzten beraien filiak eta fobiak, horien artean obsesio bat separatismoarekin; erlijio eta moralarekin ere bai, baina bigarren maila batean», azaldu zuen aurkezpenean Ana Gandarak. Guztira, euskarazko lan franko zentsuratu zituzten 1975-1983 artean.

Editeus, etenik ez

Joan Mari Torrealdaik ezagutu zuen MHLIren proiektua, baita interes handiz jarraitu ere. Ikertzaileei eskatzen zien Alcala de Henaresetik bueltan -hamabi joan-etorri inguru egin zituzten- ikusitakoaren berri emateko. «Gustura hartuko luke orain lan hau», baieztatu zuten ikertzaileek, eta nabarmendu horrelakorik aurkeztea ez zela posible izango Torrealdaik egindako lanagatik ez balitz.

Agian horregatik, Torrealdairi txoko berezi bat eskaini diote atzo aurkeztu zuten bigarren ekimenean, eta han jaso dute bere biografia, hari egindako elkarrizketak eta bere lanetatik abiatuta MHLIk argitaratu dituen zenbait proiektu. Editeus izena eman diote euskaraz ekoizten duten argitaletxe eta editoreen nondik norakoak ezagutzeko tresnari eta Torrealdairi eskainitako espazio bat barneratzen dituen online baliabideari.

Aurretik Olaziregik aipatu du zentsurak eragiten duen gogorrena «etena» dela; bada, «eten hori gerta ez dadila» du helburu Editeusek, Miren Ibarluzea proiektuaren arduradunak zehaztu zuenez. Online izateak badu, gainera, abantaila bat: etenik gabe webgunea elikatzen jarraituko dutela MHLIko kideek.