GARA
BILBO

ELAk baliabide gehiago galdegin dizkio Hezkuntza sailari

ELAko Hezkuntza Publikoko ordezkariek elkarretaratzea egin zuten atzo, baliabide gehiago eta behin-behinekotasuna eta lan kargak txikiagotu daitezen eskatzeko. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean mobilizatu ziren.

Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenen harira egin zuten elkarretaratzea. Izan ere, honek adierazi zuen hezkuntza publikoko behin-behinekotasuna %11n geratuko dela egonkortze prozesuen ostean, baina bestelakoa da ELAk dauzkan datuek agerian uzten duten egoera: «Behin-behinekotasuna %30 baino handiagoa izango da».

Sektoreko behin-behinekotasuna %40 baino handiagoa dela salatu zuen sindikatuak, eta nabarmendu zuenez, «orain dela bi ikasturte abian jarritako egonkortze prozesuek ez dute behin-behinekotasuna %8ra mugatuko».

Azaldu zuten orotara 32.000 langile inguruk lan egiten dutela unibertsitatez kanpoko hezkuntza publikoan, eta horietatik 15.000 baino gehiago direla behin-behinekoak.

Egonkortze prozesuetan 5.000 lanpostu baino gutxiago eskaini dira eta, horrenbestez, %30eko langan jarraituko du behin-behinekotasunak, ELA sindikatuaren datuen arabera.