Ane URKIRI ANSOLA
UDAKO IKASTAROAK

Kirol diplomaziaren erronkak aztertuko dituzte mundu mailako biltzarrean

Ekainaren 28an eta 29an, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barnean, Kirol Diplomaziaren Mundu Biltzarra egingo da Donostian, mundu zabaleko adituen esperientziak jaso eta erronkak aztertzeko asmoz. Matrikulazio epea irekita dago.

Euskal zaleak, ikurrina eskuetan, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia animatzen, 2022ko Euskal Herriko Itzulian.
Euskal zaleak, ikurrina eskuetan, Euskaltel-Euskadiko txirrindularia animatzen, 2022ko Euskal Herriko Itzulian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Erronkak, oro har, esparru guztietan ditugu XXI. mendean; kirol diplomaziari dagokionez, munduan dauden arazoei kirolaren bitartez ekarpen positiboak egiteko modua aurkitu behar da. Ziurgabetasun eta gatazka garai hauei norabide positibo bat topatzea kirolaren bitartez, kirola izatea bultzada», esan du Imanol Galdosek, Donostia Kulturako zuzendaritzaren laguntzarako teknikariak, GARArekin izandako solasaldian.

Ekainaren 28an eta 29an, Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatu bezperan, alegia, Kirol Diplomaziaren Mundu Biltzarra egingo da Donostian, Euskal Herriko Unibertsitatearen Udako ikastaroen barnean. Galdos da jardunaldi hauen antolakuntzan jardun duenetariko bat. Donostiako Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Jaurlaritzaren babesa du kongresuak. Aldi berean, ikastaroaren prestaketan Galesko Gobernuak eta munduko beste erakunde askok parte hartu du, Sports Diplomacy Alliance tartean -hango kidea den Gavin Prince izango da ikastaroko zuzendaria-.

«Egun kirolaren esparruan mundu mailan erreferentziak diren adituak» elkartuko dira Donostian; Australia, Estatu Batuak, Eskozia, Frantzia, Suitza, Ipar Mazedonia, Galesko Herrialdea edo Ingalaterratik etorriak, arlo honetan lan egiten duten profesionalak, alegia. Batzuk, estaturik gabeko nazioak -Galesen kasuan-, beste batzuk kirol diplomazia estrategia politikoaren oinarria daukatenak -Ipar Mazedonia, esaterako-. Kasuistika anitza probestuta, aditu hauek esperientziak eta estrategia ereduak partekatuko dituzte».

«Euskal Herriak bere eredua eta arlo horretan duen esperientzia egiaztatua erakusteko balioko du», dio Galdosek. «Kirolaren diplomazia azken aldian gehien hazi den alorretako bat da, bai arlo akademikoan, bai profesionalean zein publikoan. Herrialdeek, estaturik gabeko nazioek, hiriek, eskualdeek eta sektore pribatuak kirola erabiltzen dute nazioarteko agertokian pisua eta posizionamendua lortzeko. Hedapen eta eragin handiko ekitaldiak (Tourra, Olinpiar Jokoak, munduko txapelketak) bai eta Zegama-Aizkorri proba edo Donosti Cup ere, hauek guztiak kirolaren diplomazia gisa ulertzen den horren adibide argiak dira».

Iritzi dio Euskal Herriak baduela bere abagunea, nahiz eta estaturik gabeko nazio bat izan. Estropadak, herri kirolak, Zegama-Aizkorri eta mendizaletasuna, txirrindularitza... «Begirada sakonagoa behar da, indartsuagoa, integratuagoa, homogeneoagoa... Berdintasunean urratsak egin daitezke kirolaren bidez. Integraziorako balio du, herri baten marka indartzeko ere kirola tresna garrantzitsua da», adierazi du.

Erronkak eta aukerak asko eta anitzak dira, adibideak ere badaude, eta horiek guztiak partekatu eta estrategia ezberdinak ezagutzeko balioko du mundu mailako biltzar honek, eta eredu txarrak azaltzeko eta ohartarazteko ere bai -Qatarreko Munduko Txapelketa kasu, edo ustelkeria-.

Jardunaldian matrikulatzeko epea jada zabalik dago, 25 euroren truke, EHUko Udako Ikastaroen webgunean (www. uik.eus).

HOGEITIK GORA

Mundu mailako biltzarrak hogei aditu baino gehiago jasoko ditu -lerro hauen alboan dago parte-hartzaileen kartela-, euskaldunak zein munduko bazter ezberdinetakoak. Joan den urtean online egin zen ikastaroa eta, orduan plazaratu ziren ideia batzuk oinarri hartuta, aurten aurrez aurre egiteko hautua egin dute. Horrek beste magnitude bat ematen diolakoan daude antolatzaileak. Ekainaren 28an eta 29an, goizez zein arratsaldez izango dira hitzaldiak, Miramar Jauregian.