GARA
IRUÑEA

Nafarroako Hezkuntza Sailaren «arduragabekeria» salatu dute sindikatuek

Apirilaren 3an greba egingo dute.
Apirilaren 3an greba egingo dute. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Apirilaren 3an Nafarroako hezkuntza publikoan greba egiteko deialdia egina duten sindikatuek (LAB, Steilas, CCOO, ELA, UGT) atzo salatu zutenez, Hezkuntza Departamentuak ez du «ezertxo ere» negoziatzeko asmorik, eta, beraz, lanuzteari eta hori prestatzeko egiten ari diren dozenaka batzarrei eutsiko diete.

Izan ere, joan den martxoaren 6an, greba iragartzearekin batera, sindikatuek negoziazio bilera bat egiteko eskaera egin zioten Hezkuntza Departamentuari. Lehenengo eskaerari ez zion erantzunik eman, baina ondoren departamentuko ordezkariak sindikatuekin bildu ziren; halere, Hezkuntza Baliabideen zuzendari nagusia eta Hezkuntza kontseilaria ez ziren bileran egon. Horretaz gain, Departamentuko ordezkarien jarrera «edozein negoziazioren aurkakoa» izan zela salatu dute sindikatuek.

«Sindikatuon eskaeren aurrean (ratioen jaitsiera lineala, lan gainkarga murriztea, plantillaren egonkortasuna handitzea eta erosahalmena berreskuratzea) Departamentuak ez zuen proposamenik ekarri. Are gehiago, lehenengo premisa izan zen ez dutela inbertsio ekonomikoa dakarren ezer negoziatuko, eta horrek erakusten du edozein negoziazioren aurrean dagoen jarrera itxia; ulertezina, azken hilabete hauetan administrazioko beste talde batzuekin lan baldintzak eta soldata igoera negoziatu direnean. Hezkuntza publikoak ez al du inbertsio gehiago merezi?», adierazi zuten sindikatuek.

Bestalde, astebetean 40 irakasle talde batzartu dira aldarrikapen horiez eztabaidatzeko, eta orotara 100 batzar baino gehiago egitea aurreikusten dute.