GARA
GASTEIZ

Zelaia eta Barbadoren aurkako lau urteko kartzela zigorra arbuiatu du Sarek

«Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen jarraitzen du ‘terrorismoaren’ aitzakiapean», adierazi zuen Sarek, Auzitegi Gorenak Aitor Zelaiaren eta Galder Barbadoren aurkako zigorra berretsi ostean. Plataformaren ustez, horrelako epaileek ez dute lekurik «espetxeen arazoari aterabidea» ematen ari zaion honetan.

Galder Barbado eta Aitor Zelaia, artxiboko irudi batean.
Galder Barbado eta Aitor Zelaia, artxiboko irudi batean. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Sarek Auzitegi Gorenak Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren aurkako zigorra berretsi izana salatu zuen atzo. Auzitegi Nazional espainolak ezarri zien lau urteko kartzela zigorrari oniritzia eman zion Gorenak. «Atzera garamatzan sententzia da Galder eta Aitorri ezarritakoa, salbuespeneko politika atzean uzten ari garen garaiotan guztiz zentzugabea», zioen Sarek.

Atzo igorritako oharrean, gogora ekarri zuten «ETAk jarduera armatuari amaiera emateko erabakia hartu zuenetik 12 urte igaro diren arren, eta desegin zenetik bost urte igaro diren arren», badirela «etengabeko gatazkari eusten saiatzen direnak».

«Espainiar justiziak oraindik ere lekuz kanpo dauden zigorrak ezartzen jarraitzen du ‘terrorismoaren’ aitzakiapean», adierazi zuen Sarek.

Horrez gain, nabarmendu zuen bai Zelaiak bai Barbadok «epailearen aurrean indarkeriarik gabeko estrategiarekin bat egiten dutela argi adierazi arren, eta froga irmorik gabeko epaiketa baten ostean, mendeku tresna gisa erabilitako justizia» dela hau. «Espetxeen problematikari aterabidea eman eta sufrimendu guztiekin amaitzearen alde urratsak egiten ari garen honetan, honelako epaiek ez dute lekurik. Presondegiak betetzeak ez du inolako kabidarik elkarbizitzarako eta bakerako bidean», adierazi zuen Sarek.

Epai berri honen aurrean, mobilizazio deialdiekin bat egiteaz gain, Sarek «bakearen, bizikidetzaren eta konponbidearen alde lanean jarraitzeko borondatea» berretsi zuen. «Hori baita euskal gizartearen gehiengo zabalak guztioi eskatzen diguna», nabarmendu zuen.