Iker GURRUTXAGA
DONOSTIA
Elkarrizketa
Jon Basaguren
Izaki Gardenak taldeko kidea

«Ausartu gara egiten ez genituen gauzekin, eta oso natural gelditu zaigu»

Soinu berriak esploratu ondoren, Izaki Gardenak taldeak ‘‘Orube’’ diskoa argitaratu du. Estatu Batuetako erreferentziak alde batera utzi nahian, 80ko hamarkadako ezaugarriak berreskuratu dituzte. Lehenbiziko kontzertua ostiralean eman zuten Hendaian. Gaur Abadiñoko Amaraun Arte Fabrikan joko dute, publikoarengandik gertu.

(Libe KORTAZAR)

 

Diskoa aterata, beste era batera, ezta?

Luzea egin zait. Denbora generaman lozorroan; beraz, aprobetxatu dugu jendeari abisatzen ibiltzeko bagentozela, ez esnatzeko bat-batean, kantak ateratzen. Orain bai, orain diskoa, lan osoa, goitik behera, kalean da.

«Joan naiz» deitzen da lehenengo kantua. Hondakin espaziala aipatzen da. Hitz hori presente zeneukan aurretik edo kantuak berak eraman zaitu bide horretatik?

Hori hitzetik dator. David Bowieren ‘‘Starman’’-en giroa da. Hori nahi nuen. Asko gustatzen zitzaidan irudia, gauetan zeruan ikusten ditugun argi horiek, berez ez daudenak hor baina argia bidaltzen segitzen dutenak. Metafora horrekin kanta bat egin nahi nuen, eta, gero kanta girotzeko, horrelako gitarra soinu espaziala.

Bigarren kantua single moduan etorri zen, «Zauriei miazka». Hasieratik entzun behar da. A zer introa duen! Biniloan etorriko da eta lehenbiziko hiru kantuak segidan entzun behar dira, lotuta daude.

Bai, ideia horrekin eginda daude bukaerak, hasierak eta giroak. Akordeek eta notek ere kointziditu behar zuten. Buruhausteak ekartzen dituzte, baina norbaitek behintzat baloratzen badu, bikain.

Ideia 80ko hamarkadako erreferentziak ziren. Gitarra soinuan delay-a du, eta errepikapenekin jokatuz The Age ematen du, baina guay dago. Orain arte ez nekien hori Izaki Gardenaken kanta batean egon zitekeenik; deskubrimendu bat izan da, oso dibertigarria.

Lehenbiziko esaldia: «Dena aldatu, guztiak berdin jarraitzeko». Esaldi batean kantua laburbiltzen duzu.

Izaki Gardenakek sei urte eman ditu diskoa atera gabe, eta sentsazioa dut dena aldatu dela, baita musikaren panoraman ere, baina denak berdin jarraitzen duela.

Nahasketan elementuen kokapenarekin obsesio puntu batera iritsi daiteke?

Raul Perezekin grabatu dugu, ‘‘Dena Oskol’’ bezala. Pila bat gustatzen zaizkit hartzen dituen erabakiak, zer erraz hartzen dituen, niri asko kostatzen zaidalako. Bidaltzen didanak beti ikusten dut zentzua duela. Orduan, bere esku uzten dut nahasketa. Gero gauzaren bat aldatu daiteke, baina normalean asmatu egiten du.

Aurreneko entzunaldian konturatzen ez zaren horietakoak daude. Kanturen batean gehiago nabaritzen da. «Zauriei miazka»-ko bukaerako teklatua ere berezia da.

Hori Liberen kontua da. Kanta bukatzen zen hor, eta hori jotzen hasi zen, okurritu zitzaion. Eta grabatu eta outro bezala utziko genuela esan genuen. Ausartu gara Izaki Gardenakekin egiten ez genuen gauza asko egiten, eta oso natural gelditu zaigu. Lokalean pare bat entsegu egin ditugu, eta zati hori jotzen duenean abesten hasten gara, kantaren onena da.

Gero «Jauzi bitartean» dator. Eta kantu oso bete bat da konparazioan. Nahasketan baxuari toki bat ematen zaio. Ondoren gitarren ekaitz soniko bat egiten duzue.

Landu nahi nuen beste estilo bat zen, shoegaze deitzen zaiona. Super lodiak ez diren gitarra horiek baina atmosfera izugarri bat sortzen dutenak. Kantu honi ondo joan ahal zitzaiola iruditzen zitzaigun bigarren parte horretan, hasieran gitarra eta ahotsa delako, chorus efektua duen gitarra. Kanta honetan bereziki nahasketa oso garrantzitsua zen, elementu pila bat dituelako. Eraman genuen maketan landuta zegoen baina gauza asko genituen.

Ekoizpen puntu bat badago estudioan. Baina hortik aparte, zuek aurre ekoizpenean ekoizleen paperean jarri izan zarete.

Bai, gero estudioan bost egun egon ginelako. Raul Perezek soinuak eta gitarrak aukeratu zituen, hori bai, baina kantuen egiturak, armoniak eta arregloak gure esku egon dira. Orduan aldez aurretik sekulako ekoizpena egin genuen, bakoitzak bere etxean eta gero elkarrekin, abestiei bueltak emanez.

Bost izen ikusi ditut. Boskotean joan zarete estudiora? Zu, Joseba Baleztena, Libe, Dani Arrizabalaga eta Danilo Foronda?

Danilok ezin izan zuen estudiora joan. Haren baxuak Gasteizen grabatu genituen, Ander Sevillak aurre ekoizpenean lagunduta.

Lokalean sartzerakoan eta erabakiak hartzerakoan, taldean gidaritza hori eramatea nolakoa da zuretzat?

Nahiko asumituta dugu nik eta beraiek ere. Berez kanta hauek etxetik nahiko itxita eraman ditut: baterien erritmoak, egiturak... hori guztia nire esku. Behin hori edukita, taldekideak horren gainean ekarpenak egiten joan dira. Buru hain irekiarekin joan naizenez, uste dut dena sartu dela. Beraiei gustatzen bazaie, konfiantza dut. Badakit ez didatela bidaliko burutik pasatzen zaien lehenengo gauza. Zerbait bidali badidate, niri ondo sartu bazait eta beraiek hori ondo ikusten badute, aurrera. Irekia izan naiz zentzu horretan.

«Jauzi bitartean»-en hitzak krudelak dira. Gerra eta miseriaren kontrako kantua.

Segur aski estrofak dira. Ikusten dena da ere, gerrak, desastreak... eta gero gizarte barruko gertakari pila bat izan daitezkeenak horren ingurukoak. Erorketa baten kronika dela ematen du, baina pila bat gustatzen zitzaidan argi-izpia dago, jausi artean kantatu daitekeen zerbait egitea. Munduan eta azpiko kale honetan denetarik gertatzen ari da, eta ni kantak egiten ari naiz nire etxean. Ari naiz jausi bitartean egin daitekeen zerbait egiten.

«Orube» dator segidan, diskoari izena ematen diona. Lurra ere agertzen den elementua da. Zergatik eraman duzu tituluraino?

Titulua atera zitzaidan lehenengoa izan zen, kantak baino lehen, musika baino lehen. Kontzeptu hori, orubearena, buruan neukan, eta ‘Dena aldatu da’ jarraitzeko zen. Baina zaila egiten zitzaidan Izaki Gardenakentzat toki bat aurkitzea, orain panorama dagoen bezala egonda, zentzu askotan. Esposizioagatik, sare sozialengatik.. ez naiz sentitzen batere eroso joko horretan; eta ez naiz sartuko, baina ematen du hor egon behar duzula, bestela ez zaudelako, eta mila gauzatan egon behar duzula, etxean kantak egiten edo zuzenean jotzen egon beharrean. Prezio hori ordaintzeko ez nago prest. Eta ideia zen orube bat, leku bat bilatzea proiektu hau eraikitzeko eta inguratzen zaituen jendearekin gustura egoteko eta, batez ere, gero ohera sartu eta gustura lo egiteko. Hori eta askatasuna aldarrikatzeko modua da ‘Orube’ren kontzeptua. Eraikita ez dagoen leku bat eta zuk eraiki behar duzuna.

Asko gustatzen zait esaten duzula «egiazko leku bat izatea». Gaur egun egiazkotasuna duen proiektu bat aurkitzea kostatu egiten da.

Ni neure buruaz ari naiz. Jende askorentzat oso naturala da Instagramen aritzea. Niretzat ez. Deskubritu dut, badakit erabiltzen eta erabiltzen dut, baina ez dit onik egiten. Oso neutro erabiltzen dut.

«Baimen gabe» kantuaren hasiera entzunda, western bat iradokitzen du.

Zalantzarik gabe. Spaghetti western ukitua dauka, baina espaziala ere. Niri iruditzen zait egin dudan kantarik onena. Gauza pila bat ditu, Liberen ahotsa ere bai. Bere momentua du, perfekto sartzen da, hor behar zuen. Gero ni sartzen naiz grabeak egiten. Eta bukaerako speech-arekin gustura geratu nintzen, eta hor eta kantu guztian botatzen ditudanak...

«Bizi lehertu arte» esaldiarekin geratu naiz.

Gero eta gertuago ikusten duzu, edo gertukoengan ikusten duzu, super urruna izango zela ematen zuena. Eta horri ere kantaren bat egin behar zaio, edo nik gogoa neukan ateratzeko eta bizimoduari buruz gauza batzuk esateko.

«Galdua»-n, berriz, «chorus» berezi bat badago, 80etakoa era berean.

Gitarra akustikoa normal ez uzteko da. Musikariak aske utzi ditut, baina esan nien gauza bakarra izan zen Estatu Batuetatik ihes egin behar genuela eraginari dagokionez. Horrek country-a kentzen dizu, baina asko jo dugu The Cure taldearen soinuak hartzera eta aztertzera, baita The Smiths ere. Gitarra garbiak, akustikoak, saiatu gara ez sartzen eta beste paisaia bat marrazteko soinu bat bilatzen. Bestea eginda dugu.