GARA
BILBO

Errepresaliatuen defentsan aritu diren abokatuen lana omenduko dute apirilaren 1ean

Jose Antonio Etxebarrietaren heriotzaren 50. urteurrenarekin batera, errepresaliatu politikoen defentsan azken 60 urteetan jardun duten abokatuen lanari aitortza publikoa egingo diote Bilbon.

Jose Antonio Etxebarrieta.
Jose Antonio Etxebarrieta. (GARA | A)

Jose Antonio Etxebarrieta hil zela 50 urte betetzen direnean, abokatu honek frankismo garaian egindako ekarpena gogora ekarri eta euskal errepresaliatu politikoen defentsan aritu diren abokatuak omenduko dituzte apirilaren 1ean Bilboko Etxebarrieta Anaien plazan egingo den ekitaldian.

Ekitaldiaren antolatzaile den Etxebarrieta Memoria Elkarteak gogoratu zuenez, «Jose Antonio Etxebarrieta Ortiz, abokatua, pentsalari abertzalea, komunista, Zazpi Kaleetako auzokidea eta zoritxarrez bere anaia Txabiren itzal handiak bigarren planoan utzi zuena, 1973ko apirilaren 3an hil zen gaixotasun larri baten ondorioz», 33 urte zituela. 2020an Burgosko Prozesua bezala ezagutzen den epaiketaren 50 urte bete zirenean Jose Antonio Etxebarrietaren ekarpena gogoratzeko asmoa zuten, baina pandemiaren ondorioz ekimena bertan behera utzi behar izan zuten. Aurten, berriz, bere heriotzaren 50 urte betetzen direnean, Jose Antonio Etxebarrietaren ekarpen historikoa oroitu eta gaurko testuingurura ekarri nahi dute. «Memoria ariketa bat egiteaz gain, formakuntza politikorako tresna bezala ere erabili nahi dugu», azaldu zuten antolatzaileek.

Liburuaren irakurketa jarraitua

Horrela, apirilaren 1ean, 9.00etatik 15.00etara Etxebarrieta Anaien plazan ‘Los vientos favorables. Euskal Herria 1839-1959’ liburuaren irakurketa jarraitua egingo dute. «Euskal abertzaletasunaren irakurketa bat da, Karlistadak, Sabino Arana, Errepublika, 36ko gerra..., dena gerraosteko gazte belaunaldi baten begiradatik. Gaur egun oraindik eten ez den kateari ekarpen xumea baina garrantzitsua egiten diona. Nondik gatozen eta nora goazen ulertzeko une aproposa da irakurketa hau. Lana gazteleraz idatzi zen 60ko hamarkadan eta orain Basaurin dauden euskal preso politikoak pasarte batzuk euskaratzen ari dira irakurketan erabiltzeko», azaldu zuten.

«Oroimen ekitaldian bere lana irakurriko dugu txandaka. 70 bat pertsona lotu ditugu, belaunaldi ezberdinetako ezker abertzaleko militante esanguratsuak, auzoko eragileak, errepresaliatuak izandakoak, adin ezberdinetako auzokideak... baina batez ere, deialdi berezia egiten ari gara abokatuei», esan zuten.

Aipatu zutenez, ekimena, Etxebarrietak abokatu gisa egindako lana oroitzearekin batera, euskal errepresaliatu politikoen defentsan «bere atzetik etorri diren abokatuak» omentzeko ere baliatuko dute. «Irudi historiko izango da», aurreratu zuten: «Euskal errepresaliatu politikoen defentsan azken 60 urteetan abokatu gisa aritu diren dozenaka abokatu batuko dira, Etxebarrietaren liburuaren aletxo bat irakurri eta burutuko dugun oroimen ekitaldian parte hartzeko».