Maider IANTZI
DONOSTIA

Euskarak ia 50.000 hiztun irabazi ditu bost urteotan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak EAEko zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitzak plazaratu zituen atzo. Bingen Zupiria sailburua baikor mintzatu zen, «euskararen biziberritze prozesuak gora egiten jarraitzen duelako» ezagutza, erabilera, transmisio eta jarrera datuei so. Gune bakoitzaren beharrei erantzutea dute erronka.

Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu zuen.
Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailak Inkesta Soziolinguistikoa aurkeztu zuen. (Jon URBE | FOKU)

Gaur egun duela bost urte baino kasik 50.000 euskaldun gehiago daude EAEn. Gainera, gazteen artean irabazi ditu hiztun gehienak gure hizkuntzak. 16 eta 24 urte bitarteko herritarren artean lautik hiruk dakite euskaraz. 1991n, berriz, lautik batek zekien soilik. Euskara gehien egiten dutenak ere gazteenak dira. Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren zazpigarren Inkesta Soziolinguistikoaren emaitza nabarmenetako batzuk dira.

Bingen Zupiria sailburuak prentsaurrekoan azpimarratu zuenez, «euskararen hazkundea gazteenetatik ari da zabaltzen», eta «edozein hizkuntza gutxituren biziberritzean egon litekeen daturik onena» da hori, «eraldatzailea» delako. Bere ustez, «gogoeta interesgarri bat» zabaltzen du horrek, egin denari eta egiteko dagoenari begira. Gurea «hizkuntza gaztea da, gero eta gazteagoa», eta «erabiltzeko aukera handiagoa» dago. Dakiten gazteak eleaniztunak dira. Erdiek asko erabiltzen dute euskara eta beste erdiek gutxiago baina mintzatzen dira.

Adierazi zuenez, euskal hiztun ugarik hezkuntzaren edota euskaltegien bidez jaso dute euskara, eta horrek, erabilera eta jarrera datu hobeekin batera, jendarteak «euskararen alde egindako apustua sendoa dela berresten du».

Bi puntutik gora ezagutzan

Inkesta soziolinguistikoaren arabera, 1991n baino 261.000 euskaldun gehiago daude; hau da, 30 urteotan 12 puntu hazi da kopurua. 16 urtetik gorako biztanleriaren datuak jasotzen ditu inkestak, eta gaur egun, populazio honen %36,2 da euskalduna, %18,6 euskaldun hartzailea eta %45,3 erdalduna.

2021ean 680.629 euskal hiztun zeuden. Aurreko inkesta egin zen urtean, 2016an, aldiz, 631.384. Ia 50.000 euskaldun gehiago daude. Bi puntu baino gehiago igo da ezagutza.

Jon Aizpurua Hizkuntza Politikako zerbitzuburua da. Inkesta honen zein aurreko hainbaten arduraduna, eta berak eman zituen azalpen teknikoak. Orotara 4.550 inkesta egin dira zazpigarren edizio honetan. Hiruko Itunaren barnean egin dira eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko datuak ere jaso dira. Nafarroakoak martxoaren 10ean plazaratu zituzten eta laster ezagutuko ditugu Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoakoak.

Aizpuruak agertu zuenez, euskararen gaitasunaren igoera orokorra izan da EAEn: hiru lurraldeetan eta hiru hiriburuetan goititu da, maila berean ez bada ere. Gipuzkoarren erdiek baino gehiagok dakite euskaraz (%51,8, hamarkada batean, bi puntu igo da). Bizkaitarren %30,6k dakite (ia bikoiztu egin da kopurua), eta arabarren %22,4k (hirukoiztu egin da).

Erdiak, gune erdaldunetan

Bertze datu nabarmen bat da euskaldunen erdiak baino gehiago (%55,4) gune erdaldunetan edo erdaldun samarretan bizi direla, lehenengo eta bigarren gune soziolinguistikoetan (Sestao, Barakaldo, Irun...). Aldiz, hirugarren eta laugarren eremuetan, %44,7 bizi dira. Lehen gunean sartzen dira euskal hiztunak %31 baino gutxiago diren udalerriak; bigarrenean, %31 eta %50 bitartean diren udalerriak; hirugarren gunean, %50 eta %80 bitartean direnak; eta laugarrenean, euskaldunak %80tik gora direnak. Bada, horrela banatzen dira euskaldunak: lehen gunean, milioi bat pasa; bigarrenean, 400.600; hirugarrenean 356.700; eta laugarrenean, 103.300.

Duela 30 urte alderantziz zen, euskaldun gehienak laugarren gunean bizi ziren eta gutxien, lehenengoan. Teknikariak azaldu zuenez, etengabe ari dira aldatzen euskaldunen ezaugarriak eta hainbat faktore hartu behar da kontuan hori ulertzeko: adin piramidearen bilakaera (30 urteotan piramide itxura galdu eta zuhaitzarena hartu du, biztanleria gero eta helduagoa delako), globalizazioa, mugikortasun gero eta handiagoa eta atzerrian jaiotako gero eta herritar gehiago izatea (%11,2 dira, 246.718, baina 20 eta 40 urte bitarteko biztanleriaren artean bikoitza).

Transmisioaren gakoa

Pertsona batek lehen hiru urteetan etxean jasotzen duen hizkuntza nagusia edo hizkuntza nagusiak dira lehen hizkuntza. Aizpuruak ohartarazi zuenez, «bizi osoko ezaugarria da, gutxien aldatzen den aldagaia. Eta, halere, nahikotxo aldatu da». Lehen hizkuntza euskara dutenak %18,4 dira; euskara eta erdara dutenak, %6,5; eta erdara dutenak, %75,1. Erdara diogunean ez gara gaztelaniaz soilik ari. Multzo honetan gero eta pisu handiagoa hartzen ari dira bertze hizkuntza batzuk.

Duela 30 urte euskaldun zaharrak ziren gehienak (%79). Euskaldun berriak %14,2 ziren eta jatorrizko elebidunak, %6,8. Gaur egun, 35 urtez azpiko gazteen artean, gehiago dira euskara etxetik kanpo jaso dutenak (%49,2) etxean jaso dutenak baino (%32,4, eta jatorrizko elebidunak %18,4).

Gehiago ere bada: zenbat eta guraso gazteagoak, orduan eta gehiago transmititzen diete euskara ondorengoei. «Hobetu egin da transmisioa». Lehen hizkuntza «oso inportantea da» honetan; guraso biek lehen hizkuntza euskara dutenean beti egiten diete seme-alabei hizkuntza honetan. Bi gurasoak euskaldunak izan arren, baten lehen hizkuntza erdara denean jaitsi egiten da pixka bat ehunekoa (%98). Guraso biak euskaldunak direnean eta biek lehen hizkuntza erdara dutenean ere transmititzen dute euskara (%71). %29k ez dute transmititzen eta bada hor zer irabazi.

Erabiltzeko faktoreak

«Euskaldunak norekin hitz egin daukanean, harreman sare sendo bat, euskaraz egiten du», baieztatu zuen inkestaren arduradun teknikoak. Mintzatzeko erraztasuna, lehen hizkuntza izatea edo ez, eta gune soziolinguistikoa dira erabileraren faktoreak, inkesta denetan errepikatzen direnak.

Erabilera datua %22an kokatzen da (%13,8k euskaraz egiten dute batez ere, eta %8,2k euskaraz erdaraz adina). %60,9k beti erdaraz egiten dute, %5,7k oso gutxi egiten dute euskaraz, eta %11,5ek erdaraz baino gutxiago. Erabilera puntu eta erdi igo da bost urteotan (20,5etik 22ra; 412.821 lagunek erabiltzen dute euskara erdara beste edo gehiago).

Lehen hiru gune soziolinguistikoetan sumatu da igoera hori; laugarren eremuan, euskaldunenean, berriz, bederatzi puntu jaitsi da.

Aizpuruak biztanleen mugikortasuna handitzeari egotzi zion galera hori. Eremu honetakoak udalerri txikiak dira eta eragin handia dute horietan mugimenduek.

Adinari erreparatzen badiogu, buelta eman dute ehunekoek: 1991n, euskara gehien erabiltzen zutenak nagusienak ziren; orain, aldiz, gazteenak dira (%33,5).

Etxeko erabilera da gutxien aldatu dena, baina urteotan hor ere igo da zertxobait, bikotekidearekin gehiago egiten delako. Kanpoan, udal zerbitzuekin egiten da gehien (%27,4), lankideekin %26,8, eta lagunekin %22.

Euskararekiko aldekotasuna ere hobetu dela dio inkestak. Biztanleriaren %67 euskara bultzatzearen alde dago, %26,3 ez alde ez aurka, eta %6,8 kontra.

Sailburuak mezu baikorra eman zuen: «Agertoki interesgarria dugu, duela 30 urte amestutakoa. Gure erronka gune soziolinguistiko bakoitzaren beharrei erantzutea izango da, eta eurentzat beren-beregi egindako politikak garatzea, mintzatzeko erraztasunean eta harreman sarean eraginez».

Baxoa euskaraz lortu arte mobilizatuko da Seaska

Aurten Bernat Etxepare lizeoan ikasten duten 120 bat ikasle aurkeztuko dira goi ikasketarako sarbidea ematen duen baxo proba egitera. Erreforma dela medio, inoiz baino goizago, atzo eta gaur artean, egiten ari dira berezitasunen gaineko probak. Frantsesez egin behar dituzte azterketak, nahiz eta ikasturte osoan klaseak euskaraz jaso dituzten. «Poztu nau jakiteak brebeta osorik euskaraz eginen dutela kolegioko ikasleek; nahiz eta guk baxoa frantsesez pasatu behar dugun aurten, esperantza sortzen du gure atzetik etorriko direnek baxoa ere euskaraz egin ahal izanen dutela», adierazi zion GARAri Unax Eguren ikasleak. Ekonomia eta Gizarte Gaiak berezitasuna aukeratu duen ikasle batek aitortu zuenez, gaitegia euskaraz ikasi badu ere, azterketari begira frantsesera itzuli behar izan du material guztia, hizkuntza horretan pasatuko duelako proba. «Bide erdia baizik ez dugu bete; baxoa euskaraz egin arte mobilizatzen segituko dugu», esa zuen Peio Jorajuria Seaskako lehendakariak lizeoaren atarian egindako elkarretaratzean. M. UBIRIA

«Oldarraldi euskarafoboa» salatzeko deia Nafarroan

Nafarroako euskalgintzako hainbat eragile eta kidek agerraldia egin zuten atzo Iruñeko Laban, «oldarraldi euskarafoboa» salatu eta Gazte Euskaltzaleen Sareak unibertsitateko ikasleekin eta Ikamarekin batera ostegun honetarako deitutako mobilizazioetara dei egiteko. «Ustez gure belaunaldiak gainditutzat zituen diskurtso eta jarrera euskarafoboak eguneroko ogi bihurtzen ari zaizkigu», gaitzetsi zuten. Eta mahai gainean jarri zituzten zenbait adibide, Nafarroako egoera «lazgarriagoa eta zaurgarriagoa» dela adieraziz. Batetik, euskaldunen hizkuntza eskubideak eremuaren arabera aldatzen dituztela esan zuten, eta gaineratu «herri oso baten iritziaren gainetik, berau eremu mistora pasatzearen aurka» egin dutela hainbat agintarik.Ostegunean, euskarazko hezkuntza aldarrikatzeko aterako dira kalera gazteak, eta arlo honen inguruan esan zuten NUPen euskara ikasteko eskubidea ez dela bermatzen, euskarazko haur eskolen eskaintza murriztu dela eta euskara alemanaren edo ingelesaren atzetik baloratzen dela. GARA