Jon ORMAZABAL
PILOTA

Inauterietako koloreak, zarata eta festa kalean geratu ziren atzo Tolosan

Momentuz aurrera egiteko aukerarik gabe dagoen bikote bakarra den arren, Jaka eta Arangurenek ere utzi dute euren aletxoa. Kontsolamendu handirik ez bada ere, eurak dira Altuna-Tolosari ligaxkan jokatutako bi partidak irabazi dizkieten bakarrak.

Mozorro ugari izan ziren harmailetan.
Mozorro ugari izan ziren harmailetan. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Jai guztiak bezala, kalean bizi beharrekoak dira Tolosako inauteriak. Gutxitan izaten da, ordea, aurtengoa bezalako girorik eta, hurrengo urtean gerta daitekeenagatik, tolosar eta kanpotar guztiek kalean eman zituzten eguneko ordurik gehienak. Hainbeste, halako egunetan irakiten egon ohi den Beotibar pilotalekua ere ohikoa baina isilago egon baitzen atzo, festak barrurako gogorik ez balu bezala. Eta egia esatera, kantxa barruko ikuskizunak ere ez zuen askorik lagundu. Sailkapenean inolako garrantzirik ez zuen partida batean, Erik Jakak eta Aitor Arangurenek 22-16 irabazi zieten Altunari eta Tolosari, partida nahiko arraro batean.

Emaitza honekin txapelketa osoan lehiakorrak izan bai, baina zorte handirik ere izan ez duten lizartzarrak eta aginagatarrak kontsolazio txiki bat eraman zuten, aurtengo Binakakoan ere utzi dutelako euren alea, Altuna-Tolosaren aurka jokatutako bi partidak irabazi dituzten bikote bakarra izango direlako. Aurrekoa ere jai giroan lortutakoa izan zen, Urretxun, Santa Lutzi egunean (22-12) eta jokoan ere izan zen antzekotasunik, Aspeko bikotearen lehen itzuli honetako bi partidarik txarrenak izango zirelako.

TENTSIORIK GABE

Bi partida hauen testuingurua, ordea, arras desberdina izan zen, abendu erdialde hartan gutxi usteko baitzuten Altuna-Tolosak garai honetan finalerdietarako sailkatuta egongo zirenik. Aurreko astean lortu zuten hori, eta, 12 astez erabat lehiakor agertu ostean, ez da harritzekoa, nahi gabe izanda ere, tentsioak behera egitea.

Jokin Altunaren eskuina ere ez dago bete-betean. Zalantzaren bat ere izan zuen jokatuko ote zuen, eta, kontuan izanda ostiralean berriz ere Zallan jokatzekoak direla, ohikoa baino tako gehiagorekin jokatu zuen inpresioa eman zuen, nahiz eta Tolosan inauterietan jokatzea beti izan zerbait berezia.

Gauzak horrela, partida erdira arte-edo gauzak nahiko orekatuta joan baziren ere, hasieratik antzeman zitzaien Jaka eta Arangureni beste tentsio bat zutela soinean. Lizartzarra eraginkor aritu zen erasoan eta Aitor Arangurenek ere bere bertsiorik lehiakorrena berreskuratu zuen, sotamanoz ere pilota ondo astinduz.

Sustorik ere izan zen, 8-5ekoan Erik Jakak mina hartu baitzuen eskuin ukondoan, sotamanoz pilota bat jotzera joan zenean Jokin Altunaren aurka tupust egindakoan. Zorionez ez zen ezer larririk izan, jokoan jarraitu ahal izan zuen eta. Gainera, erditik aurrera aurkariak baino askoz osoago aritu ziren.

Altunak pilotari arruntaren jantzia izan zuen atzo soinean, eta Xabi Tolosak ere igarri zuen. Ia errebotean jarri zuen pilotakada bat jo zuen, baina, ohikoa baino pilota gehiago utzi zituenez erremate gabe, partidak erraz ihes egin zien.