GARA
DONOSTIA

Zer gertatzen da sexu erasoak egiten dituzten 14 urtetik beherako nerabeekin?

Logroño, Petrer (Alacant), Salou (Tarragona), Badalona (Bartzelona)... Azkenaldian, adin txikiko mutilek osaturiko taldeek eginiko sexu erasoak izan dira Euskal Herritik gertu. Erasotzaileetako batzuek 14 urte baino gutxiago zituzten. Zer gertatzen da kasu horietan?

Logroñon azken sexu erasoa salatzeko eginiko elkarretaratzea.
Logroñon azken sexu erasoa salatzeko eginiko elkarretaratzea. (Alberto Ruiz EUROPA PRESS)

Logroñon jazo da oihartzun handiko azken kasua, baina ez da bakarra. Azken boladan 14 urtetik beherako mutil taldeek sexu erasoak egin dituzte Euskal Herritik gertu. Zein da kasu horietarako lege prozedura Estatu espainolean?

Adingabearen erantzukizun penalari buruzko legeak ezartzen du 14 urtetik beherakoak ezin direla inputatu. Izan ere, legegileek uste zuten nerabe horiek egin ohi dituzten arau-hausteak, oro har, garrantzirik gabeak direla, eta, alarma soziala sortzen duten kasuetan, familia eta laguntza zibila aski direla behar adinako erantzuna emateko, Estatuko aparatu judizial zigortzaileak esku hartu beharrik gabe.

Azken memorian, Estatuko Fiskaltza Nagusiak ohartarazi zuen adingabeek egindako sexu delituen kopuruak gora egin duela «pixkanaka eta nabarmen»: 2.625 prozedura ireki ziren 2021ean, eta bost urte lehenago, berriz, 1.271.

14 eta 17 urte bitarteko mutilek ustez egindako delituen zifrak ziren, erasotzaileak gazteagoak direnean kasuak artxibatu egiten baitira.

Memoria horren arabera, 2021ean 8.433 eginbide artxibatu ziren arrazoi horrengatik. Txostenak ez du delitu mota zehazten, eta ohartarazten du 14 urtetik beherakoei buruzko zifren bilakaerak zerra-hortzekin eta bat-bateko igoera eta jaitsierekin egindako ibilbidea duela, eta horrek talde horren portaeratik ondorio kriminologikoak ateratzea eragozten duela.

Hala ere, Fiskaltzak adierazi duenez, datu objektiboa da eskola-jazarpeneko kasu gehienak 14 urtetik beherakoen artean gertatzen direla, eta «kezkagarria izaten jarraitzen duela sexu askatasunaren aurkako delituetan edo informazioaren eta komunikazioaren teknologien bidez egindako delituetan duten parte-hartzeak».

Eginbideak artxibatuta, iturri juridikoek EFEri azaldu diotenez, adingabeen fiskalek adingabeak babesteko zerbitzu autonomikoetara bidaltzen dituzte kasuak, eta haiek arduratzen dira mutil horiei eta haien familiei jokabide eta beharretara egokitutako programak eskaintzeaz.

«Normalizatuak»

Iturri horiek nabarmentzen dutenez, ezin zaie askatasunik edo eskubiderik murrizteko neurririk ezarri. Ezin da saihestu, esate baterako, erasotzailea biktimarekin berriro gurutzatzea, ezin baita urruntze-neurririk ezarri. «Erasotzaileak ez dira arrisku egoeran dauden haurrak edo familia desegituratuetakoak izaten; gehienak neska-mutil ‘normalizatuak’ dira», oharatarazten dute.

Delituak egiten dituzten 14 urtetik beherakoak autonomia erkidegoetako adingabeen babes zerbitzuek artatzen dituzte, baina ez dago beti baliabide egokirik. Hala onartu zuen Madrilgo Erkidegoak 2019an, Fiskaltzak bideratutako 11 eta 13 urte arteko adingabe arau-hausleak artatzeko kontratu bat lizitatu zuenean.