Ane URKIRI ANSOLA
BARAKALDO
ESKUBALOIA

Zuazok hondoa jo du eta Beti Onakek oxigenoa hartu du jaitsiera faserako

Lasesarreko euskal derbia azken unean erabaki zen: Lyndie Tchaptcheten azken jaurtiketak sarea ukitu eta Sarrionandia-Ibarrarena, aldiz, ezerezean geratu zen: 21-22, nafarrentzat garaipena, jaitsiera faseari begira sekulako eragina izan dezakeena.

Eider Hernandezek bi gol ikusgarri egin zituen 9 metroetatik.
Eider Hernandezek bi gol ikusgarri egin zituen 9 metroetatik. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Zuazok, matematikoki, jaitsiera fasea jokatuko du; Beti Onakek aukera minimoak ditu eta, beraz, nafarrak ere horra begira daude. Hala, Lasesarreko euskal derbiak sekulako dimentsioa hartu zuen, bi puntu baino gehiago zeudelako jokoan. Bi puntu dira bai, baina ez edonolakoak, hauen eragina play-down delakoan ere sumatuko delako. Azken lau sailkatuen arteko lehia zuzenetan eskuratutako puntuekin ekingo dute fase hori eta, oraingoz, egungo sailkapenarekin, Zuazok 3 puntu besterik ez ditu eskuratu; Beti Onakek, atzokoak batuta, 7. Gaur bertan indarrak neurtuko dituzte Grafometal La Rioja taldeak eta Granollersek -katalanek ere zail daukate salbazioa-.

Testuingurua azalduta, hobe uler daiteke Atarrabiako taldearen ospakizuna partida amaitutakoan, eta baita bizkaitarren etsipen aurpegiak ere. Barakaldoko taldea, kirol arloan ez ezik, sufritzen ari da eta atzoko partida horren erakusle izan zen, nahiz eta bukaera arte, jokalarien kemenari esker, garaipenean sinesteko esperantza bizirik mantendu zuten. Lyndie Tchaptcheten azken jaurtiketa -hurrengo sasoian Bera Beran jokatuko duela diote- eta Sarrionandia-Ibarrak galdutako baloiarekin itzali zen itxaropen oro.

KRUDELA ETA EPIKOA

Partida zenbait unetan kaotikoa izan zen, jokalarien tentsioaren ondorioz. Zuazok egin zuen partidako lehen gola, baina segituan erreakzionatu zuten nafarrek eta, ohartzerako, 1-3ko abantaila lortu zuten. Hirugarren gol hori egin eta laugarrena lortzeko, ordea, 10 minutu pasa igaro ziren eta, bitartean, Zuazok errenta zabaldu zuen (6-3). Etxekoen aldeko 5-0ko partzialetik kanpokoen 1-4koa iritsi eta partida erabat parekatu zen. Parekotasuna, oro har, partida osoan zehar igarri zen. Azken emaitza ere horren isla da.

Olaia Luzuriaga atezain atarrabiarrak ikuskizun aparta eskaini zuen -lehen zatian 10 geldiketa egin zituen- eta, hein handi batean berari esker, 8-10eko markagailua ezarri zuen Miguel Etxeberriaren taldeak. Azken unean, Joseba Rodriguezek denbora gelditu eta errenta hori gol batera murriztea lortu zuten etxekoek.

Gakoa zen jokaldi horrekin asmatzea, eta fin aritu ziren bizkaitarrak, Sarrionandia-Ibarrak jokaldia ondo bukatuta. Bigarren zatiari ere seriotasunez ekin zioten, eta Naia Puigboren golak berdinketa itzularazi zuen markagailura (10-10). Hainbesteko tentsioa nabari zen, bi taldeak kasik bost minutu egon baitziren golik ezin eginda, azkenean Macarena Sansek -golegile nagusia (8)- atea ikusi zuen arte.

Batak gol, besteak ere bai, hala igaro ziren hurrengo minutuak. Mada Fernandez-Agustik eusten zuen Zuazo, eta Sansek ematen zion airea Beti Onaki. Hala, hegaletik bi baloia zutoinera botatzea gogor ordaindu du Zuazok, orduan zabaldu baitu aldea talde nafarrak (17-20). Zale nafarrak garaipena ospatzen hasiak zeudenean, baina, tentsioa berriro itzuli da pabiloira -Encinas ordezko atezainaren ezinegona horren erakusle zen-. Madak jarraian eginiko bi golekin, dema berdindu baitu bi minutu eta erdiren faltan. Loverak aurretik jarri du Beti Onak; Madak berriro berdindu, hutsarte bat eta bestearen artean. Tchaptchetek azken jaurtiketan asmatu du; Sarrionandia-Ibarrak, ez. Eta horrek erabaki du euskal derbia, modu krudelean batzuentzat, epikaz beterikoan besteentzat.